Aurrekontu proposamenak "gabezi nabarmenak" ditu Pasaiak Ahal Du-ren iritziz
Osoko zuzenketarekin erantzun dio gobernu taldeari.
Proposamenak diru sarrerak handitzea proposatzen duen arren, enpleguaren sustapenari bideratuko zaion diru partida txikitu egingo delako kexu agertu da Pasaiak Ahal Du. Pasaia Gipuzkoan langabezia tasa altuenetakoa duen udalerria izanik, ahalegina handiagoa behar duela iritzi diote: “Ez da nahikoa Oarsoaldeko enplegu sustapeneko planak babestea; gure udalerriak neurriak garatzen hasi behar du”.
Horrez gain, pasaitarren bizi-kalitatea hobetzera bideratutako partidak handitu behar direla uste du Pasaia Ahal Du-k, “bereziki egoera ahulenean dauden pasaitarrei laguntzera bideratutako partidak”, eta pobrezia energetikoaren gaiari erreparatu diote bereziki: “Ez da bidezkoa familia batek hotza pasa behar izatea, gasaren edo argindarraren faktura ordaintzeko arazoak dituelako”.
Horrez gain, udal langileen beharrak aztertu dituztenean sindikatuak ez dituztelako aintzat hartu iritzita, kexu agertu da Pasaiak Ahal Du.
Eskola publikoaren aldeko apustua indartzea eta birziklatzea sustatzeko sentsibilizazio planetara dirua bideratzea eskatu dute baita ere.
Asteazkenerako deitu dute aurrekontuen plenoa, 16:30etik aurrera, Donibaneko udaletxean.