Unibertsitate ikasleak, Haurtzaro Ikastolan
Irakasleen prestakuntza masterreko ikasleak Oiartzungo ikastolan izan dira, teknologia gela eta laborategia ezagutzen
EHUko ikasleak, Haurtzaro Ikastolako laborategian.
Arraroa dirudien arren, unibertsitate ikasleak Haurtzaro Ikastolan izan ziren pasa den astelehenean. Ez da ikasgairen bat edo beste zintzilik utzi zutelako, baizik eta euren formazioan sakondu nahi dutelako. DBHko eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzako masterrean Teknologiako espezialitatea egiten ari diren EHUko ikasleak ziren. Kristina Zuza irakaslearekin batera gerturatu ziren hogei ikasleak.
Teknologia gela eta laborategia berrituak bisitatu zituzten eta irakasleekin hitz egiteko aukera izan zuten. Zuzak berak esan zuenez, unibertsitatean jasotzen ari diren formazioaren osagarri “bikaina” izan zen Haurtzaro Ikastolara egindako bisita. Lanerako metodologiaren berri izan zuten, eta gelen antolaketa eta segurtasun arauak ere ezagutu zituzten.