Oarsoarrak komunitatearekin edonork bat egin dezake. Baldintza bakarra bete behar dute herritarrek: euskaraz bizi nahi izatea.
Joan den astean aurkeztu zuten komunitatea.
Oarsoarrak Euskararen Komunitatea abian da. Eskualdean euskaraz biziko den, euskararen aldeko apustua egingo duten gizon-emakumeen komunitatea sortzea da helburua, saretzea euskararen inguruan, bakoitza bere errealitate edo ahalmenetik abiatuta. Zabala eta irekia izan nahi du, bai adin tarte jatorri eta esparruari dagokionez, guztiek dute tokia komunitatean. Errenteria-Oreretak, Pasaiak, Lezok eta Oiartzunek behar dute komunitatea, Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuak —bertan ordezkaritza dute lau udalerriek— eskura jarri ditu horrekin bat egiteko beharrezkoak diren baliabideak. Gainontzekoa, herritarren esku dago.
Euskararen alde eragitea. Hori da komunitateko kide izatearen baldintza bakarra: familian, lagunartean, kalean, lanean, erosketetan… Bizitzeko moduan euskararen eragile ere izatea, euskaraz bizitzeko borondate irmoa izatea.
Joan den astean aurkeztu zuten egitasmoa Errenteria-Oreretan. Nora Barroso errenteriarrak eta Agustina Pontesta lezoarrak eman zituzten xehetasunak. Baita komunitatearen leloaren berri eman ere:
Bat eta bat ez gara bi. Izan ere, komunitatearekin bat egingo duen kide bakoitzak, beste bat erakartzea bilatzen dute.
Termometroa, eta mosaikoa
Komunitatearekin bat egiteko
webgunea dute abian. Bertan, uneoro, atxikimenduen kopurua nola doan jakingo du nahi duenak. Eta hori handitzeko, jakina, norberak izena eman behar du, idatziz, beteko duen konpromiso bat adierazita (besteak beste, argazkia ere jarri behar da formularioan).
Formularioa irekia da, kideak gehitzeko aukera du partaide bakoitzak, familiako kideak esaterako —adingabeen kasuan lege oharra dago, horien argazkien erabilera baimenduz—. Edo lagunak ere gehi daitezke, euren posta elektronikoak jarriz; ondoren, posta elektroniko horietara komunitatearen partaide izateko gonbita jasoko dute.
Eta behin argazkiak igota, mosaiko erraldoi baten zati izango da pertsona/argazki hori. Euskaraz bizitzeko hautua egin duen komunitate baten kide.
Jada ari da kideak jasotzen Oarsoarrak Euskararen Komunitatea. Handitzeko irrikaz dago.