Udalaren eta Errenteriaren informazio garrantzitsuena bilduko duen mugikorretarako aplikazio berria aurkeztu du gaur udalak: Errenteria Herri Bizia aplikazioa.
Eñaut Gracia mugikorretarako aplikazio berriaren aurkezpena egiten.
Udalaren eta Errenteriaren informazio garrantzitsuena bilduko duen mugikorretarako aplikazio berria aurkeztu du gaur Errenteriako Udalak: Errenteria Herri Bizia aplikazioa. Agenda kontsultatzea izango dute bertan herritarrek, baita autobusen eta instalazioen ordutegiak, eta farmaziak, besteak beste. Eñaut Gracia Komunikazio eta Parte Hartze zinegotziak aurkeztu du aplikazio berria. Udalaren lan ildoetako bat, Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren bere egiten duena, ongi konektatutako herria sortzea dela azaldu du Graciak, “horrek, udalak herritarrekin erlazionatzeko dituen sistema telematiko eta komunikazio kanalak birpentsatzera behartu gintuen, herritarra jardun administratibo eta politikoaren erdigunean kokatzen dugun neurrian”.
Hausnarketa eginda, gaur emaitza aurkeztu du Graciak, aplikazio berria, Errenteria Herri Bizia aplikazioa, “web orria bera osatzera datorren kanala herritarrekin modu zuzenean komunikatzeko”.
Aplikazioa Eguberritan martxan jartzea ez da ausazkoa, “garai honetan gazte zein helduentzat kirol eta kultura ekintza ugari izaten dira herrian”. Behatz bakarrarekin ukituta, ekitaldi guztietara sarbidea izango dute herritarrek modu errazean, “kultura, kirolak, gazteria eta hezkuntzako agendak bateratu ditugu horretarako, begirada bakarrean agenda eta ekintza guztien ikuspegia izateko”.
Agendarekin batera, albisteen atala eta udalaren ohar eta telefono zenbakiak kontsultatzeko atala du aplikazioak, baita udalaren ez den hainbat informazio: farmazien informazioa, gasolinerei buruzkoa, autobus linea guztien ordutegiak, edota Errenterian egin daitezkeen ibilbide turistikoen gaineko informazioa.