Tasa eta zerga izoztea herritarrei presio fiskala gutxitzeko neurritzat aurkeztu du udal gobernu taldeak. Urriko udalbatzarrean aztertuko dute proposamena.
Herritarren presio fiskala baretzeko neurritzat eman du izoztea gobernu taldeak.
“Herritarren gaineko presio fiskala baretzeko, betiere gastu eta diru sarreren arteko oreka mantenduz eta bermatuz”, Lezoko Udaleko udal gobernu taldeak ordenantza fiskalen proposamena lantzerakoan, 2018erako tasa eta zergak izoztea proposatu du, hau da, igoerarik ez izatea.
Gobernu taldeak oposizioari aurkeztu dio jada proposamena. Urriko ezohiko udalbatzarrean hori onartzea espero du. Badago salbuespen bat, ordea: kiroldegiko sarreraren prezioak igoera izango du, tarifen eguneraketa bat dela eta.
Xehetasunetan sartuta, hondakinetan, gobernu taldeak esan du ez duela hobari politikarik momentuz proposatuko, “ezarri berri den sistema egonkortua egotea” beharrezkotzat eman duelako. Baina aurreratu du horiek ezartzeko asmoa duela sistema era egokian erabiltzen duten herritarren artean.
Bestelako zerga potoloetan, hau da, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan; Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren Gaineko Zergan,; Jarduera Ekonomikoaren Gaineko Zergan, edo Zirkulazio Zergan, beraz, ez da aldaketarik izango udal gobernuaren proposamena aurrera ateratzen bada.