Literaturarekin lotutako bi saio egingo dituzte aste honetan

Irakurketa Taldea bihar, asteartea, elkartuko da; haur txikientzako urteko lehen ipuin kontaketa ostegunean egingo dute
mariama ba

Mariama Baren ‘Hain gutun luzea’ aztertuko dute bihar.

Pixkanaka, Oiartzungo eragile eta taldeak beren ohiko martxara bueltatzen ari dira. Aste honetan literaturan bueltan ibiltzen direnen txanda izango da.

Lehenik eta behin, Irakurketa Taldea elkartuko da, bihar arratsaldean. Mariam Baren Hain gutun luzea liburuari buruz hitz egingo dute, Manuel Lekuona bibliotekan, 20:00etatik aurrera. Datorren hilabeterako lanak ere finkatuta dituzte. Mikel Peruarena Ansa hernaniarraren Su zelaiak liburua irakurriko dute.

Lehen Mundu Gerran girotutako eleberria da Su zelaiak. Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak aletuz, krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina egiten du. Protagonismo nagusia Filipe Luro ikazkinak hartzen du. 2015eko Euskadi Saria irabazi zuen, nahiz eta Peruarenak uko egin zion.

Ipuin kontaketa

Ostegunean urteko lehenengo ipuin kontaketa egingo dute. Lur Kortak 2 eta 3 urteko haurrei ipuinak kontatuko dizkie, 17:30etik aurrera, bibliotekan bertan.

Liburutegiko arduradunek hainbat aholku eman dituzte, ipuin kontaketa saioak atseginagoak izan daitezen. Honakoak dira: saiora garaiz iristea; atea itxita baldin badago ez sartzea; kontaketa bideratua dagoen adin-tartea errespetatzea eta gurasoek espazioa errespetatzea. Azken kasu horretan, adin tarte txikieneko gurasoei eskatu diete bat bakarrik sartzeko. Lau urtetik gorakoen kasuan, helduak kanpoan geratuko dira.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend