Euskararen Egunaren harira egitarau zabala prestatu dute eragileek eta udalak elkarlanean. Tartean, AsteBatZuk iniziatiba egingo dute bigarrenez.
Aitzol Perez de San Roman, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen koordinatzailea.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak joan den astean aurkeztu zuen Errenteriako Udala, Xenpelar AEK euskaltegia, Udal Euskaltegia eta Errenteriako Ikastetxeekin batera aurtengo Euskararen Egunaren harira prestatu duten egitarau zabala. AsteBatZuk antolatu dute bigarrenez elkarlanean, hilaren 27tik abenduaren 3ra arte. Pasa den apirilean antolatu zuten lehenengoz eta 600 lagunek hartu zuten parte. Aitzol Perez de San Roman Lau Hazietara Euskaltzaleon Topagunearen koordinatzailea da. Argi dio, “hizkuntz ohiturei astindua eman behar zaie”, eta horretara dator iniziatiba, euskara lehen lerroan jartzera.
Apirilean egin zenuten AsteBatZuk iniziatiba lehenengoz. Zein izan da zuen balorazioa?
Korrikaren bueltan antolatu genuen Korrika Batzordearekin, Xenpelar AEKrekin eta udalarekin elkarlanean. Oso baikorra izan da balorazioa. Beste herrietan ikusitako esperientzi probatu nahi genuen, ikusi nahi genuen herri honetan funtziona zezakeen halako dinamikak, eta erronka izan zen.
Ikustea, lagun mordoak izena eman zutela eta esperientzia ia denak, denak ez esatearren, positiboak izan zirela, ederra izan zen, oso pozik atera ginen esperientzia hartatik. 600 lagunek eman zuten izena, 500 ahobizik eta 100 belarriprestek.
Zazpi hilabete beranduago iniziatiba errepikatuko duzue. Eragile gehiagok egin du bat oraingoan Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearekin.
Aurrekoan udalak lagundu egin zuen, eta aurten parte aktibo izango da. Berri oso ona da hori guretzako. Iniziatiba polita da oso, eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleon Topaguneak datorren urteari begira antolatu duten iniziatibarekin euskalgintza guztia jarri du horretara.
Urte batzuk dira ikastetxeekin elkarlanean hasi ginela Euskararen Egunaren harira. Euskaltegiek ere bat egin dute, eta elkarteek ere parte hartuko dute. Uztartu egin ditugu AsteBatZuk eta Euskararen Eguna. Harreman natural horiek erabilita, asmoa da iniziatiba bera handitzea eta zabaltzea eta eragile gehiagok parte hartzeaz gain, herritar gehiagok ere bat egitea.
Hogei urte bete ditu Euskararen Udal Ordenantzak abiatu zenetik. Bide handia egin dute euskaldunek Errenteria-Oreretan. Zein irakurketa egiten duzue euskara elkartean?
Zaila da irakurketa bakarra egitea eta mezu bakarrean zentratzea. Pausu asko eman dira eta ez dira gutxietsi behar , hezkuntzan eta alfabetatzean egindakoa handia izan da herri honetan. Horren emaitza, gaur egun, 10etik 7k euskara ulertzen dutela da, eta belaunaldi berrietan, gehiengoa D eredutik datorrela eta euskaraz dakiela. Alde horretatik bide handia egin da. Kalean ordea, horrek ez du isla, erabileraz ari gara, eta datuak oso baxuak dira. Pixka bat igo badira ere oso kopuru txikietan ari gara, %14koa da erabilera azken kale neurketan, eta %60-70 bueltan ezagutza. Horrek erakusten du terreno ikaragarria dugula irabazteko, eta euskarak plazan edo kalean presentzia oso txikia daukala.Dinamika honekin horretan laguntzea espero dugu, erabilera sustatzea, eta hizkuntza ohituretan eragitea, kalean nabaritu dadin euskararen presentzia altuagoa.
Zortzikotean, zazpi euskaldun eta euskal hiztuna ez den lagun bat. Ekuazioak beti ematen du gaztelera. Nola apurtu horiek?
Oso ohikoa da gure artean. Ez da oso ohikoa espazio guztietan denek euskara ulertzea. Hori muga edo betoa izan beharrean, formulak bilatzeko modua da planteatzen duguna, euskarari ahal den guztietan eusteko. Ez dakienari ere dakien hori erabiltzeko aukera ematen diogu, eta motibatu ere egin nahi dugu, behar sozial bat, ez inposatua, sustatzen ari garelako.
Zergatik izan behar dute herritarrek ahobizi edo belarriprestak?
Euskararen egoera iraultzeko eta merezi duen eta dagokion presentzia eta prestigioa emateko. Une honetan oso gutxituta dago euskara, ez gutxiengo baten hizkuntza delako, gutxituta dagoelako baizik. Ez dugu nahi euskara Latina izatea, hizkuntza hila izatea. Gure hizkuntza izatea nahi dugu, elkarri ulertzeko, elkarrekin bizitzeko, eta horretarako erabilerari astindua eman behar zaio, eta ahalik eta esparru gehienetan presentzia bermatu.