Karmengo Ama ikastetxeko konpartsek eman diete hasiera Trintxerpeko inauteriei gaur goizean, ipuin klasikoetako pertsonaiekin.
Edurne zuri eta ipotxak ere ibili dira Trintxerpen.
Hasi dira Trintxerpeko inauteriak, gaur goizean, herriko txikienen eskutik. Azken asteotan ikasgeletan sortutako mozorroak soinean, ikasgelak utzi eta kalera irten dira, musika lagun, ipuin klasikoetako askotariko pertsonaiak: hiru txerrikumeak, txanogorritxo, Alicia, 101 dalmatak eta Cruella de Vil,… guztiak elkartu dira Trintxerpen. Karmengo Ama ikastetxeko ikasleek desfilea egin dute goizean.
Barrutiko goiko kaleak zeharkatuta, Arrandegi kaletik jaitsi dira Euskadi Etorbiderantz, herriko bazter guztietara festa barreiatuta.
Asteburu luzea
Inauteriak, ordea, hasi baino ez dira egin Trintxerpen. Gaur arratsaldean Zirizan jarraituko du festak, han aurkeztuko dituztelako 20:30ean bihar eta etzi barrutian desfilatuko duten konpartsak. Aurretik, gainera, erraldoi eta buruhandiak irtengo dira, 17:30ean, azokatik.
Bihar, berriz, kuadrillen eguna izango da. Itsasoa hautatu dute gaitzat, eta ikusteko dago nola irudikatu duten. Horretarako zita 12:00etan da, Azkueneko parkean. Korkoiburuen taldeak deituta han elkartuko dira kuadrillak karro-poteoan bazterrak alaitzeko.
Arratsaldean, berriz, klasiko bat. 16:30etik aurrera konpartsen desfilea irtengo da Esnabidetik, barrutia zeharkatzeko. Guztira, hogei konpartsa, Trintxerpekoak ez ezik, inguruko herrietatik etorritakoak.
Jendetza etorriko da dantzatzera eta jendetza desfilea ikustera, eta horregatik, jai batzordetik garraio publikoan bertaratzeko deia egin dute.
Igandean ere bada desfilea, baina tamainan txikiagoa. Sei konpartsa dantzatuko dira. Ordu eta toki beretik irtengo da igandeko desfilea.
Gauez ere izango da festa
Biharko desfilea bukatuta, herri afaria izango da barrutiko haur eta gazteentzat Karmengo Ama ikastetxearen gimnasioan, eta hura bukatuta ere izango da festa luzatzeko aukera.
Korkoiburuek, tabernarien laguntzaz, Eonian elektrotxaranga gonbidatu dute Trintxerpera parranda ordu txikiak arte luzatu nahi dutenentzat. Serafin Esnaolan izango da gaueko festa.
Bakailaoaren ehorzketarekin, agur
Ohi bezala, bakailaoa uretaratuta agurtuko dituzte inauteriak Trintxerpen. Aurten Korkoiburuek eta Itsasoko Lagunek antolatu dute Bakailaoaren Ehorzketa elkarlanean. 20:00etan irtengo da hileta, prozesioan, Azkuenetik, eta Sastakai Txarangaren laguntzaz egingo dute portura arteko bidea, han, ontziralekutik, bakailaoa uretaratzeko.