Oreretako 4ak Askatu plataformak Elkartasun Eguna egingo du bihar. Iruñean atxilotutako lau lagunen auzia lehen lerrora eraman eta elkartasuna bizirik mantentzea dute helburu.
Oreretako 4ak Askatu plataformako kideak.
Berrehun egun, sei hilabete baino gehiago bete dira lau gazte oreretarrak atxilotu zituztenetik Iruñean. Horietatik hiru Iruñeko espetxean daude, eta laugarrena, adin txikikoa, aske baina auziperatua dago.
Iruñeko gertaerak terrorismotzat jo zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta halako legedia ezarri diete. Joan den martxoaren 11z geroztik, bizitza etenda dute Endikak, Rubenek eta Asierrek. Epaitegi baten menpe dago beren eta adin txikiko gazte oreretarraren oraina, baita etorkizuna ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku zehazki. Errenteria-Oreretako eragile, alderdi eta norbanako ugarik eskatu dute terrorismo kalifikazioa kendu, gazteak askatu eta ohiko epaitegi batek epaitzea auzia. Eskaera horri muzin egin diote momentuz, eta akusazioa mantendu dute.
Elkartasuna hauspotu
Berrehun egun bete direnean, lau gazteen egoera gizarteratu eta haiekiko elkartasuna hauspotu nahi du Oreretako 4ak Askatu plataformak. Gazteen alde mobilizazio, iniziatiba, adierazpen ugari izan direla diote, eta urte erdia beteta, horrela mantendu nahi dute haiekiko sostengua, «bizirik». Horretarako Elkartasun Eguna antolatu dute biharko Errenteria-Oreretan.
Helburua, lau gazteei, eta bereziki espetxean diren hirurei elkartasuna helaraztea dute. Baita ere gaia bizirik mantentzea herriko kaleetan, jendartean ere: «Hasiera batean jende ugari mobilizatu zen gazteen inguruan, gaia pil-pilean zegoen, kalean, komunikabideetan, baina plataformako kideek uste dugu oraindik ere mobilizazio handiagoa lor daitekeela. Hori dugu helburua elkartasun egunarekin. Hori eta lau gazteei elkartasuna adieraztea eta egoera gizarteratzea. Berriz ere lehen planoan jarri nahi dugu lau gazteen egoera».
Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta eskaintza anitza mosaikotik hasi, hitzaldietatik pasa, eta falta ezin zuen musika kontzertuekin amaitzeko. Mosaikoarekin hasiko dute elkartasun jardunaldia. Koldo Mitxelena plazan O4 aske leloa osatu nahi dute, Oreretako lau gazteen askatasuna aldarrikatzeko.
Hitzaldiak, arratsaldean
Halere, arratsaldean helduko dira, antolatzaileek, jardunaldiaren «muina» gisa identifikatu dutena: hitzaldiak. Horien bidez, egunerokotasun osoa duten gaiak jarriko dituzte mahai gainean. Ezagunak guztiak, eta askotarikoak. Besteak beste, Aitzol Gogorza, larri gaixo dagoen herriko presoaren gaineko hitzaldia antolatu dute. Haren medikuak kontatuko die bertaratzen direnei zein den Gogorzaren egoera lehen eskutik.
Madalenetan manifestaziora deitu zuten plataformakoek.
Hamazazpi urteko kartzela zigorra eskatu dieten Bartzelonako antifaxisten auziari ere egingo diote tarte hitzaldien artean, baita urtarrilaren 27an atxilotutako internazionalisten gaiari ere. Indar Gorriren —Osasunaren jarraitzaile taldearen— kasua eta Altsasuko Gazte Mugimenduaren hitzaldiarekin osatuko dute saioa.
Hitzaldien bidez, hausnarketarako tartea zabaldu nahi dutela diote plataformako kideek: «Horien bidez, konparaketa egin nahi genuen Oreretako eta beste lekuetan emandako kasuen artean, ohartarazteko, azkenean, ez direla Oreretako 4ak bakarrak, ez direla lehenak, ezta zoritxarrez azkenak ere izango estatuaren errepresioa jasotzen. Ikustarazi nahi dugu gure herrian eta inguruan ere, jende ugari dagoela modu batean edo bestean errepresioa jasaten». Hitzaldi guztiak Reina aretoan izango dira. Elkartasun Eguna biribiltzeko musika kontzertuak eskainiko dituzte, eta horiek amaituta, musikak jarraituko du oraindik gaztetxean, baina bazkariak ere izango du tartea. Mahaiaren bueltan bilduko dira Agirre Lehendakariaren plazan eta bertaratzeko plataformaren Facebook kontuaren bidez edo
posta elektronikora idatzita lor ditzakete bazkarirako sarrerak interesdunek.
Indar metaketa
Espetxean daramaten 200 egunak baloratu dituzte. Gazteen aurka «estatuek errepresioa» erabiltzen jarraituko dutela argi dute. «Atxilotu zituztenetik erantzun dugu, lana egin dugu, nahikoa? Ez dakigu, baina egin dugu, eta jarraitzen dugu egiten, baita jarraituko ere, etxean izan arte».
Oreretako 4ak Askatu plataforma lau gazte oreretarrak atxilotu eta bi egunera sortu zuten: «Herriko gazteen inguruan indar metaketa bat emateko sortu genuen plataforma. Militantzia esparru ezberdinetako jendea, ideologia bera ez genuen jendea, batzeko batzar bat egitea erabaki genuen, gutxieneko batzuk zehaztuta, ekiteko minimo batzuk, eta gutxieneko politiko edo ideologikoak elkarlanean aritzeko. Hasieran oso plataforma aktiboa izan zen».
Orduan, hiru gazteak espetxera bidaliko zituztenik inork ez zuela uste diote, «are gutxiago terrorismo akusaziopean». Batzarrak egunero izaten ziren 19:00etan, elkarretaratzea berriz, hilabetero. Plataforma herriko gazteek osatzen dute.
Gazte guztiengana heldu
Egun lan talde bat dago, «talde motor» gisa funtzionatzen duena, «beti saiatzen gara herriko gazte guztiei deialdia zabaltzen, jende gehiago etor dadin, baina ez da erraza izaten». Oreretako 4ak Askatu plataforma beharrezkoa den zalantzarik ez dute, «gazte talde eta kolektiboetara heltzeko, gaztetxeetara iristeko».
Atxiloketa eta espetxeratzearen atzean «muntaia poliziala» dagoela uste dute, «muntai mediatiko-polizial batek eraman ditu espetxera Ruben, Asier eta Endika». Komunikabide batzuen jarrera ere salatu dute, «estatuak bere ekintzei legitimitate bat ematea bilatzen du, eta horretan lagungarri dituzte hainbat komunikabide. Gure lagunen kasuan astakeriak esan dituzte».
Pltaformaren lehenengo elkarretaratzea.
Eguneroko martxa eten diete Asier, Endika eta Rubeni martxoaren 11z geroztik. Lana, ikasketak eta Errenteria-Oreretan egiten zuten lan soziala ere etenda dute. Besteak beste, Oreretako langileen elikadura banku solidarioan ari zirela nabarmendu dute, «langileriari edota gazteei eragiten dieten arazoekin konpromiso soziala dute. Langile klasearen esparruan aritu dira sozialki lanean».
Herritarrak bereziki, baina inguruetako, zein urrutiagotik heldu daitekeen jendea bihar Elkartasun Egunean parte hartzera deitu dute: «Jardunaldiekin bat egin eta inplikatzera gonbidatu nahi ditugu. Hitzaldiak oso interesgarriak dira. Egitarau zabal eta anitza prestatu dugu, edozeinek bere tartea aurki dezan. Elkartasuna adieraztea da Elkartasun Egunean parte hartzea kontzienteki, eta erakustea martxoaren 11n manifestazio batera joan ziren herriko hiru gazte falta direla, ez zirela etxera itzuli. Sei hilabetetik gora daramate beren etxeetatik, familietatik, gertukoengandik urruti, espetxean. Hori gutxi balitz, muntaia baten ondorio da guztia, eta komunikabide batzuetan haien gaineko gezurrak botatzen ari dira. Jende xumeak, langileok halako egoerak desmuntatzeko daukagun erreminta bakarra, halako jardunaldiak antolatzea da».
Endika, Ruben eta Asier espetxera eraman dituen «egitura erraldoiaren aldetik ezer ere ez» espero ez dutela erantsi dute. «Herria dugu erreminta bakarra, gure arteko elkartasuna. Horregatik, herriko zein inguruetako jendea deitzen dugu Elkartasun Egunera hurbil daitezen, beste pertsonekin solidarioak izan diren hiru gazte hauei elkartasuna adieraztera».
Nafarroatik Espainiako Auzitegi Nazionalera
Martxoaren 11n Errepresioari Autodefentsa dinamikak manifestaziora deitu zuen Iruñean. Liskarrak izan ziren, alde zaharrean, eta Oreretako lau gazteak atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Horietako bat, adin txikikoa atxilotu eta ordu gutxira askatu zuten. Beste hiru gazteak, berriz, bi egunera epailearen aurrera eraman eta espetxeratzeko agindua eman zuen, desordena publikoa eta terrorismo delituak egotzita.
Auzia Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku uztea erabaki zuen gainera.
Carmen Lamela epaileak, autoa kaleratu zuen martxoaren 27an, auzia berak hartuko zuela azaltzeko. Argudiatu zuen Iruñean egindako protestak «bake publikoa hondatzea» zuela helburu, «ordena konstituzionala nahastea». Gazteen defentsak helegitea aurkeztu zuen eta Nafarroako Lurralde Auzitegiak partzialki onartu zuen. Desordena publikotzat jo zituen istiluak apirilaren 12an.
Lamelak berretsi egin zuen, ordea, terrorismo delitua zela, eta bertan behera utzi zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiaren erabakia.
Iruñeko Auzitegiaren eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren artean eskumen gatazka sortu, eta Gorenak, azkenik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio auzitegiaren esku utzi zuen auzia.
Egitaraua
- 12:00. Mosaikoa egingo dute Koldo Mitxelena plazan. O4 aske leloa osatuko dute Oreretako lau gazteen askatasuna aldarrikatzeko.
- 14:30. Herri bazkaria. Izena emateko Oreretako 4ak Askaturen Facebook bidez, edota posta elektronikoan.
- 17:00. Hitzaldiak Reina aretoan. Bertan Aitzol Gogorza larri gaixorik dagoen euskal presoaren egoeraz; hamazazpi urteko kartzela zigorra eskatu dieten Bartzelonako antifaxisten auziaz; urtarrilaren 27an atxilotutako internazionalisten auziaz; Indar Gorri, Osasunaren jarraitzaileen kasuaz; eta Altsasuko Gazte Mugimenduaren gainean mintzatuko dira.
- 22:00. kontzertua gaztetxean, Aski Da, Yakolev 42 eta Habemus Papam taldeekin. Ondoren musika gehiago.