Bidea eteterik ez dute lortu

Alegria, Etxeberria, Iparragirre, Mendiburu eta Intxauspe.

Alegria, Etxeberria, Iparragirre, Mendiburu eta Intxauspe.

Joxean Etxeberria oiartzuarra espetxetik irtenda, 18/98 makrosumarioagatik espetxean zegoen azken euskal presoa kalean da. Baltasar Garzon epaileak zabaldutako auziaren harira 76 lagun atxilotu, zortzi enpresa pribatu eta AEK judizialki interbenitu, KAS, Ekin eta Xaki legez kanporatu eta Egin egunkaria zein irratia itxi zituzten. 1997an abiatutako operazioaren gaineko epaiketa zortzi urtera heldu zen, 2005ean. Epaia, gogorra: 47 auzipetu, eta 525 urteko espetxe zigorra horientzat.

18/98 makrosumarioaren barruan atxilotu zituzten Manuel Intxauspe eta Joxean Etxeberria oiartzuarrak, Imanol Iparragirre pasaitarra, Xabier Alegria lezoarra Manu Aranburu eta Maite Mendiburu oreretarrak, eta Ramon Uranga irundarra. Zigorra jaso zutenen artean ere tarteka Hondarribian bizi den Jose Luis Elkoro izan zen. Aranburu epaiketa heldu aurretik hil zen auto istripuan, eta Uranga instrukziotik kanpo utzi zuten. Mendiburu absolbitu egin zuten. Beste laurak espetxeratu egin zituzten. Bi hamarkada pasata, Hitza-k mahaiaren bueltan eseri ditu bostak, atzera begirada egin, baina batez ere, aurrera begiratzeko.

‘Dena ETA da’ tesia defendatu zutenei hogei urte beranduago zer esango lieketen galdetuta,  «arriskuaz» mintzatu da Alegria: «Pandoraren kutxa zabaldu zuten, eta beti da arriskutsua hori. Hainbat gauzarekin ez dela jolasten esango nieke, denborak erakusten duelako besteentzat izango zen hura, denontzat dela gerora». Espainiako Estatuak Euskal Herriarekin duen arazoa ez zegoela erabat gatazkaren nolakotasunarekin lotuta dio, eta hori, gerora, Katalunian gertatu denak erakutsi duela, «bertan preso politikoak daude, ez bakarrik politiko presoak. Preso politikoak dira borroka horretan murgildu direnak, murgildu garenok, eta hor ez zegoen arrantza modu tradizionalik, 18/98arekin erakutsi zuten bazetorrela garai bat oso pelagikoa».
Atzean utzi berri duen espetxera eraman du gai hori Etxeberriak, «batzuk pentsatu zuten euskal preso politikoek espetxean pairatzen zutena, bakarrik beraiei eragingo ziela. Urteak pasata konturatu gara, ordea, gurekin ezarri zituzten araudi bereziak, orokortu dituztela».

Beldurra estatuaren tresna
Sufrimendu terminoetan estatuak eragin zuen zalantzarik ez du Iparragirrek. «Termino politikoetan, ordea, estatuak ez zuen lortu 18/98arekin zuen helburua: mugimendu bat desegitea eta bide bat oztopatzea. 18/98 makrosumarioa egin zuten garaiko ingurumarian baino askoz hobeto baitago ezker abertzalea mugimendu politiko gisa». Sufrimendua areagotzeaz gain, sistemak beldurra sartzea ezinbestekoa duela dio Etxeberriak, «jendea ez dadila mugitu, ez dadila antolatu. 18/98ak, ilegalizazio prozesuak, eta latzena dena, torturek, beldurra sortzea dute helburu, eta jendeari esatea ‘pentsatu bi aldiz zertan zabiltzan’».

Beldurra egungo sistema kapitalistaren tresna nagusietako bat da Alegriaren ustez, prozesu independentisten aurkakoa gainera: «Quebec, Eskozia, Katalunia… Gertatu ote daitekeenarekin beldurra sartzea izaten da lehen urratsa. Estatuarekiko menpekotasuna haustea pentsatzen ausartzen bazara, lehenengo pausua ematen baduzu, beldurra izateko arrazoiak dituzula erakutsiko dute, etorriko direlako uniformeak, makroprozesuak eta espetxea. Lehen, hori, borroka molde baten erabilerari atxikitzen zitzaion soilik. Horrela ez dela frogatu da Katalunian».

«Gurekin ezarri zituzten salbuespen neurriak orokortu egin dituzte»
Joxean Etxeberria 18/98ko auzipetua
«18/98 astakeria izan zen, eta gobernuak erokeriak egiten jarraitzen du»
Maite Mendiburu 18/98ko auzipetua

Beldur hori gainditzeko gaitasuna duen gizartea da gakoa Etxeberriarentzat, «eta hemen badugu indar hori batu eta berriro aurrera egiteko gaitasuna, hori da garrantzitsuena aurrera begira». Zatiketak eragiteko ahaleginak gainditzea da beste gakoa Alegriarentzat, «herri indarrak, antolakuntza propioak ez duela zilegitasunik sinestarazi nahi digute instituzioetatik. Sakabanatuta nahi gaituzte, ‘ahaztu ezazu zer gertatzen zaion gazte mugimenduari, edo migratzaileei, zu bertakoa zarelako; edo euskaldungoari zu elebiduna zarelako; edo emakumeei, zu ez zara emakumea eta…’; zatikatuta nahi gaituzte, zatikatuta beti menperatu gaituztelako. Bateratasunaren balioa, eta ausardia sikiera amestearena, dezente indartuta atera zela 18/98tik uste dut, Euskal Herrian eman zen elkartasunari esker». Eta jasotako elkartasun eta babesaz hitz egin du Mendiburuk, «jendea izugarri bolkatu zen gurekin, izugarria izan zen. 18/98 astakeria izan zen. Gobernuak erokeriak egiten jarraitzen du. Aurrera urratsak egin dira, baina, kontuz nola mugitzen zaren, norekin, eta zein pausu ematen dituzun».

Bi hamarkada geroago, Espainiako Estatua ez dela aldatu diote, «ukazioa, espetxe sakabanaketa, eta mendeku gosez ekiten jarraitzen du, hori da irauteko duen modu bakarra ezin duelako bere proiektua egonkortu, ezin gaituelako azpiratu, eta jakina, horrek min pertsonal eta politikoa ere eragiten du».

Ikasketarako ere balio izan du, ordea, «ezker abertzaleak ezberdinekin gehiago lan egiten, arrazoia osoa ez edukitzen, gure interes propioak zabalagoekin birmoldatzen ikasi du» dio Alegriak. Erresistentzia klabetik ateratzea ekarri duela dio Iparragirrek, «aro defentsiboa atzean utzi dugu, eta orain beste egoera batean gaude, aukera gehiago ditugu». Oraindik ere, gauza asko ikasteko dituztela onartuta, herria elikatu beharra dagoela diote, «era positiboan, antolatu eta herriarekin modu zabalean konektatu beharra dago.Ezker abertzalea tresna dela ulertu behar da, ez helburua, eta garrantzitsuena ez da nola nagoen ni, baizik eta zer nolako haziak ereiten eta zer nolako ateak irekitzen diren. Garesti samar ateratzen da, baina bizitzeko molde bat da, benetan merezi duen bizitza bizitzeko».

Borroka berriak
Egungoa beste mundu bat dela diote, eta borroka berriak sortzen ari direla, «oso interesgarriak». Sistema kapitalistak kolpatze sozial ikaragarria darabilela diote, eta horri beldurra, zahartzea, prekarietatea eta menpekotasunak gaineratu behar zaizkiola, «une honetan, autokontzientziatik ari da borrokatzen, bizitza bera eta borroka politikoa uztartuago daude, baita proiektu pertsonal eta politikoak ere, eta feminismoaren ekarpenak eta kulturgintza deszentralizatua nabarmentzekoak dira».

Horien aurrean zatiketa darabilela estatuak esan du Alegriak. Ipar Euskal Herrira begira jarri da lezoarra, «azken 200 urteetan Frantziako Errepublikaren barruan Euskal Herriak ez du izan arnas propio bat gaur duena baino indartsuagorik. Eta Euskal Herrian, oro har, zazpiak bat termino estrategikoa, ekonomikoa eta ideologikoa da; euskarak garrantzia du aurrerakoiak diren feminismo, gaztedi edo kulturgintzan. Ez dut esan nahi horrekin ezberdinak izanagatik hobeak garela. Proiektu politiko gisa, zer nolako jendartea eraikitzen ari garen nabarmendu nahi dut, eta hori erakusteko nahikoa da elurtearen harira, Segoviako krisi kabinetea eta Altsasuko esperientziaren artean konparaketa egitea. Altsasun erakutsitakoak benetako balore politikoak dira».

«Aro defentsiboa atzean utzi dugu, eta orain beste egoera batean gaude»
Imanol Iparragirre 18/98ko auzipetua
«Ez dago proiektu askatzailerik, sustraitu gabe eta nortasunik gabe»
Xabier Alegria 18/98ko auzipetua
«Bihotz ondoan kilimak eragingo dituzten alternatibak behar ditugu»
Manu Intxauspe 18/98ko auzipetua

Erronka orubea altxatzea da orain Iparragirrerentzat, eta hori nola egin, gakoa. Argi du: «Gazteak, ez hain gazteak, jubilatuak, langileak, herri dinamikak, enpresariak dira beharrezkoak herri gisa irauteko. Herri proiektuari begira, berdindu egiten gara, eta ez da hainbeste begiratzen EH Bildukoa zaren, EAJkoa edo independentea. Hori da Euskal Herria proiektua». Gauzak ez direla bakarrik etortzen erantsi du, «lan egin beharra dago, zerutik harriak erortzen direlako eta errekaren bestaldetik, are gehiago».

Hesien garaia amaitutzat eman du, bestalde, Etxeberriak, «hesiak eraikitzea ezer gutxirako balio digula ikasi dugu, babestu baino, oztopo bihurtzen direla». Harago joan da Intxauspe, «horma jartzearekin agian gizartea oxigenorik gabe utzi dugu, nekatu dugu». Horren harira, Euskal Herrian 50 urteko ziklo baten «nekea» dagoela aitortu du Alegriak, «horrek utzi dituen zauriak, ilegalizazioen mina, inkomunikazioak sortutakoa… bada jende bat ahaztu duena nola egiten den ezberdin pentsatzen duenarekin, aldaketarekin minduta dagoena, baina pasa beharreko zikloa da perspektiba estrategiko batean, herri bezala mugimendu politiko bat, herri proiektu bat badagoela esateko».

Sustraitzea ezinbesteko
Sustraietara jo dute. Sustraiak ezinbesteko baitira haien iritzirako, «ez dago proiektu askatzailerik, sustraitu gabe eta nortasunik gabe. Ez bazara sustraitzen, prozesu askatzaileen turista, bidaiaria bilakatzen zara. Bizitza osoa eskatzen duten proiektuak dira eta hortik gatoz gu, bizitza osoa jokoan jartzetik gatazkan. Datorrena, berriz, bizitza, sortzeari eskaintzea da, eta hori dezente interesgarriagoa da».

Belaunaldi gazteei ere erreparatu diete, eta bide berriak asmatzen ahalegin handia egiten ari direla dio lezoarrak. Haiei begira, erreferentzia berrien beharra nabarmendu du Intxauspek, «eta bihotz ondoan kilimak eragingo dituzten alternatibak».

Gazteek beraiek aktibatu behar dutela uste du, gainera, Iparragirrek, «ari dira mugitzen. Askotan ez dut ulertzen zer egiten duten, eta ulertzen ez dudanean poztu egiten naiz, ondo doazela uste dudalako».

Gazteen artean, globalizazioaren eraginez, herriaren izaera galtzen ari ote den susmoa du Etxeberriak, «ezkerreko ikuspegi modernista baten izenean nazioen borrokak gutxiesteko jarrera bat badago, eta zorroztasun guztiarekin aurre egin behar diegu, hemen herriak daudelako, gurea, herri bat delako».

«Gizartearen jauzia beharrezkoa da euskal preso politikoen gaian»

18/98 makrosumarioan auzipetu zituzten bostak.

18/98 makrosumarioan auzipetu zituzten bostak.

Zain egoteak ez du balio. «Pazientzia estrategikoa» eskatu, baina erabateko urgentzia duen gaia da bostentzat euskal presoena. Euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzen hasiko dela esan  du Parisek. Espainiako Estatuak, ez du urratsik egiteko asmorik azaldu oraindik: «Ipar Euskal Herriko esperientziak erakutsi du lidergo instituzionala behar dela, hegoaldean ez da halakorik, herri perspektiban eta termino historikoetan duten anbizio eskasa erakutsi dute, berriz ere».

Lehentasunak azaldu ditu Alegriak: «Gehien sufritzen dutenekiko mendeku politika altxaraztea eta euskal preso politikoak euskal herriratzea. Gainera, Euskal Herrian, euskaldunok hartzea gure eskutan gatazkaren ondorioen kudeaketa bere osotasunean. Benetako soluzioak eta benetako zauri garbiketak, etorkizunerako benetako oinarriak, hemendik, bertatik bertara eraikiko ditugulako, egon diren min guztiekin, eta egon diren faktore politiko guztiekin».

«Borroka etengabea»; hala definitu du Etxeberriak euskal presoen egunerokoa, «2013ko abenduan Euskal Preso Politikoen Kolektiboak [EPPK] hausnarketa eta proposamen sendoa egin zuen. Estatuak aizkorakada eman zion. Kolektiboak berrartu du, baina bitartean, egunero borroka intentsu batean ari dira».

Inplikazioa areagotu
Jauzi bat eskatu du Etxeberriak, «egunerokoan urgentziaz heldu behar zaiolako gaiari. Gizarteak egin behar du jauzi hori ahal duen neurrian, Parisen edo Bilbon lortu dena, jendearen mobilizazioari esker lortu delako. Gauza txikiekin inplikazioa areagotzea dagokigu herritarroi».

Giza eskubideen erabilera salatu du Alegriak, «hainbat kasutan kalkulu politikoak nagusitzen dira giza eskubideen gainetik. Haurren eskubideak, adinekoenak, gaixo direnenak…  Zergatik erabiltzen dute besteen sufrikarioa eta giza eskubideen urraketa beren kalkulu politikoen arabera?».
Horri guztiari erantzuteko gakoa artikulazio soziala dela dio: «Foro Sozial bat dago EPPKrekin konprometituta, kolektiboa, foroarekin eta euskal gizartearekin konprometitua dago, halaber, eta bagoaz elkarrekin bide hau egitera».

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend