75 urte Xanti Zabala ‘Lexo’ bertsolaria jaio zela

xanti.zabala.lexo

Xanti Zabala ‘Lexo’.

Lexo baserrian jaio zen Xanti Zabala bertsolaria. Baserriaren izena, goitizen bihurtu zen harentzat, Xanti Zabala Lexo. Baita nongoa zen jakinarazteko bide ere. Gaur, urriak 4, 75 urte bete dira jaio zela. 2012ko martxoaren 21ean hil zen lezoarra.

Horren harira, Agustina Pontesta Garmendia lezoarrak idatzia egin du, Lexoren oroimena jendartean zabaltzeko. Honakoa da, hitzez hitz, Pontestak egindakoa:

“Udazken hasieran hots, urriaren 4an duela 75 urte munduratu zen Xanti Zabala Urdangarin Lezon, gerora bertsolari munduan Lexo ezizenez ezagunagoa zena, egun Gaintxurizketako biribilgunea dagoen ingurune horretan zegoen izen bereko baserrian. Hamaika senideetako gazteena berau eta bere gaztaroan baserri lanetan ibili bazen ere, gerora industrigintzan aritua. Irunera ezkondu eta bi seme izan zituen, eta azkenik, bertan zendu zen gaixotasun larri baten ondorioz 2012ko martxoaren 21an.

Xanti Zabala Lexo bertso-jartzaile aparta izatez gainera, bertsolari bikaina ere izan zen, egunerokotasunak hunkitu edota bizi arazten zizkionaren araberako gaiak jorratuz, unean-unekoak sortuz, bat-batean zetozkionak eta ziztu bizian botatakoak gehienak, nahiz eta idatziak, landuagoak ere izan bazituen. Bat-batekotasun, lekukotasun horri esker, bere garaiko gizartearen, herriaren argazkia eskainiz eta berak bizitzen zituen une oro sakonki aztertu ondoren, etorkizuna irudikatu ahal izateko kazetariek egin ohi duten gisa. Beraz, izugarria da bere emaria.

Hamahiru bertso-sorta ere baditu Lezo eta lezoarrei buruz eginak, Udaberriz liburuan [2013ko martxoan aurkeztu zuten. Hemen ekitaldi horren audioa] agertzen direnak nahiz eta badakigun herriko edozein ekitalditan une berean botatakoak jaso gabeak ere izango direla baina hona hemen aipaturikoak;

  • 1.- Lezoko taldean antzerkigile zenekoa; 2.- Pildain gotzainari; 3.- Agur, Patxi;
  • 4.- Lezoko herritik dator notizia; 5.- Agurra : 6.- Geurea geuk egin ; 7.- Tabikes ;
  • 8.- Tomas Garbizu; 9.- Artea eta artistak; 10.- Herriak badaki eskertzen;
  • 11.- Don Ramon, herriko apaiza; 12.- Etxea ez dago zutik;
  • 13.- Allerru dantza-taldearen epistola Lexoren (li)burutik

Erabili zituen gaiak asko izan ziren. Euskal Herriaren egoerak kezkatzen zuenez euskara, langileria, injustizia, askatasuna, gizakia,.. dena zuen kantu gai. Bere bertsogintzaren sakontasunean bertsolari fin, sentibera, zorrotz, zintzo eta prestuaren izaera nabarmenduz.

Bihoakio beraz, udazkeneko fruiturik nagusienaren metaforaz egin zuen bertso dotore bezain sakon hau urtebetetze egun honetan oroigarri gisa.

Ustelduz goxatutzen den

fruitua da mizpira.

Gainerako denak doaz

zabortegi saskira.

Geure burua ta bestez

nahi badugu aixkira,

behar duenari eman

laguntza, ez azpira.

Bide horrek garamatza

zeruko mahastira.

Eta zerurik ez balitz,

on egina aski da. (Lexo)”

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend