Gutuna: "Gurseko kontzentrazio eremura bisita"
Gurseko (Okzitania) kontzentrazio eremura bisita egin zuten igandean 50 errenteriarrek. Pikoketa Oarsoaldeko Elkarte Errepublikazaleak, La Ilusion kolektiboak, eta Errenteriako Udalak antolatu zuten bisita.
Sei urtean, 1939 eta 1945 artean, 60.000 lagun baino gehiago izan zituen, tartean, 2.745 euskal herritar. Errenteriarrek ezagutu zuten hurbiletik ofizialki harrera eremua izan behar zuena baina kontzentrazio eremu gisa funtzionatu zuena, zehazki, 38 herritar izan zituzten bertan. Hasiera batean, miliziano eta gudariak giltzaperatu zituzten bertan. Ondoren, judutarrak, ijitoak eta Frantziako agintari kolaborazionistek “jendilaje” izendatutakoak sartu zituzten Gurseko kontzentrazio eremuan. Azken talde horretan, komunistak, bakezaleak, sindikalistak…
Kontzentrazio eremu hartan gertatu zenaren ikerketa lanik garrantzitsuena da Josu Chueca historia irakaslearen Gurs. El campo vasco liburua.
Okzitanian kokatuta, kontzentrazio eremu handia izan zen Gursekoa. 80 hektareako eremuan, 18.000 pertsona hartu zituen aldi berean. Historia liburuetan, baina oso kontzentrazio eremu txikia izan da. Inor gutxik hitz egin du Gurseko kontzentrazio eremuaz mende erdiz, Europako izugarrikeriaren gorakada laburbiltzen badu ere: Gernikaren bonbardaketa Auschwitzeko sarraskiarekin lotzen du. Lasterka eraiki zuten Gurs, 42 egunean, 1936ko Gerrako errefuxiatu errepublikazaleak hartzeko –giltzaperatzeko– . Horiek guztiak azaldu zizkigun bisitan izan ginenoi Josu Chuecak.
Azalpenak entzunda, kontzentrazio eremuaren ondoan dagoen hilerrira joan ginen. Bertan lurperatuta daudenei omenaldi txikia eskaini genien. Garazi Lopez Etxezarreta zinegotzia mintzatu zen lehenik. Gudaz hitz egiten dugunean, frontea, gerra tokia datorkigula burura esan zuen. Garrantzitsua dela ordea, kontuan hartzea, gerrak gizarteari osoki eragiten diola, eta azken hori aztertu eta ezagutzea beharrezkoa dugula. Gursera egindako bisitak erbestearen errealitatea, deserria, eta praktikan kontzentrazio eremu izan zen harrera zentro honetako bizi baldintzen gogortasuna ezagutzeko aukera eman digu.
Encarni Gereño eta Patxi Astibiak hitz egin zuten ondoren, Pikoketa Oarsoaldeko Elkarte Errepublikazalearen izenean. Gursekoa ez dela baso naturala azaldu zuten. Izan ere, 1950. urtean landatu zuten Gurseko lautada estaltzeko, lotsa estaltzeko. Haritz basoa aldatu zuten, ahanztura landatu zuten. Horregatik dute zentzua igandekoa bezalako bisitak, oroitzeko, ez ahazteko.
Txistulariek, agurrak eta bi monolitoen aurrean jarritako lore sortek eman zioten amaiera bisitari.
Jose Manuel Ferradas (Erredakzioan itzulia)