«Elkarri entzun behar diogu, aspaldi egin ez dugun zerbait da»
Hamar urte zituela ETAk jarritako bonba motxila batek eztanda egin eta zauritu zuen Alberto Muñagorri errenteriarra. Hanka eta begi bateko ikusmena galdu zituen. Beste biktima batzuekin batera, bere testigantza ematen ari da.
«Bizi dugun bake une hau baliatu behar dugu berriro errepikatu ez dadin» «Amak lan handia egin du bonba jarri zutenak gorrota ez ditzadan»Baten batek badio zerbait lortu dugula, bere ustea izango da hori, eta niretzat ez da errealista. Pena ematen dit galdutako denborak, sortutako sufrikario guztiak. Atzera begiratu behar dugu, bizi izan duguna ez ahazteko, eta batez ere, berriro ez errepikatzeko. Gauza ugari ditugu egiteko, eta batzuetan, azkarregi goazela iruditzen zait. Poliki joan behar dugu, jatorri askotako biktimei entzunez. Zurea bezalako adibideekin, biktima batzuk eta gizartea alderdi politikoen aurretik zoaztela erakutsi duzue. Biktimak ari gara. Instituzioei eskatu diet biktimekin ez ahazteko, eta alderdi interesak alde batera uzteko, orain gutxi arte biktimak erabili gaituztelako argazkian jarri, edota bozka eskukada bat lortzeko. Erakundeak gauzak egiten ari dira, garrantzitsua da Memoriaren Institutua izatea, hitzaldiak, erakusketak antolatzea. Biktimak, ni neu, edo GALen biktima izan den Pili Zabala, adibidez, aurretik goazela iruditzen zait, gure testigantza ematen ari gara, lan eskuzabala eginez. Gaitasuna dugu biolentzia ezberdinetako biktimak elkarrekin aritzeko. Polizia gehiegikeriaren, edo ETAren biktimekin hitz egiten dut, eta ez dugu gure artean arazorik, batzen gaituen zer edo zer dago, biolentzia jasan dugu eta gure bizitzan arrasto hori dugu. Hori alderdi politikoen eremura traspasatzerakoan zailtzen dira gauzak. Errelatoa, errelatoak, nola kontatu behar da edo dira? Jakitun naiz biolentzia ezberdinak izan direla, ETAren biolentzia izan da, GALena, Estatuarena, poliziarena… Niretzat, ordea, arazo handiena ETAren terrorismoa izan da. Baina begiak zabaldu behar dira, eta onartu bestelako biolentziak ere izan direla, eta hori ez dut nik ukatuko. Tortura existitzen dela esan didatenean, argi dut hala izan dela eta argi diot gaitzetsi behar dela, torturatu dutenak epaitu behar direla; GALek hildako jendearekin berdin. Ezin dugu ahaztu, bestalde, argitu eta epaitu ez diren ETAren kasu ugari daudela, nirea adibidez. Errelatoak egiazkoa behar du, ez du alde bakarraz hitz egin behar, denaz hitz egin behar du, mahai gainean jarri guztia. Giza eskubideen urraketaz hitz egiten da orain, baina arazo orokor bat izan da hemen, gizarte honek beldurra zuela, eta ahotsa apur bat altxatzen bazenuen arriskuak zenituen. Bere ideiengatik espetxean izan diren pertsonak daude, baina ezin dugu ahaztu, orain gutxi arte, beren ideiengatik hil dituztela pertsona asko. Hau guztia kontatu behar da, biktimen ahotsa entzun eta ez saiatu gauza bat bestearekin zuritzen, ETAren terrorismoaz hitz egiten duzunean, bestelako sufrimenduak badirela esaten dizutelako askotan. Hitz egin dezagun bada horietaz, denak aitortuta. Errelatoak ez du alde bakarra asebete behar, eta argi dago denok amore eman beharko dugula Euskadikoa gizarte hobea izatea nahi badugu. ETAk 2011ko urriaren 20an iragarri zuen borroka armatua behin betiko utziko zuela. Nola bizi izan zenuen une hori? Gordeta dudan egunkarietako bat da. Une pozgarria izan zen niretzat. ETAk inoiz ez zuela existitu behar uste dut, baina izan denez, berri ona izan zen, beranduegi heldu zena, azkenean ez delako ezer lortu. Izan den sufrimendu guztia, hildakoak, mehatxatutakoak, kartzelan daudenak… ez du merezi. Itxaropentsua izan zen albistea, eta uste dut egindako urratsak askoz ere lehenago egin behar zirela. Zergatik egon behar dugu armagabetzearen zain, edo disoluzioaren zain, beren historia amaitu nahi badute eta ez badute berriz ere hiltzeko asmorik? Askotan galdetu izan didate bonba jarri zuena etorriko balitzait, harekin hitz egingo ote nuen. Ez nuke arazorik izango, beti ere damuz eta jarrera eraikitzailearekin etorriko balitz. Ez dut ulertuko hark egindakoa, baina nahi dut jakin zergatik, uste dudalako horrek lagun dezakeela berriz ere halakoak gerta ez daitezen. Biolentzia bitarteko gisa baliatu duten pertsona horiek, beti ere damua azaltzen badute, ekarpena egin dezakete, zergatik egin zuten konta dezakete, behin disolbatzen direnean, prest daudenek. Errenterian urratsak egin dira. Udalak, Julen Mendoza alkatearen gidaritzarekin, elkarbizitza eta erreparazio bidean urratsak egin ditu. Nola ikusten duzu Errenteriaren kasua? Erreferente bat al da? Bai, erreferentea izaten ari da. Lehenengo udala izan zen urratsak egiten, eta lekuko hori hartzen ari dira beste batzuk. Julen Mendozarena diskurtso eredugarria da, eta oso garrantzitsua atzean dituen siglengatik. Biktimekin enpatizatzeko gaitasun handia du, beste pertsona batzuek ez dutena, eta horrek lagundu egiten du. Bestalde, bere garaian biolentzia kondenatu ez zuten alderdien aldetik aitortza zabalago bat falta zait, urrats garrantzitsuak ematea. Urrats horiek egin dituztela diote, nik uste dut ez direla nahikoak. Denok egon beharko genuke izugarri harro egiten ari garenarekin. Barkamena eskatzea, egindako kaltea aitortzea eta berriz ere ez errepikatzeko lanean hastea, harro egoteko modukoa da.
«Jakitun naiz biolentzia ezberdinak izan direla, ETArena, GALena, estatuarena» «Errelatoak egiazkoa behar du, ez du alde bakarraz hitz egin behar»Atzera begiratzeak eman beharko liguke lotsa, hiltzea, mehatxatzea, torturatzea… Horien gainean hausnartu behar dugu. Julen [Mendoza] egiten ari dena izugarri positiboa da. Esan dudan moduan, ordea, beste instantzietatik falta sumatzen dut. Egia da gauzek beren denbora behar dutela. Nik 35 urte behar izan ditut honetaz hitz egiten hasteko. Beraz, uste dut denbora eman behar zaiela besteei ere hausnarketa egin dezaten. Ez dut inoren iritzia aldatu nahi, baina argi dut, indarkeriak, datorren lekutik datorrela ere, inoiz ez duela inora eramango. Bizitza bat galtzen bada, ez dauka justifikaziorik. Nola ikusten duzu etorkizuna? Erronka handiak ditugu aurretik. ETAren biolentziarik ez dago, baina biolentzia matxista edota errefuxiatuen egoera dugu. Egiten ari garen guztiak gizarte hobeagoa izateko lagun dezakeela uste dut. Etsaia hitza ez dut gustuko, baina denekin hitz egin behar dela sinistuta nago, entzun zergatik pentsatzen duen hori. Helburua ez da bere iritzia edo zurea aldaraztea, lehen pertsonan entzutea baizik. Hitz egin behar da, galdetu, eta azkarrak bagara, gizarte hobeagoa izango gara, batez ere, halako egoerak berriz ere errepika ez daitezen. 80 urte ditudanean atzera itzuliko bagina, pena handia hartuko nuke, ezer ez dugula ikasi esan nahiko lukeelako. Denoi dagokigu esfortzu handia egitea. Isolamendu puntu bat ere sentitu dut biktima izateagatik herrian. Hori aldatzen ari da eta jende gehiago hurbiltzen zait. Nik ez nuen ideologiarik, 10 urte nituen. Bada jendea esaten didana sufrimendu handia dagoela oraindik, presoen gaiarekin adibidez. Ez gelditu hor, goazen elkarrekin bizitzera, egin ekarpenak. Errespetua oinarrizkoa da. Beste motatako biktimekin elkartu naizenean, hasieran kostatu izan zait ulertzea pertsona horiek ere nik bezala sufritu dutela, baina horrek batzen gaitu, sufrimenduak. Lan bat egin behar da gizarteari zer edo zer ona eskaini nahi badiozu, beste pertsona horrekin enpatizatu eta ohartzeko berak ere sufritu duela. Gure ideiak azaltzeko aske izan behar dugu, ezin direlako inposatu. Elkarri entzun behar diogu, aukera eman, denbora luzean egin ez dugun zerbait da hori. Errenteria horren adibide izaten ari da.