Adinekoen eta ezinduen bizi kalitatea hobetze aldera, garraio zerbitzua eskaintzen ari dira astelehenetik ostiralera
Gema Agirrezabala eta Aitziber Lacambra gidariak; Noemi Arberas zinegotzia eta Behemendiko Juan Kruz Alberdi.
Lezoko Udalak Bidez Bide garraio zerbitzua martxan jarri du. Baserrietako pertsona adinduei edota ezinduei zuzenduta dago, eta behar dituzten oinarrizko zerbitzuetara hurbilduko dituzte, baita egin beharrekoak egin ondoren jaso ere.
Noemi Arberas Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, landa eremuko auzoetan zegoen sakabanaketarekin arduratuta, diagnosia egin zuten. Hala, beraien beharrak identifikatu, eta horietako bat zen garraioarena. “Baserrira iristeko garraio publikorik eta gidatzeko baimenik ez izateak isolamendu arazoak sor ditzake”, gaineratu du. Bidez Bide programarekin hori konpondu nahi dute, eta baserri eremura ez ezik, Altamirara ere zabaldu dute.
Eskualdeko zerbitzua
Zerbitzua eman duen furgoneta Behemendi Landa Garapen Elkarteak jarri du, aldundiaren nekazaritza garapenerako funtsen partiden bitartez. Bidaiak, berriz, Lezoko Udalaren kontu joango dira.
Behemendiko Juan Kruz Alberdik azaldu duenez, Lezoko landa eremua —bereziki— zaharkituta dago, eta zaila dute oinarrizko zerbitzuetara iristea. Horregatik, herriko anbulatoriora, erosketak egitera edo bestelako tokietara joan nahi duenak, badu aukera. Ez da herrira mugatuko: eskualde osorako zerbitzua izango da, eta —adibidez— Lartzabalgo anbulatoriora eramateko balio du.
Zerbitzua erabiltzeko, aldez aurretik deitu behar da 690 76 94 66 telefono zenbakira. Aitziber Lacambra edo Gema Agirrezabala gidariek hartuko dute deia. Astelehenetik ostiralera eskainiko dute zerbitzua, 08:00etatik 13:00etara.
Zerbitzua martxan da maiatzetik, baina gaurko agerraldia aprobetxatu nahi izan dute publizitate gehiago eman eta lezoar gehiagok zerbitzua erabil dezaten.