Langileen babesa jaso dute Iruñean atxilotutako gazteek

Oreretakolauak sindikatuak

Hilaren 11n mobilizatzeko deia luzatu dute sindikatuek

ELA, LAB, CCOO, ESK, CGT eta Steilas sindikatuetako Oarsoaldeko eta Bidasoko ordezkariek euren babes osoa azaldu diete martxoaren 11n Iruñean atxilotu zituzten lau gazte oreretarrei. Agerraldia egin dute gaur eguerdian Errenteriako Foru plazako aterpean, eta gazteen behin behineko askatasuna eskatu dute, eta Nafarroan epaituak izan daitezela exijitu.

Bildutakoek gogorarazi dutenez, berrehun egun bete dira “herriko lau gazteren etorkizuna eten zenetik, 200 egun gazteen eta ingurukoen bizitzak hankaz gora jarri zirenetik”. Errugabetasun presuntziorik gabe atxilotuak daudela salatu dute indar sindikalek, eta Espainiako Auzitegi Gorenak “mobilizazio liskartsu batean parte hartzea terrorismotzat” jo izana gaitzetsi dute, “horrek dakarren guztiagatik, Auzitegi Nazionalean epaituak izatea, dispertsioa aplikatzeko arriskua, gazteen etorkizuna moztea”.

Sei sindikatuen iritziz, “basakeria” da Oreretako 4ak pairatzen ari direna, leporatzen zaiena ez litzatekeelako terrorismotzat joko Espainiako Estatutik kanpora. “Gazte hauek ez dira terroristak”, adierazi dute gaurko agerraldian.

Horregatik guztiagatik, gazteei eta euren lagun eta familiei langileriaren babesa agertzeko elkartu dira eskualdeko indar sindikalak, eta hilaren 11n mobilizatzeko deia luzatu dute. Egun horretan zazpi hilabeteko espetxealdia beteko dute gazteek, eta “atxilotuen berehalako askatzea, terrorismo kalifikazioa ezabatzea eta gertaerak Nafarroan epai daitezela” exijituko dute kalean. Herriko plazan jarri dute hitzordua, hilaren 11ren arratsaldeko zazpietan.

Horrez gain, gaurko agerraldian agertutako konpromisoa bi eskualdeetako ahalik eta enpresa gehienetara zabaltzeko borondatea azaldu dute sei sindikatuetako ordezkariek.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend