Lezoko PSE-EE, Martxoaren 8ko lanuzteekin bat

Sanchez PSE-EE

Jose Angel Sanchez da PSE-EEren eleduna.

Lezoko PSE-EEk Martxoaren 8rako nazioartean deituta dagoen planto feministarekin bat egin du. Egun horretan bi orduko plantoa —UGT eta CCOO sindikatuek horretara deitu dute, besteren artean— egitera deitu du Jose Angel Sanchez sozialisten udal eledunak (egun horretarako Euskal Herriko mugimendu feministak lau orduko lanuzteak deitu ditu, goizez eta arratsaldez).

Plantoa udalak babes dezan mozioa aurkeztu du Sanchezek, hurrengo udalbatzarrean aztertzeko. Bertan jasota dagoenez, beste alderdiei nahiz herritarrei oro har dei egiten diete PSE-EEk proposatzen duen lanuztean parte hartzeko “kontzientziazio, sentsibilizazio eta aldarrikapen modura. Izan ere, emakumeek jasaten duten egoera ez da bidezkoa ez familia alorrean zein gizarte eta lan arloetan”.

Bigarren mozio bat ere aurkeztu dute Lezoko PSE-EEko kideek. Horren asmoa da udalari eskatzea eraso sexisten kontrako sakelako telefonoen aplikazioan Lezok ere parte hartzea, Eudelekin elkarlanean. Sozialisten esanetan, emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontrako gaitzespen mezuak “ez dira nahikoa. Aplikazioa bezalakoak martxan jarri behar dira, horren bidez edozein eraso sexista unean sala daitekeelako, era eraginkor eta azkarrean aurre egiteko aukera emanaz”.

Sanchezek oroitarazi du Lezoko PSE-EEk abian jarritako iniziatibari esker herriak baduela Berdintasun teknikaria; beste alderdi guztiek onartu egin zuten ekinaldi hori.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend