Errenteria Irabazizek herritar guztiak deitu ditu pentsio publiko duin eta iraunkorren alde jubilatu eta pentsiodunen kolektiboek deitutako mobilizazioekin bat egitera.
Errenteria Irabazizeko zinegotziak. Basurto falta da argazkian
Ohiko Osoko Bilkura egingo du astebete barru Errenteriako Udalak, eta Errenteria Irabaziz alderdiak, pentsioen gaia eramango du bertara. Izan ere, mozioa aurkeztuko du gaiaren gainean. Helburua, alderditik azaldu dute: “Errenteriako Udalaren plenoa jubilatu eta pentsiodunen bidezko eskaeren alde irmo azaltzea nahi dugu, beren eskaerak justuak direlako. Azken batean, gaurko jubilatu eta pentsiodunen eskubideak, ondorenean herritar guztienak izango dira”.
Horren harira, sei puntuko mozioa aurkeztuko du plenoan Errenteria Irabazizek hilaren 30ean. Oinarrian, Espainiako Estatuko PPren Gobernuak pentsioak pribatizatzeko hartutako bidea eta jubilatzeko adina atzeratzeko proposamenak ez onartzea, eta 2010 eta 2012an egindako lan erreformak bertan behera uztea eskatuko du mozioak. Eskaera horiek arrazoitu ditu hautesle elkarteak: ” Pentsio sistema bermatzeko jubilatzeko adina atzeratzea ez zaigu bide egokia iruditzen, langileen kaletarako da, eta ez dugu halako neurririk babestuko”.
Lan erreformei dagokionean, berriz, 2010ean eta 2012an egindakoek lan kalitatean ondorio “kaltegarriak” izan dituztela esan du, eta pentsioen etorkizuna eta haien iraunkortasuna “arrisku larrian” jartzen dutela.
Amaitzeko, Errenteria Irabazizek herritar guztiak deitu ditu pentsio publiko duin eta iraunkorren alde jubilatu eta pentsiodunen kolektiboek deitutako mobilizazioekin bat egitera.