Lezoko Udalak gaixotasun arraroen ikerketaren alde lanean ari den elkarte bat lagunduko du, nazioarteko proiektu bat babestuz.
Gaixotasun Arraroak pairatzen dutenen aldeko Elkartasun eta Itxaropena elkarteko kide Sergio Gomez martxoaren 1ean irtengo da Azpeititik, bizikletan, eta 2000 kilometro osatuko ditu. Helmuga, Vatikanoa, eta tartean hainbat geldialdi, tartean Donostia, eta Irun. Batez beste 100 kilometroko etapak osatu asmo ditu Gomezek egunero, guztiak helburu berberarekin: gaixotasun arraroen ikerketaren aldeko mezua hauspotzea nazioartean.
Gaur goizean aurkeztu duten iniziatiba Lezoko Udalean, Jesus Maria Martiarena alkatea eta Gizarte gaietako zinegotzi Noemi Arberas bertan zirela. Nazioarteko proiektuari babesa emango dio Lezoko Udalak, Gomezek esker onez jakinarazi duenez, Gipuzkoako beste udal askok egin duten antzera: «Oso eskertuta gaude alkateekin, Gipuzkoako jendartearekin eta bertako ikertzaileekin».
Elkarteko boluntarioa urteak ditu Duchenne gaixotasuna dutenen aldeko lanean. Agerraldian gogorarazi duenez, Duchenne gaixotasuna haurrengan gehien diagnostikatzen den gihar distrofia da, sendaezina da, eta soilik gizonezkoei eragiten die. Bizikletako erronka gaixotasuna pairatzen duten haurrekin elkartasunean eramango du aurrera, baina, nabarmendu duenez, ez soilik haien alde: «2000. kilometro bizikletan gaixotasun arraroak pairatzen dituzte haur guztien alde». Ikerketaren beharra aldarrikatu du Gomezek, eta bitartekoan jartzera deitu, «diagnostikorik ez duten haur asko badirela» gogoratuz.
Tapoi bilketa solidarioa
Duchenne gaixotasunaren ikerketan laguntzeko, tapoiak biltzen ditu baita ere elkarteak, eta hori dela eta, kiroldegian edukiontzia jarriko dute horiek biltzeko. Gomezek «plastikozko tapoi bakoitzak ilusio handi bat» garraiatzen duela argudiatuta, horiek eramateko eskatu zuen.