EAJ eta PSE-EE "noraezean" ari direla uste du koalizio abertzaleak.
Migel Mari Torrea eta Mikel Garcia Peñil, EH Bilduko zinegotziak, zuzenketa erregistratzeko unean.
Osoko zuzenketa batekin erantzun dio Pasaiako EH Bilduk Udal Gobernu Taldearen aurrekontua proposamenari. EAJ eta PSE-EE “noraezean” ari direla iritzi dio koalizio abertzaleak, eta udalerriarentzako “bide orri egokia ezartzeko gaitasunik ez” dutela adierazi dute.
Udal gobernuaren aurrekontu proposamenean gobernu kideen soldata igoerak aurreikusiak dituztela salatu du EH Bilduk, baita ordezkaritza-gastuak handituko dituztela ere. Aitzitik, “herritarrentzat oinarrizko diren zerbitzuetan inbertsiorik” ez dutela aurreikusi nabarmendu dute.
Oso kritikoa da EH Bildu gobernuarekin. Oposizioarekin bat ere komunikaziorik ez dagoela dio, eta arazo bera dakusa gobernuko kide diren bi taldeen artean. “Ez dakigu zenbat denbora iraungo duten elkarrekin, nola bukatuko den hedabideetan ateratzeko duten norgehiagoka, baina oso argi dugu noraezean dabiltzala, eta gure herria kudeatzen dutela talde bakoitzaren burutazio eta interes bereizien eta puntualen arabera”, salatu dute.
Horrez gain, beren ekarpenak aintzat hartzen ez dituztelako kexu agertu dira. Aurreko bi urteetan zatikako zuzenketen bidez beren lehentasunak helarazten saiatu direla gogorarazi dute, baina “alferrik” izan zela diote: “Gure zuzenketa guzti-guztien kontra bozkatu zuten, eta gainera denak batera bozkatu zituzten batzarra azkarrago amai zedin”. Horiek guztiak kontuan hartuta, aurten, osoko zuzenketarekin erantzutea erabaki dute.
Dena ondo bidean, datorren astean egingo dute aurrekontuen plenoa. Deialdia, hala ere, ez da oraindik publiko egin eta ez dago data ez eta ordua oraindik zehazterik.