‘Aiako Harriko derbia’ jokatuko dute gaur Elorsoron

Power Rangers eta Miren Taberna areto futboleko taldeen arteko partida izango da arratsean; denboraldiko punturik onenetakoan daude biak
aiako harriko derbia

Elorsoroko kantxa nor baino nor ariko dira bi taldeak.

Bizitza ez dela zuria ala beltza esaten da. Gaur bai, gaur bata edo bestearen artean aukeratu beharko da. Izan ere, arratsean areto futboleko Gipuzkoako Bigarren Mailako Aiako Harriko derbia lehiatuko dute. Power Rangers —zuriak— eta Miren Taberna —beltzak— taldeak sasoiko momenturik onenean daude, eta gaur arratsean indarrak neurtuko dituzte. Dortmundeko Gelbewand-aren pareko girorik ez da sortuko Elorsoron, baina ez dira urruti ibiliko.

Otsailean uzta oparoa izan dute Oiartzungo bi taldeek. Jokatu dituzten lau partidetan, Power Rangersek bi garaipen eta bi berdinketa eskuratu ditu. Miren Tabernak, berriz, dituen hiru garaipenetatik bi eskuratu ditu hilabeterik motzenean. Aurrekoa, zehazki, Power Rangersen kontra lortu zuten, lehen itzuliko partidan. Hori bai, rangerren golegile nagusiak ezin izan zuen orduan jokatu. Power Rangersek odolkiak ordainetan eman nahiko dizkiete gaur…

Gainontzeko partidei dagokienez, Oiartzun Kirol Elkarteko nesken talde nagusiak ez ohiko ordutegian —bihar arratsaldean— jasoko du San Ignacioren bisita. Bosgarren postua dago jokoan. Oiartzuarren esku dago, baina puntu bat gutxiago daukate bilbotarren. Ea nork esaten duen “Niri bost”.

FUTBOLA

Emakumeen Bigarren Maila

  • Oiartzun-San Ignacio: bihar, 18:00etan, Karla Lekuonako zelai txikian.

Gizonen Erregional Ohorezko Maila

  • Oiartzun-Mondragon: bihar, 15:30ean, Karla Lekuonako zelai txikian.

Emakumeen Euskal Liga

  • Oiartzun B-Añorga: etzi, 17:00etan, Karla Lekuonako zelai txikian.

Gizonen Erregional Preferentea

  • Trintxerpe-Oiartzun B: bihar, 17:30ean, Trintxerren.

Emakumeen Erregional Maila. Gipuzkoako Kopa

  • Danena-Oiartzun: bihar, 15:30ean, Zizurkilgo Elbarrena futbol zelaian.

ARETO FUTBOLA

Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila

  • Oiartzun-Iurre Taberna Tolargi: bihar, 17:30ean, Elorsoro kiroldegian.

Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila

  • Power Rangers-Miren Taberna: gaur, 20:30ean, Elorsoron.

SASKIBALOIA

Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila

  • Goierri-Oiartzungo Saskilagunak: bihar, 16:00etan, Urretxuko kiroldegian.
Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend