Ziurgabetasun betean
Babesa jasotzen jarraitzen du Etorkizunaren Alde plataformak, Oreretako hiru gazteak espetxeratu zituztela zazpi hilabete bete direnean. Gurasoek «ziurgabetasunez» bizi dute «desproportzio» gisa definitzen duten egoera.
Alderdiek ere aitortu dute injustizia handia dagoela gure semeen auziaren atzean» Ricardo Iglesias Gurasoa «Garrantzitsuena, zigor kodearen aldaketa lortzea litzateke» Anabel Barcena GurasoaZiurgabetasun horri aurre egiten eta indarra hartzen lagundu die jasotzen ari diren babesak. Argi mintzo da Iglesias, «eskertuta gaude oso. Hasieran, bakardade sentsazioa izan genuen. Jendearen babesa jasotzen hasi ginen, ordea, eta hori sentitzea lagungarria da. Honek guztiak zerbait positiboa badu, jendeak erakusten digun babesa, elkartasuna eta maitasuna da. Hurbildu zaizkigun asko eta asko gurasoak dira. Gure lekuan jarri dira, inork ez duelako bere burua halako egoera batean ikusten, eta edozeini gerta dakiokeela ikusi dutelako gure semeen kasua ikusita». Plataformara bildutako pertsona eta eragile sozialentzat ere esker oneko hitzak izan dituzte, «guraso eta lagunekin batera lagun eta eragile dezente ari dira lanean gu eta gure semeak laguntzeko». Herritarren babesa Etorkizunaren Alde plataformak hileroko 11. egunean antolatzen duen elkarretaratzeetan sumatzen dute, baita egunerokoan ere. Ez da, ordea, jaso duten bakarra, Oarso Bidasoko gehiengo sindikalak [ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT eta CCOO], Errenterian alkate izandako ia guztiek, Eusko Legebiltzarrak eta Gipuzkoako?Batzar Nagusiek ere erakutsi diete atxikimendua. Iglesiasek Julen Mendoza alkatearen inplikazioa nabarmendu du, «jende asko bezala ere gaiaren oso gainean dago, eta eskertzekoa da». Legebiltzarraren babesa Legebiltzarrean zein batzar nagusietan eskaera zehatzak egin zituen Etorkizunaren Alde plataformak: errugabetasun printzipioa errespetatzea; preso diren hiru gazteak aske gera daitezela prozedurak bere bidea egiten duen bitartean; gertaerak ez terrorismotzat jotzea, hortaz, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez epaitzea; eta terrorismo delituei dagokienean zigor kodea aldatzea, «manifestazio batean edo mobilizazio batean gertatutako edozein istilu terrorismotzat ez jo ahal izateko». Eskaera horien gainean zerbait adosteko prest agertu dira EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE. Bideak zer emango duen ez dakitela dio Petrirenak, «Giza Eskubideen Batzordean izan ginen, ikusiko dugu adierazpen bat ateratzen den bertatik. Horrela bada, pentsatzen dugu beste pausu batzuk emateko baliagarri izango dela. Herritarrengan bezala, politikoen artean ohartu gara gaiarekiko sentiberatasuna badagoela eta desproportzio kontzientzia ere». Emaitzak «azkar» behar dituztela dio Iglesiasek, «azkarregi agian, presa dugulako haiek etxera ekartzeko. Alderdi politikoek eta erakundeek, ordea, beren erritmoa dute, denbora behar dute. Babes handia izan da alderdiek bat egitea gure eskaerarekin, alderdiek ere aitortu dutelako injustizia handia dagoela gure semeen auziaren atzean». Urrats bat harago egin du Barcenak alderdien babesaren garrantzia aitortuta, «garrantzitsuena zigor kodearen aldaketa lortzea litzateke. Gure semeak eta Altsasuko gazteak espetxean baldin badaude, 2015ean zigor kodean aldaketa egin zutelako da. 573. artikuluan ez da oso ondo zehazten zer den terrorismoa eta zer ez, lausoa da, eta aukera handia utzi dute zaku handi horretan edozer sartzeko. Artikulu hori aldatzea litzateke garrantzitsua». Bat dator Iglesias: «573. artikulua aldatzea da bidea zentzugabekeria honekin amaitzeko. Politikoek aldatu zuten orduan, eta haiei dagokie orain moldatzea». Horren itxaropena badutela dio Barcenak, «zigor kodearen artikulu hori nola ezartzen den eta zein ondorio dituen ikusita, alderdi politikoak batzen badira, lor dezakegu aldaketa bat, eta hori oso garrantzitsua litzateke, erabat aldatuko lukeelako egoera». Beren semeen egoera aldatzeko beste aukera prozesu «justu eta proportzionatua» izatea da. Orain arte epaitegien ibilbideari erreparatuta, ordea, ez dirudi aukera handiegirik dagoenik horretarako.
Desproportzio handia dago, eta berdintasun printzipioa urratu da» Patxi Petrirena Gurasoa «Lan egiten jarraitzea dagokigu, kasuaren gaineko berri ematen» Marisa Mujika GurasoaAltsasuko auzia desberdina dela aipatu dute, baina antzekotasun handiak dituela beren semeen kasuarekin. Horregatik, hurbiletik jarraitzen dute bertako hamar gazte auziperatuen kasua, «ezberdinak dira bi kasuak, baina neurri batean antzekoak, eta interes eta estutasun handiarekin jarraitzen dugu». Identifikatuta sentitzen direla hainbat gauzetan diote, «baliagarria zaigu, beraz, guk baino eskarmentu gehiago dutelako». Desproportzio handia Argi diote laurek, Iruñean gertatu beharrean, Euskal Herritik kanpo gertatu izan balitz hiru gazteak ez liratekeela espetxean, «ez zen terrorismotzat joko, Euskal Herrian gertatzen direnak beste modu batera neurtzen dira. Berdin Altsasuko auzian. Desproportzio handia dago eta berdintasun printzipioa urratzen da». Etorkizunari begira jartzeko eskatuta, lan egiten jarraitzea dagokiela diote, «gure kasuaren berri ematen jarraituko dugu». Altsasu aipatu du berriz ere Petrirenak, kezkatuta, «auzi horretan zer gertatzen den garrantzitsua izan daiteke. Espero dugu, Altsasukoari, eta gure semeen kasuari konponbide arrazoizko bat emango zaiola. Hori da desio duguna». Hilabete guztietako 11ro elkarretaratzen jarraituko dutela dio Barcenak, «behin-behineko askatasuna eta gertaerak ez terrorismotzat jotzea eskatzen jarraituko dugu Herriko Plazan. Instrukzioa hasi berri da, eta 18 hilabetez luza daiteke. Ez dugu esperantza galduko eta lanean jarraituko dugu». Semea eta haren bi lagunak kalean ahalik eta azkarren ikustea espero du Iglesiasek, «Iruñean epaitzea eskatzen jarraituko dugu, errugabetasun printzipioa aldarrikatzen jarraituko dugu, ez direlako terroristak».