Dena prest dago Antxon larunbatean (hilak 23) Gabonetako Gaueko VIII. Krosa lehiatzeko.
Aurtengo krosa Eneko Legorburu ‘Lexo’-ren oroimenezkoa izango da eta aurkezpenean bere senide eta lagunak izan ziren.
Aldez aurreko izen-emateak “oso martxa onean” doazela jakinarazi dute antolatzaileek, eta iaz gertatu antzera, aurten ere dortsalak agortzea litekeena dela ohartarazi dute. Edonola ere, oraindik bada izena emateko aukera, zehaztu dutenez
Internet bidezko inskripzioa bezpera arte egongo delako zabalik, 23:00ak bitartean.
Dortsalak saltzeke geratuko balira, larunbatean bertan salduko lituzkete, 17:30etik 18:30era bitartean, Ibaiondo frontoian. Dortsalak banatzen, berriz, 18:30etik 20:00etara bitartean egongo dira, toki berean, eta sari banaketa ere, han bertan egingo da, Ibaiondon, lasterketa bukatuta, 21:45etik 22:00etara.
‘Lexo’-ren omenezkoa
Aurtengo krosa Eneko Legorburu ‘Lexo’-ren omenezko izango da. Duela gutxi hil zen Lexo, gaixotasun baten ondorioz. Sanjuandarra jaiotzez, Antxon bizi zen, eta arrasto handia utzi du barrutian.
Sanferminetako pala txapelketan parte hartu ohi zuen, eta Gabonetako krosean ere parte hartu zuen. Horregatik, krosaren aurkezpenean haren kuadrillakoak eta senideak elkartu ziren. Larunbatean, lasterketa hasi aurretik aipamen xume bat egingo zaiola iragarri dute antolatzaileek.
Elkartasun lasterketa
Elkartasun lasterketa izan ohi da Antxokoa eta aurten ere hala izango da. Dortsal bakoitzeko euro bat indarkeria matxistaren kontrako borrokan diharduen Bekoz Beko elkartearentzat izango da.
Lasterketa bukatuta pintxo potea egongo da frontoian, eta egunerako propio atonduko duten barran lortzen den dirua ere elkarteari bideratuko zaio.
Trafikoa
20:30ean hasiko da krosa, eta irteera eta helmuga Gure Zumardian izango dira. Ondorioz, 20:15etik 21:15era, barrutiko hainbat kale trafikoarentzat moztuta egongo dira, eta kale horietako garajeetan autoak ezingo dira ez sartu, ez irten.
Ondorengo kaleak egongo dira itxita: Hamarretxeta, Oarso, Blas de Lezo, Zumalakarregi, Eskalantegi (Usozetik Molinao aldera), Pavinsako garajeak, Gure Zumardikoak, eta Gelasio Aranburu kalekoak.
Antxotarrei pazientzia eta ulermena eskatu dei krosaren antolakuntzak.