Gutuna: "Elkartasuna eta mugimendua izango garena izateko"
Asko gara gauza asko egiten. “Ikastolen Mugimendua” garela esaten da maiz; nik, nahiago dut horrela deitzea “Ikastolen Elkartea” baino. Dena den, zalantzarik ez dut, biak batera garela: Elkartea eta Mugimendua. Mugitzen den horretatik jaio garelako, Mugimendua. Antolatu garelako, Elkartea. Etengabeko berrikuntzan ari garelako, Mugimendua. Elkarlanetik baino ez dugulako geure burua ulertzen, Elkartea. Sortu gaituen herriari pertsona askeak hezten lagundu nahi diogulako, Mugimendua. Elkartasunean oinarritutako etorkizun baterako lanean ari garelako, Elkartea. ??Horra, niretzat, Orereta Ikastolaren izateko eta egiteko arrazoiak laburtzen dituzten ideiak. Horretan ari gara, behintzat, gure onenetik ematen, guztion onerako izango delakoan. Ez baikara, bistan da, kalitatean oinarritzen den proiektu akademiko hutsa. Hori ere bagara: herritik sortutako proiektuek goi mailako kalitatez lan egiten dugula ondo frogatuta dugu. Herrigintza ez delako lana polit egiteko moduko bat bakarrik; lana hobeto egiteko bidea ere bada.
Eta, jakin badakigu, ez gaudela horretan bakarrik; ez garela bakarrik ari. Gure komunitatea oso zabala dela. Herritarrak, profesionalak, elkarteak, lurraldeak… ia herri oso bat bizi dela gugan eta gurekin. Edo gu harekin, hobe esanda. Horregatik eta horretarako, besteak beste, antolatu dugu Benito Lertxundiren emanaldia datorren abenduaren 22rako, 21:30etik aurrera, Galtzarabordako Kiroldegian.
Emanaldi horrek bi helburu ditu: batetik, Orereta/Errenteria eta inguruko herritarrei eskaintza bat egitea, goza eta bizi dezaten Benitoren musika, lehengoa nahiz berria, 27 urte herrian emanaldirik egin gabe egon eta gero. Orereta Ikastola osatzen duen komunitate osoa buru-belarri ari da lanean ekimen hau berezia izan dadin guztiontzat.
Bigarrenik, Ipar Euskal Herriko Ikastolei lagundu nahi diegu. Zehazki, Biriatu, Hendaia, Ziburu eta Urruñako ikastolei. Kontzertuaren sarreretatik lortutako diru-etekina haientzat izango da. Ez ditut hemen zerrendatuko ikastola horiek dituzten beharrak, ugariak baitira, eta guztiek dute alor materialarekin zerikusia. Beste behar bat da azpimarratu nahi dudana: Euskal Herria elkarrekin irudikatu eta eraikitzeko beharra, hain zuzen ere. Zubiak eraikitzearekin batera, zubiak zeharkatzeko beharra. Herri euskaldun bat eraikitzeko inoren zain ez egotearen beharra. Herritarrek ez bada, inork egingo ez duena egiten jarraitzeko beharra: ikastolek elkarrekin lan egiten dugunean, herri izaten ari garelako, mugarik gabeko herri.
Hori guztia ere izango da abenduaren 22ko ekitaldia, eta hori nahiko nuke bertaratzen zareten guztiok, Benitoren doinu ederrekin batera, bertatik etxera eramatea: izango garena eta izaten ari garena elkarrekin bizitzen jarraitzeko indar bat. Elkartasunak mugimendua dakarrelako, eta mugimenduak elkartasuna, asko izango gara Galtzarabordako Kiroldegian elkartuko garenak, eta, ekintza bakarrarekin, gauza asko egingo ditugu aldi berean: euskara eta eskuak luzatu, eta gure geroa elkarrekin egiteko zubiak eraiki.
Anartz Muxika Andres. Orereta Ikastolaren Zuzendari Orokorra