Guatemalako Lolita Chavez ekintzaileari babesa erakusteko elkartasun eguna egingo dute ostiralean Errenteria-Oreretan.
Lolita Chavez hizlarietako bat biharko gGaztañoko hitzaldian.
Guatemalako Lolita Chavez ekintzaileari babesa erakusteko elkartasun eguna egingo dute ostiralean Errenteria-Oreretan. Bertako bere lagunek antolatu dute egitaraua mehatxatutako Ixcaquic herriko emakumearen alde. Chavez aurretik Errenterian egondakoa da, zehazki, Gaztañoko lokal berrian izan zen Guatemalako Lorena Cabnalekin batera feminismo komunitarioa zer den azaltzen eta bizipenak, erresistentziak eta nazioarteko aliantza feministez mintzatzen.
Egungo gatazkarik handiena, tokiko komunitateek Renace proiektu hidroelektrikoarekin dute. Guatemalako kapitalak eta Espainiako Estatuko enpresek Guatemalako ibairik emaritsuena den Cahabon ibaiaren gainean eraikitzen ari dira proiektu hori. Chavezen hitzetan, proiektu horrek ibaiaren inguruan bizi diren 30.000 indigena quekchiei eragingo die: “Kaltetutako komunitateetan bizi diren hamar pertsonetik hiruk baino ez dute argindarra, eta hamarretik zortzi txiroak dira. Energia garbi eta arduratsu gisa aurkezten dute, gure natur ondarearen suntsiketa suposatzen duenean. Mega proiektu horren atzean, besteak beste, Real Madril futbol taldearen presidente Florentino Perez aurkitzen da, eta gure herrientzat ondorio kaltegarriak dakartza”.
Kaltetuenak emakumeak direla dio Chavezek, “komunitateen bizkar hezurra gara emakumeak, borrokatu behar dugunak uraren alde eta oinarrizko ekoizpenaren alde, etxe barruan zein kanpoan gehiegikeria eta bortxakeria sexuala jasaten dugunak, seme-alabak babestu behar ditugunak”. Elkartzea eta beren eskubideen eta lurraldearen alde borrokatzeak, berriz, auzitaratu eta kriminalizatzea dakarrela salatu du. 2012az geroztik hainbat kasutan auziperatu dute Chavez, azken aldiz, aurten bertan, egur ilegalaren trafikoa salatzeagatik, “horretaz gain, susmo handiak genituen gure lurraldean barrena droga eta armak trafikatzen zituela kamioi horrek egurrarekin batera. Orain gu gara auzitara eraman gaituztenak. Kriminalizatu egiten gaituzte, eta gure borrokaren izaera ez biolentoa ukatzen dute”.
Horretaz guztiaz hitz egingo du Chavezek berak, eta lehenengo eskutik bizi duten egoera ezagutzeko aukera izango dute errenteriarrek ostiralean 18:00etan Xenpelar Etxean emango duen hitzaldiaren bidez.
Elkartasun afaria antolatu dute, bestalde, 21:00etan izango da Landaren, eta kantautore batek girotuko du. Txartelak salgai daude Landare eta Arkaitza tabernetan 15 euroan. Afaria amaituta, berriz, gauerditik aurrera, DJ Bullek jarriko du musika Landaren. Bildutako diru guztia Lolita Chavezi emango diote eta antolatzaileek, eskerrak eman dizkiote Landareri eta DJ Bulli eskainitako laguntzagatik.