Raketistak Lehen eta Orain Kultur Kirol Elkarteko kideek dokumentalean bildu dute raketisten historia haien testigantzarekin. Erabat ezezaguna den gaia argitaratzea izan dute helburu

Ainhoa Palomo eta Jon Juanes, dokumentalaren egileak.
Raketistak lehen eta orain dokumentala egin duzue. Zergatik egin duzue?
Ainhoa Palomo: Gai ezezagun bat ezagutaraztea. Jende pila batek ez daki emakume raketistak pilotari profesionalak izan zirenik, hori da abiapuntua. Raketarekin, eta propio sortutako frontoietan, neurri bereziak zituztenetan aritzen ziren, eta inongo babesik jarri gabe abiadura bizian zebilen larruzko pilotarekin. 1917tik 1980ra arte izan zen halako egitura bat Espainia osoan, frontoiak zabaldu zituzten, baita Ameriketako puntu batzuetan ere, Kuba, Mexiko eta Brasilen, besteak beste. Ezjakintasuna dago gaiaren gainean, eta hori da argitara atera nahi duguna, izan zen errealitate hura.
Ezjakintasuna aipatu duzu, egungoa al da kontua, edo raketisten munduak sona handia hartu zuen garaian ere bazen?
Palomo: Ezjakintasuna egun, baita atzera begira ere. Nire inguruan galdetuta zaharragoak direnei, gurasoek-eta zerbait entzuna badute, baina belaunaldi zaharragoetara joaten banaiz, ez dakite. Ezagutaraztea da helburua, baina ez bakarrik hori, raketistek ondarea biltzen dugula eta historia horri zentzu bat ematen diogula ikustea ere nahi dugu. Haiek hil aurretik dokumentatua utzi nahi genuen. Historia hori eraiki behar izan dugu, eta gauza txikia ez zela izan erakutsi.
Raketisten gaia ezkutukoa dela aipatu duzue. Emakume zirela izan daiteke horren arrazoia?
Jon Juanes: Bai, hala da. Euskal Herrian oso gaizki ikusiak zeuden raketistak. Arratsaldez eta gauez jokatzen zuten, eta frontoitik goizaldeko ordu batean edo ateratzen ziren, eta aktore edo medikuekin joaten ziren garagardoak hartzera. Ondoren, goiz osoan egiten zuten lo. Beste bizitza bat zeukaten. Frankismo garaian edo aurretik ere, imajina zer nolako gizartea zegoen eta nola ikusten zuten bizitzeko beste modu hori. Etxearen arabera, gaizki ikusiak ziren, batzuetan puta gisa hartzen zituzten. Gaueko mundua, dirua, jokoa, apustua… ziren atzean.
Palomo: Agustina Otaola raketista errenteriarraren kasuan, bide bat zuen zabalik, aurretik lau izeba izan zituen raketista, eta pilota munduko familia batean agian erraza da, baina ez beti. Elduaingo Rosa Soroak, berriz, bere senide guztiak pilotari profesionalak zituen, baina aitari ez zitzaion batere gustatzen. Gaur egun oraindik, adineko jendeari galdetzen badiozu, gaizki ikusiak dira raketistak, eta hori Getarian edo Berastegin gertatu zaigu, ustez raketista bat genuela-eta konfirmatzera joan garenean. Aztertzeko gaia litzateke. Aurrerakoiak ziren bere garairako, beste emakumeek garai hartan egiten ez zituztenak egiten zituzten. Kanpoan, ordea, eta kanpoan diodanean, Euskal Herritik aterata edozein lekutan esan nahi dut, sekulako onespena zuten, eta miretsiak ziren.
Juanes: Denetarik dago, jokoa dagoelako tarteko. Hogeita hamar urte atzera egiten badugu, esku pilotan, palan… erreminta guztietan apustuak zeudelako publikoak kristorenak esaten zituen, raketistei ere, eta emakumeak izanik, matxismoa ere ematen zen arlo horretan. Egia da raketistek beste estatus bat zutela.
Palomo: Bai, hala da, baina gizonak ez ziren ezkutatzen aritzen pilotari zirenik, eta kasu honetan, askotan ezkutatu egiten zuten eta esaten zuten bestelako lanetan zebiltzala Bartzelonan edo Valentzian. Hogei urtez, hamasei urtez, edo beste batzuk gutxiagoz, baina profesional izan diren emakumeak dira, profesional mailan aritu ziren emakumeak dira.
Asteartean estreinatu zenuten dokumentala Arrasaten. Zer harrera izan du zuen lanak?
Palomo: Jendea eskertuta dagoela esango nuke, batzuk ezer ez zekitelako, eta beste batzuk ez zutelako uste halako historia bat atzean zegoenik.
«Etxearen arabera, gaizki ikusiak ziren, batzuetan puta gisa hartzen zituzten»
Juanes: Nafarroako Pilota Federazioko lehendakariordea etorri zitzaigun bukaeran, eta argazki batzuk ikusiak bazituela aitortu zuen, baina atzean zer zegoen imajinatu ere ez zuela egiten, eta eskertu zigun.
Palomo: Azaldu nahi izan dugu raketistak nolakoak ziren, eta guk gure amonekin alderatu ditugu. Izugarria da zein espiritu, zein bizitza daukaten. Detaile horiek bildu ditugu.
Juanes: Miren Uzkudun Asteasu-k esaten duenean ‘motoarekin karnetik eta ezer gabe Bartzelonatik’… alderatzen duzu gaur egun 95 urte dituen beste edozein amonarekin, eta ez du zerikusirik, bere familia aurrera atera, etxeko lanak egin eta etxetik atera justu-justu egiten zuten hemen… Asteasuk Kuban dirutza irabazi, eta bueltan, eskaparatean Vespa bat ikusi eta erosi zuen Bartzelonatik ibiltzeko.
Palomo: Batek askatasuna izatea, bere bizitza egiteko, eta erabakitzeko ezkondu edo ez, garai hartan emakume izanik… Autonomia erabatekoa zeukaten. Asteasuk aipatzen du, garbi, askok hartu zutela ardura gerra ondorenean batez ere familiak aurrera ateratzeko.
Eta gustuko zutena eginez…
Juanes: Batzuk bai eta beste batzuk ez. Arrasatera joan ginen, eta bazen emakume bat 85 urte zituena eta debutatzera heldu ez zena frontoiak beldurra ematen ziolako, publikoak eragiten zuen presioaren beldur zelako. Dirutza handia jokatzen zuten, eta ardura handia zen.
Dokumentala egiteko bitartekorik ez duzue izan.
Palomo: Ohartu gara ezin dugula zain egon gauzak egiteko, zain bagaude raketista izandakoak hil egingo zaizkigulako. 90 urteren bueltan daude adinez. Ezin duzu produktua saldu, ez duzulako horretarako denborarik, baina finantzazioa lortzea oso zaila da, gaia oso ezezaguna delako. Errazagoa da esatea ‘bukatzen duzuenean etorri’, baina nola hasten zara, gu ez gara zinegileak, bitartekorik gabe egindako lana da eta errespetua zor zaio. Elkartea gara, Jonek [Juanes] hiru urte daramatza ezertxo ere kobratu gabe lan honetan buru-belarri. Egia da banaka-banaka udaletxe batzuk konpromisoa hartu dutela, baina laguntzarik gabe egindako lana da.
Juanes: Guk hasieran jo dugu raketistak izandako udalerrietara, alde historikoa azaldu diegu, eta harrituta gelditzen dira, ezagunak ez direlako, edo ezagunak izanda ere, hainbesteko sona izan zutenik ez dakitelako. Instituzio handiagoetan, berriz, zaila egiten zaigu benetan ikustea horren atzean zer dagoen. 1943an pilotari profesional guztien erdia baino gehiago raketistak ziren, 734 guztira. Zesta puntak jarraitzen zion 225 pilotarirekin. Izugarria da. Raketisten kromoak atera zituen Tenerifeko tabakalerako nagusiak, eta frankismo garaian kirol merituaren domina bana jaso zuten bi raketistek, Txikita de Anoeta eta Irurak [Maria Antonia Uzkudun eta Eladia Altuna].
Frankoren diktadurak federatu berriak egitea debekatu zuen. Gainbehera etorri zen.
Palomo: Ez da min egin zuen faktore bakarra. Diktadurak hartu zituen neurri zorrotzak hura likidatzeko, desagerrarazteko. Ondoren malgutu egin ziren neurriak, baina helburua hiltzen uztea zen. Gizonen modalitateetan neurririk ez zen hartu, baina emakumeenetan bai.
Juanes: Lizentzia berri gehiago ezin ziren eman, eta frontoi berri gehiago ezin ziren eraiki. 1942an izan zen hori, 1960ko hamarkadan, beraz, ez zegoen belaunaldi berririk, eta hiltzen joan zen.
Oarsoaldean zenbat raketista izan ziren?
Juanes: Hamahiru raketista izan ziren, gehienak Pasaiako lau barrutietakoak eta bana, Oiartzun, Errenteria eta Lezon. Yolanda Sarasua eta Maria Luisa Senar antxotarrak punta-puntakoak izan ziren, eta Agustina Otaola errenteriarra 26 urtez aritu zen profesional, eta aurrelaririk onenetakoa izan zen.
Zein da egungo egoera, bada raketistarik?
Juanes: Oarsoaldean bakarra dago, Oiartzungo Leire Galdos. Beste herrialdeetan ere badago bateren bat, baina Ipar Euskal Herrikorik ez. 2016an, Madrilen azken partida jokatu zenetik 36 urtera, partida antolatu genuen madalenen barruan, Agustina Otaola Raketista Profesionala frontoian, Errenterian. Iaz ere egin zen partida.
«Jende pila batek ez daki emakume raketistak pilotari profesionalak zirela»
Etorkizunik ikusten duzue?
Juanes: Zaila ikusten dut. Raketa beste modalitate bat da, eta ez badu babesik, oso zaila ikusten dut. Egia da pilotari batzuk benetako grina dutela, ikusten dutelako aurretik zer izan zen eta zer izan daitekeen. Modalitate askotan aritu dira, eta argi diote denetan zailena eta espektakulu gehien ematen duena hau dela.
Palomo: Pena da, niretzat arantza bat, zer izan posible duen jakin modalitate horrek, eta ezin iritsi izatea, ezin babesa eman horra iristeko. Gaur egun neskek ezin dute pilotatik bizi, ez dute ezertxo ere kobratzen, kontrakoa, gastatu egiten dute batetik bestera ibili behar dutelako. Ikusiko balute etorkizun bat badela, jendea frontoira joaten dela, hasteko urratsa litzateke, baina norbaitek sinistu behar du horretan.