Chavez (1972, Santa Cruz de Quiche, Guatemala) duela sei hilabete atera zen bere herritik, bere komunitatetik eta bere etxetik, mehatxatu zutelako, eta berak azaldu duen moduan "hiltzen saiatu direlako".
Lolita Chavezen alde elkartasun eguna antolatu dute gaur Oreretan.
Guatemalako Lolita Chavez ekintzaileari babesa erakusteko
elkartasun eguna egingo dute gaur Errenteria-Oreretan. Emakumeen Mundu Martxak halako hainbat iniziatiba antolatu ditu Euskal Herrian K´iche´herriko emakumeari babesa erakusteko. Chavez (1972, Santa Cruz de Quiche, Guatemala) duela sei hilabete atera zen bere herritik, bere komunitatetik eta bere etxetik, mehatxatu zutelako, eta berak azaldu duen moduan “hiltzen saiatu direlako”. Han jarraitzen dute bi seme-alabak eta bikotekidea. Sei hilabete daramatza berak Eusko Jaurlaritzaren programa baten barruan. Neoliberalismoaz, indigenen komunitateak suntsitzen ari diren multinazionalez, herri indigenen egoeraz, emakumeez eta herrien arteko elkartasunaren beharraz mintzatu da Chavez HITZArekin, gaur gauean bere aldeko elkartasun afaria eta musika emanaldia hartuko dituen Landare elkartean. Aurretik 18:00etan hitzaldia emango du Xenpelar Etxean.
Arbola Ugarien herritik [hori da bere herriaren izenaren esanahia] ihesi egitera behartu duten emakumea, han eta hemen ari da zabaltzen indigenen eguneroko egoera, hango errealitatea ezagutarazten, “gobernuak eta multinazionalek, gure lurraldea suntsitu nahi dute, gure bizitzeko moduarekin amaitu, gure ondare naturala txikitu… baina guk agindu bat dugu betetzeko, gure lurrak, gure komunitatea, gure ondarea babestuko dugu geuregatik, eta datozen belaunaldiengatik”. Sinistuta dio, begietan itxaropena eta indarra gainezka erakusten dituen k’ iche´ak.
Mehatxatuta zaude, eta zure herritik atera behar izan duzu. Zein da zure egoera?
Aldi baterako defentsarien babeserako Eusko Jaurlaritzaren programa baten barruan nago hemen. Programa hori, CEAR erakundeak babesten du. Hona heldu nintzen, tamalez, azken aldian izan ditudan erasoengatik. Guk gure lurraldea, bizitza, bizitzeko dugun eredua defendatzen dugu, baia Maya herriarena, baina baita Guatemalako beste herri batzuena ere. Gure defentsa honek, talka egiten du enpresa transnazionalekin. Guatemalako gobernuak gure lurraldeak eman dizkie multinazionalei inongo momentuan bertan bizi garen herrioi galdetu gabe ados ginen edo ez. Enpresa horiek ondare komunak ostu, ingurua kutsatu, eta gure lurraldeetan heriotza eta hondamena eragiten ari dira. Bertara eraman dituzten proiektuak kutsakorrak dira eta landareak, animaliak eta bertan bizi garen pertsonak hiltzen ari dira.
Nagusiki mineralak ateratzen dituzte bertan, monolaborantza egiten dute, eta ibaiak pribatizatzen dituzte guri ura kenduta. Guk ez dugu ulertzen bizitza halako enpresa ereduei lotuta, gu lurrari lotuta bizi garelako, gure elikagaiak ekoizten ditugu, mendiekin bizi gara, gure aiton-amonek elkarrekin bizitzen erakutsi digute eta arbolak gure anai-arrebak bezalakoak dira, indarra ematen digute, baina guk zaindu egin behar ditugu. Basoetan aurkitzen ditugu sendagaiak. Hori ordea, ez dute ulertzen enpresek, eta oso modu perbertsoan heldu ziren gure lurraldera, bortxaz, eta talde armatuak baliatuta. Guatemalan legalki ari diren talde militarrak ditugu, eta ezkutuan aritzen diren talde militarrak. lehenengoek modu legalean hiltzen gaituzte, eta armada, polizia eta segurtasun pribatuko enpresak dira. Bestaldean, ezkutuan edo legez kanpo aritzen diren narkotrafikatzaileekin lotura duten talde armatuak daude, droga, pertsonen trafikoarekin negozioa egiten dutenak. Guztiak nahastu eta eraso operatiboak egiten dituzte gure lurraldeetan. Enpresen errepresio aparatua dira, eta gobernua txotxongiloa, belauniko dagoena, berdin du zein presidente dagoen.
Presidente aldaketak ez du egoera aldatzen?
Ez, ez da aldatzen egoera, nazio oligarkia perbertsoa delako, biziosoa, herrien etsaia, eta nahi duena da ondare guztiak beretzat hartu, gu kontuan hartu gabe. Guatemalan dagoen arazo larrietako bat herriekiko gorrotoa da, arrazakeria izugarria delako. Herrietara heltzen direnean beste maila bateko jendea bezala ikusten gaituzte. K´iche´Herrien Kontseiluak lurraldea babestuko duela erabakia du edozein enpresa transnazionalaren aurrean, berdin dio norena den, gobernuarekin lotura duen, oligarkia nazionalak diren, Europa edo EEBBetatik datorren. Lurraldea babesten dugu bizitza maite dugulako, natura maite dugulako eta horrek egiten du talka beraiekin eta horrek eragin zuen kontseilu kideei eraso gogorrak egitea.
Bizirik bagaude komunitate antolakuntzari esker da, gure aldeko iritzia eman duten nazioarteko sareei esker, bestela hilko ninduten.
Hainbat aldiz saiatu direla zu hiltzen salatu duzu.
Hala da, nahikoa alditan saiatu dira. Aurretik uko egin izan diot nire herritik ateratzeari, nire herriak bizi izan zuen hustutze eta migrazio egoera hau gerrak luze jo zuelako, eta badut esperientzia hori. Esaten zidatenean lurraldetik atera behar nuela hilko nindutelako bestela ezetz esaten nuen. Saiatu dira ni hiltzen, bortxatzen, tortura psikologikoak egin dizkidate nire herrian nire kontrako manifestazioak egin dituelako armadak, paramilitarrek zein enpresa hauetako jendeak ordaindutako pertsonek. Ez da taldearen kontra izan, nire kontra izan da, eta diotena da nire lurraldetik bota nahi nautela. Eutsi dut, eutsi dugu, baina azken erasoak kalibre handiko armekin egin dizkidate. Estatuak ez du ezer egin. Horretara iritsita, nire lurraldetik atera behar izan dut.
Zenbat denbora daramazu zure lurraldetik eta etxetik kanpo?
Sei hilabete eta erdi dira atera nintzela. Nire herriaren mandatu bat dut, bizi dugun egoera salatzeko, argitara ateratzeko eta ezagutu dadin iristen naizen lekura iristen naizela. Misio hori nekarren eta hori egiten ari naiz, asko mugitu naiz gure egoera azaltzeko. Guatemalan gertatzen dena, lurralde askotan pasatzen ari da, eta haien egoera ere zabaltzea tokatzen zait: Mexikon, Honduras, El Salvador, Nikaragua, Brasil, Argentinan… gertatzen ari da, baina ez soilik Abya Yalan [Amerika hala deitzen zuten Cristobal Colon heldu aurretik], Afrika eta Asian ere gertatzen ari dira halako egoerak. Gure salaketa, hortaz, harago doa. Errepikatzen diren ereduak dira munduko hainbat lekutan, enpresak lurralde ezberdinetan daudelako eta beraien jokaera berdina delako denetan.
Lolita Chavez.
Talde militarrak aipatu dituzu, armada, polizia… eta zuek mandatu bat duzuela lurraldea babestu eta enpresen sarrera ekiditea. Nola egin aurre ordea, indar militar eta paramilitarrei, nola babestu zuen lurralde, herri eta ondarea?
Maya, Xinka, Garifuna eta Mestizo empobrecido edo beste herriek erresistentziarako moduak sortu ditugu sistema perbertsoei aurre egiteko. Lurrarekin dugun lotura handia da, egoera zaila izan dezakezu baina ama lurrarekin lotzen bazara azken horrek indarra emango dizu, energia, indar kolektiboa. Mendiekin dugun lotura izugarria da, gure babesleak bertan dira, sentitzen dira. Hori da elementu indartsuetako bat. Bestetik komunitate antolakuntza dago. Haurrek, emakumeek gizonek, zaharrek, misio bat du bakoitzak bide honetan eta oso indartsua da, erabaki kolektiboak dira. Batzarrak egiten ditugu. komunitate batek erabaki bat hartzen badu, bertan bizi direnek babestutako komunitatea da, eta erabakia, eta hori indartsua da.
Horrekin batera, espiritualtasun handia dugu, errituak egiten ditugu eta bertan ere sareak sortzen dira. Ez dira erlijioarekin lotutakoak, politiko estrategikoak dira, lotura politiko, ekonomiko, soziala, kulturala dute.
Komunitateak esaten duenean lurraldea defendatuko duela, autodeterminazio bat dago, erabaki bat hartzen du, eta erabaki hori errespetarazi egiten dugu. Ez dute lortu herrien pluraltasuna gelditzea, eta horrek indarra ematen du. Hori da herrien indarra, eredu neoliberalak apurtzea lortu ez duena.
Kontsulta komunitarioak ere aipatu behar dira, Guatemalan 90etik gora egin ditugu eta horietan miloi batetik gora pertsonek mehatza enpresen aurka egin du. Indar elementua dira guretzat kontsulta horiek, baina Munduko Bankua eta Nazio Batuen Erakundea ohartu dira horretaz eta, eta bere proposamen kontsulta bota du, baina perbertsoak dira, iruzurra dira. Energia mehatze enpresentzat da. Eta mehatze enpresak Guatemalan, zianuroa erabiltzen dute urrea prozesatzeko, ibaiak kutsatzen dituzte eta ibai horiek komunitateetara heltzen direnean hiltzen dituzte animaliak, landareak eta pertsonak. Biodibertsitatea suntsitzen dute, kutsatu egiten dute airea, kimikoak erabiltzen dituztelako. Baina komunitateetan ere eragiten dute sozialki, banaketa sortzen dutelako, bizio gehiago dago beste lekuetatik heltzen diren langileen artean alkoholismoa, drogamenpekotasuna dago. Matxismoa ugaritzea da beste ondorioa, mehatza enpresei matxismoa gehitzen badiogu, biolentzia delako emaitza. Diru gehiago iristen da agian, baina diru hori matxista eta biolentoagoa den jendearengana heltzen da, eta horrek biolentzia handiagoa suposatzen du. Ez dakar ondorioz onurarik. Guk bizitza nahi dugu, ez urrea. %1a uzten diote Guatemalari, baina ez gure herriei edo lurraldeari, eta %100a guretzat utzita ere ez genuke nahiko.
Komunitateek sortzea dugu gure herrietan, batzuk hasi dira horretan, baina gure komunitateek kudeatuta, guk gutxi behar dugulako. Enpresak ez ditugu nahi gure lurraldeetan, ez ditugu behar, gure lurraldeetatik kanpo nahi ditugu, erakutsi dutelako nola erasotzen duten, eta herri bat erasotzen dutenean besteei eragiten dio, elkarri lotuta dago.
Zenbat herriri eragiten dio horrek, zenbat jendez ari gara?
Guatemala gobernuagatik balitz kontzesionatuta legoke. 300 lizentziatik gora daude mehatze enpresetarako, ia lurralde osoa hartuko lukete mehatze enpresek, hidroelektrikoek, eta monolaborantzako enpresek. Guatemala oso txikia da, 108.000 kilometro kuadroko zabalera dauka eta 16 miloi lagun gara. Enpresa hauen jardunak indigenei eragiten digu gehien, eta gu populazioaren %65a gara. Ongi pentsatua daukate eta ezin digute gezurrik esan. Giza eskubideen gaiarekin motz gelditu da Nazio Batuen Erakundea, ez dituelako giza eskubideak lotzen ekintza ekonomiko enpresarialekin.
Nik aukera izan dut Europako Parlamentuan, Nazio Batuen Erakundean esateko hiltzen gaituztela, ura kentzen digutela, ez dela gure etxeetara iristen, gaixotasunez hiltzen ari garela, desnutrizioa dagoela, geroz eta txiroagoak garela… berdin zaie, ez zaie axola gurekin gerta daiteke Munduko Bankuari, Nazio Batuen Erakundeari eta zer esanik ez enpresei. Azken horiei dirua baino ez zaie axola. Hau denoi eragiten digu, mundu guztiari eta horren gaineko kontzientzia izatea garrantzitsua da, oso arriskutsua berriz, kontzientzia hori galtzea. Haserretzen die erakunde horiei gu atera eta saltzea, ezagutaraztea beraiek dituzten planteamendu gaiztoak. Gu espetxeratzen ari dira sukaldaritzako sua pizteko erabiltzen dugun egurragatik, etxeak egiteko egurra erabiltzeagatik, zeremonietarako pon materiala erabiltzeagatik… Bien bitartean, kamioi izugarri handiak ari dira egurra ateratzen eta haiek ez dituzte espetxeratzen, ezta mehatz enpresak jendea hiltzeagatik. Zergatik? Munduko justizia enpresen mesedetara, haien neurrira pentsatua eta egina dagoelako.
Lolita Chavez.
Zer egin daiteke Euskal Herritik laguntzeko?
Argi eta garbi izan behar da gauzak aldatzeko aukera badagoela. Neoliberalismoa oso sartuta dago hemen, eta gauzak ezin direla aldatu sinestarazten dizute eta bere soldadu bihurtzen zaituzte. Herriak humanitatearentzat itxaropentsuak gara, eta esaten ari gara behar beharrezkoa dela aldaketa. Ereduak aldatu daitezke, kontsumismoa eta metatzea irauli daitezke, diruarekin oinarri ez duen bizimodu bat, bizitza erdigunean jarriko duena, elikagaiak badaude, garrantzitsuena ura, mendiak bihurtuta.
Euskal Herrian ere daude herriak erasotzen, masakratzen, hiltzen ari diren enpresak, eta horren adibide dira armen enpresak, eta arazo hori hemen konpondu behar da. Beste behar bat, kanpotik datozenei babesa ematea, harrera egitea. Herriak mugitzen gara, eta hemen bagaude behar batek ekarri gaituelako da, eta itzuliko gara gure herrira. Agian baten batek norbaitek etorri behar du nire herrira, nik besoak zabalik hartuko zaitut. Ez da penagatik izango, elkarrekikotasunagatik baizik. Bide asko dago egiteko, arbasoekin adiskidetzeko adibidez Euskal herrian eta horren adibide dira sorginak. Garrantzitsuena dena, gure aiton-amonek beren lurraldearen alde eta beste lurralde batzuen alde borrokatu zirela haiek duintzeko, eta datozen belaunaldiei begira zuri, guri dagokigu borroka horrekin jarraitzea. Asko dago egiteko, lan handia.
Une honetan arazo larriena Renace duzue.
Maya herria erasotu du Renace proiektuak, ibaiak desbideratu ditu… Guatemalako enpresekin batera hasi da lanean eta ACSrekin. Azken horretan Florentino Perez ari da. Inpunitate izugarria, ustelkeria eta influentzia trafikoa dago Guatemalan, eta Renace proiektua oso ondo mugitu dute herriak erasotzeko. Herriak haien kontra altxa gara, bizitzaren alde, uraren alde, lurraren alde baina gure mandatua isilean gelditu da beraiek indar korporatibo handia dutelako Guatemalan zein nazioartean. Arazoa Espainiako Estatuan konpondu behar dute Florentino Perezekin. Europak Abia Yala [Amerika] arpilatu zuela onartzen badu jende askok, noiz arte jarraitu behar dugu hori jasaten? Ez diogu gobernuei esaten, ez dugu ezer espero beraiengandik, herritarrei eskatzen diegu, herriei eskatzen diegu halako enpresak arbuia ditzaten, jendeak jakin behar du enpresa horiek gu hiltzen ari badira han gure lurraldetan ezin dietela kontraturik egin Espainiako Estatuan. Justizia soziala da, azken batean, inongo udalek ez dezala lanik egin beraiekin. Moral bikoitza eta hipokrisiarik ez izatea eskatzen dugu.
Modelo alternatiboak badaude, eta horiek gure lurraldean ikus daitezke. Duintasunez bizitzen saiatu nahi dugu.
Behin baino gehiagotan esan dizute bizirik jarraitzeko zure lurraldetik atera behar zenuela. Uko egin diozu orain arte, baina atera behar izan duzu. Han eta hemen informazioa zabaltzen ari zara, bizi duzuen errealitatea argitara ateratzen. Nola bizi duzu zure lurraldetik, zure etxetik, zure familia eta ingurutik urruti izatea?
Sentimendu kontrajarriak ditut. Falta sufritzen dut. Euskal Herria niretzako oso garai polita izaten ari da, itxaropen handiko jendea dagoelako, baina nire jendea, komunitatean bizitzea, nire mundua oso umila dena, baina horien denen falta sumatzen dut. Batez ere, amorru handia sentitzen dut irten behar izan nuen moduagatik. Une batzuetan oso pozik nago, eta beste batzuetan falta izugarria dut, nire alaba eta semearen falta handia dut, nire bikotekidearekin bizitzea, komunitateak… Sare sendagarrien falta sumatzen dut, gure artean babestu eta osatzen dugu elkar, kideak besarkatzearen falta dut, mendiak, errekak, nire hizkuntza k’ iche´hitz egitea… Itzuli nahi dut, hori eskatzen dit gorputzak eta gogoak, itzultzea nire herrira, han ditut sustraiak, nire esentzia, nire bizitza. Ni ez naiz pertsona bera izango, dena suntsitu zen, nire etxetik denok atera behar izan genuen eta leku ezberdinetan gaude denak orain.
Ilusio handia dut gaur [Landaren] antolatu duten elkartasun afariarekin. Nolabait komunitatean egingo dugun zerbait izango da, nire lurraldean egiten dugun bezala.