Tren geltokiko lur azaleko pasabidea kentzea 2017 Espainiako aurrekontuetan aurreikusia zegoela oroitarazi du, 2,1 milioiko inbertsioarekin.
Lezo-Errenteria tren geltokiko pasabidea. Irudia: ADIF.
Lezo-Errenteria tren geltokian, trenbidea gurutzatzeko bide bakarra horien gaineko pasabidea da. Hori kentzeko eskatu du Lezoko PSE-EEren eledun eta gobernu taldeko kide Jose Angel Sanchezek, “ez da bidezkoa lur azaleko pasabide hori oraindik egotea. 2017ko Espainiako Gobernuaren aurrekontuetan hori kentzeko diru zatia zegoen. Lan hori ez da egin, eta gainera, horren gaineko informazioa hutsaren hurrengo da”.
Sanchezek adierazi du lur azaleko pasabide hori kentzea herritarren aspaldiko eskaera dela. Eta 2017ko aurrekontuetan zegoen diru zatiarekin egin beharreko lanen ezaugarrien berri eman du: “Lur azpiko pasabidea egitea zen ADIFen asmoa, eta gainera, andenen artean igogailu bidezko lotura egitea lur azaletik, mugikortasun irizpideak betetzeko. 2,1 milioi euro zeuden aurreikusita horretarako”.
Gauzak horrela, Lezoko PSE-EEk gaia Espainiako Diputatuen Kongresuko Sustapen Batzordera eramango du, Odon Elorza PSOEko diputatuaren bidez. Ekinaldi horren helburua da, Sanchezek zehaztu duenez, pasabideko lanen hasiera azkartzea, eta egitasmoa egin behar dela “ez ahaztea”.
Hala, pasabide horien arriskuaz ohartarazi du Lezoko PSE-EEk, eta
Legazpiko geltokian berriki gertatutakoa oroitarazi du.