Eneko Goia Donostiako alkateak bandera arrosa ez jartzeko eskatu dio Portuko Agintaritzari, Donibaneko traineruen zaleek adierazi dutenez.

Bandera erraldoia, iazko Kontxan. Argazkia: Josu Z.
Eneko Goia Donostiako alkateak, igandean, Kontxako estropaden bigarren jardunaldian, Santa Klara uhartean bandera arrosa ez jartzeko eskatu dio Portuko Agintaritzari, Donibaneko traineruen zaleek adierazi dutenez.
Azken orduetan sare sozialen bitartez zabaltzen ari da albiste hau. Eneko Goia Donostiako alkateak Portuko Agintaritzari eskatu dio igande honetan irlan jartzen den bandera arrosa ez jartzeko. Zaleek, amorratuta, igande honetan irlan banderarik ez dela ikusiko aurreratu dute. San Juan-Koxtape Arraun Elkarteak ere sorpresa hartu du, eta
sare sozialen bitartez zabaldu nahi izan du.
Goiak
twitter bitartez erantzun du guztion segurtasuna bermatzeko hartutako erabakia izan dela. “Irako itsasargiko egitura zaharkituta dagoela esan digute adituek eta arriskutsua izan daiteke jende asko pilatzea”. Portuko Agintarizarekin hitz egin ondoren, bertara igotzea debekatu diote edonori. Era berean, zaleak beste aldean egoteko aukera dutela esan du: “Traineru guztietako bandera eta koloreek lekua dute hirian estropada egunean, baina guztion segurtasuna bermatuz”.
Sanjuandarrek beti izan dute arraunarekiko lotura eta afizioa. Duela zazpi urte hasi ziren
Marea Arroxa izenpean mugitzen. Kontxako estropadetan, bereziki, Donostiara herri guztia batera joateko deialdia egiten dute eta kolore arrosa nabarmentzen dute. Marea Arroxak paseo berria eta arrapala hartzen duen bitartean, badira urtero beste aldera jauzi egiten duten herritarrak. Zale batek aipatu duenez, zazpi urte dira ere lehen aldiz bandera erraldoia Santa Klara uhartean eskegi zela.