«Ijitoak gara, baita euskaldunak ere, eta askatasunari abesten diogu»

Yoni Camacho Sonakay taldeko abeslaria.

Yoni Camacho, Sonakay taldeko abeslaria.

Sonakay taldeko abeslaria da Joni Camacho (Errenteria, 1989). Flamenkoa egiten du taldeak, baina euskaraz, eta horrek, orain arte ezaguna ez zen fusioak, musika munduko ateak zabaldu dizkio talde donostiarrari. Horrek, eta Espainiako Tele 5 katearen Got Talent saioan parte hartu izanak.

Camachok, egiten dutenaz, taldearen ibilbideaz, ijito eta euskaldun izateaz, eta batez ere bere pasioaz, musikaz mintzatu da. Errenteriarrarekin batera, David Bernardez perkusionista, Ramon Velez eta David Eskudero gitarristak, Beltza Jimenez baxujolea eta Ruben Jimenez ordezkaria ari dira abentura horretan. Oinak lurrean, atzera begira, orain 12 urte  «behe-behetik» hasi zela taldea nabarmendu du Camachok, eta flamenkoa euskaraz egitea hautu kontzientea dela, ijitoak direlako eta euskaldunak. Beraien taldea, «aitzindari» den zalantzarik ez du, «halako musika proiekturik ez delako izan gure aurretik».

Noiz sortu zenuten Sonakay taldea?
Duela hamabi urte sortu genuen taldea, denak oso gazteak ginen, eta denbora pasa gisa, gustuko genuelako hasi ginen elkartzen, arratsaldea pasatzeko. Garajea genuen Beraun auzoko Parke kalean, eta arratsaldero elkartzen ginen bertan. Hasi eta denbora batera, Altxerri galeriakoek aukera eman ziguten bi gauetan emanaldia egiteko bertan. Ijito Herriaren Nazioarteko Egunean izan zen, gogoan dut, apirilaren 8an, eta hor hasi ginen, gure lehen emanaldia izan zen.

Talde gisa bereizi, eta duela hiruzpalau urte elkartu zarete berriro.
Bai, hala da, bakoitzak gure bidea egin dugu, eta elkarrekin izan bagara ere, eta garajean elkartu garen arren, denbora honetan, profesionalki, bakoitza beste talde batzuetan aritu gara. Itzulera bakoitzean, Beraunen elkartzen ginen, gure topaketa puntuan, musika egin eta horrekin gozatzera. Azken lau urteetan hasi gara gure proiektua egiten, flamenkoa euskaraz egiten.

Flamenkoa euskaraz. Nola hasi zineten fusio horretan? Halako esperientzia gehiagorik ez dago, ezta?
Gabon kantaren bat egin dute flamenkoa eta euskara nahastuta, baina ez dago beste flamenko talderik euskarazko bertsioak egiten, aitzindariak gara.
Entsegu batean sortu zen. Entsegua amaituta taldekideek jarraitu zuten jotzen. Buleria batekin hasi ziren, hiru-lauko konpasekoak dira horiek. Kasualitatea izan daiteke, baina kantautore euskaldun guztiek, Xabier Letek, Imanolek, Benito Lertxundik, Urkok, eta Mikel Laboak berak asko erabiltzen zuten gitarra, baita hiru-lauko konpasa ere. Flamenkoei horrek atentzioa ematen digu. Txoria txori bestia ezagutzen genuen, betitik entzun dugu ikasten genuenean, eta ni abesten hasi nintzen euskaraz, beraiek buleria jotzen ari ziren bitartean. Horrela sortu zen.

Bost kide gara taldean, eta batzuei gustatu zitzaien eta beste batzuei hasieran ez, iritzi ezberdinak zeuden. Emaitza ikusi genuen, jendea harritzen zela, eta erabaki genuen bide horretatik jarraitzea eta Txoria txori Mikel Laboaren abestiaren bertsioa eginda, Benito Lertxundiren Loretxoa kantaren bertsioa egin genuen, 2016 urtean. Aiako Harrian grabatu genuen bideo bat, bertsioa egiten familia eta lagun artean. Urko abeslariaren Lehenengo ikasgaia abestiaren bertsioa ere egin dugu,eta horien bideoak Youtuben ditugu igota.

Eta zuen proposamena erantzun ezin hobea jasotzen ari da.
Bai, izugarria izaten ari da. Gu geu gaude harrituta jendearen artean izan duen harrerarekin, egiten dizkiguten maitasun erakustaldiekin, mezuak bidali dizkigute, kaletik gelditu eta bihotzez pentsatzen dutena esaten digute, eta asko dira aurrera egiteko esaten digutenak, babesten gaituztela. Izugarria izaten ari da.

Espainiako Tele 5 telebista kanalaren Got talent saioan izan zarete eta horrek hautsak harrotu ditu. Balorazio ezin hobea jaso zenuten bertan. Nola daramazue hori, zer suposatu du zuentzat?
Poza izugarriz bizi dugu gertatutakoa. Hainbeste urtetako lanaren aitortza da, azkenean, hamabi urte daramagulako elkarrekin. Leku askotan jo dugu, entsegu ordu ugari daude atzean, autodidaktak gara bost kideak eta jotzen ikastea kosta egin zaigu. Orain, gertatzen ari zaiguna dastatu nahi dugu, garaia zelako zerbait ona jasotzeko. Pozik gaude, eta gainera jakin badakigu telebista saio horren lehen fasea gainditu dugula, eta aukera dugula berriz ere joan eta beste emanaldi bat egiteko. Izugarri garrantzitsuak dira telebista minutu horiek guretzat, jendeak gure taldea eta proiektua ikus dezan.

Ez dago beste flamenko talderik euskarazko bertsioak egiten»
«Gu geu gaude harrituta jendearen artean izan duen harrerarekin»

Diskorik ez duzue kaleratu oraindik. Orain ikusi duzue horretarako aukera?
Ez dugu diskorik atera orain arte, eta orain, gertatzen ari denarekin planteatzen hasi gara  diskoa kaleratzea. Egin dugu maketaren bat, etxeko grabazioren bat, eta inoiz ez dugu planteatu diskorik egitea, gu amateurrak gara, ez gara profesionalak. Orain telebistan aterata gertatu zaiguna lantzadera izan da guretzat, eta espero dugu norbaitek gure aldeko apustua egin eta zerbait egiteko aukera izatea bide horretan, disko bat ateratzea, abesti pare bat, edo gutxienez ongi editatutako bi bideo egitea, profesionalak.

Yoni Camacho Sonakay taldeko abeslaria.

Yoni Camacho Sonakay taldeko abeslaria.

Zaila da ijitoa eta euskalduna izatea, eta hori aldarrikatzea?
Bai. Egia da zaila dela. Estereotipo asko dago, eta bizi garen gizartea, apur bat arrazista da, matxista da. Oro har ez dabil ongi, arazo ugari daude, ijitoekin, payo-ekin, euskaldunekin, katalanekin edota andaluzekin. Arazoa orokorra dela esan nahi dut horrekin. Gizartea une konplexua bizitzen ari dela esango nuke. Bat-batean gu heldu gara, bost ijito euskaldun flamenkoa euskaraz abesten, askatasunaren gainean hitz egiten, eta hori abesten dugu horrela sentitzen dugulako, ijitoak gara, baita euskaldunak ere, eta askatasunari abesten diogu. Hala erabaki dugu eta harrotasunez egiten dugu, eta badirudi une egokian heldu dela, gainera. Egoera politikoa kontuan hartuta, esango nuke ezin hobeki heldu dela gure ekarpena.

Zu Errenterian bizi zara, eta beste kideak Donostian, Irunen eta Hernanin. Zuk sentitu duzu arrazakeria?
Ez dut ukatuko inoiz baztertua sentitu izan naizenik ijitoa izateagatik, baina pertsonalki aitortu behar dut jende atseginaren artean bizi naizela, erabat integratuta gaude urte mordoa daramagulako auzo eta leku berean bizitzen. Egunero ikusi gaituzte goizeko seietan lanera joateko etxetik ateratzen, eta arratsaldean iristen eta inguruko jendearekin elkarbizitza ezin hobea da. Egia da, gainera, zure portaerak egiten duela jendeak zutaz ongi edo gaizki hitz egitea, eta egia da inoiz arrazakeria egoeraren bat bizi izan dugula, baina puntuala izan da. Oro har, maitatuak sentitzen gara. Errenterian, joaten naizen lekura joaten naizela agurtu egiten naute, lagunak ditut, ongi moldatzen naiz jendearekin. Ezinikusia sentitu dudan? Bai, baina oso-oso gutxitan. Ez da zerbait ohikoa izan inondik inora ere.

Donostiako San Martin azokako gastropotean parte hartu duzue sarritan. Zein kontzertu dituzue epe laburrean?

Finalerdietara joan behar dugu Tele 5 telebista kateko Got talent saioan. Hiru eta lau boto jaso zituzten 50 parte hartzaileen artetik aurre hautaketa bat egiten du programak, eta 36 talde deituko dituzte bertara. Uste dugu martxo erdialdean jakiterik izango dugula, eta aurretik hautatzen bagaituzte berriz ere joan beharko dugu, eta ez dugu nahi itxi emanaldirik gero ezin badugu bete. Tentuz ari gara, eta kontzertuak oso epe laburrera ixten ari gara.

Ikaragarria izaten ari da guztia. Dei ugari jasotzen ari gara, emanaldiak, aretoak-eta kontratuak eskaintzen, eta gauzak ongi egin nahi ditugu, oinak lurrean, eta poliki.

Musika munduan hasi zinetenetik, hamabi urte hauetan zer izan da zailena?
Konstanteak izatea. Konstantzia dohaina da, eta jakin dugu izaten, ikasi dugu konstanteak izaten, denborarekin. Ezer ez da bi egunetan egiten, eta hori argi dugu. Behe-behetik hasiak gara gu, ezinezkoa zen beheragotik hastea, ekiporik gabe, instrumenturik gabe… pixkanaka egituratu dugu taldea, ezerezetik hasita. Gaur egun ere ez dugu gauza handirik, baina bai gure ekipoa, gure instrumentuak, eta gai izan gara bi bidaia egiteko, biak gure kontura, Bartzelonara eta Madrilera. Dirua gure lanetik eta emanaldietatik atera dugu.

Gehien ase zaituena?
Komunikabideen eta promotoreen deia jasotzea. Aitortza, lana ematea. Agian bizi ahal izango dugu, maila batean bada ere, bizitza osoan egiten ari garenaz, musikaz.

Zer suposatzen du musikan, eta harago joanda kulturan, Sonakayk egiten duena, flamenkoa euskaraz egitea?
Musikan zerbait egiten lehenengoa zarenean oso zaila da, eta meritu hori eramaten duzu, onerako edo txarrerako. Sonakay lehenengo taldea izan da flamenkoa euskaraz egiten, eta kakotx artean bada ere, ongi egiten. Errespetutik egin dugu, ezagututa euskal kultura, eta jakitun izanik zein abesti eta zergatik aukeratzen dugun. Kulturalki, berriz, esango nuke gure proposamenak pluraltasuna ekarri duela. Bost ijito euskaraz abesten entzuten dituzunean burmuinean zirkuitulaburra eragiten dizu lehenik. Kataluniako runba hor dago, normaltasunez ikusten dugu, eta milaka ijito kataluniarrak daude, Kataluniako runba abesten dutenak. Kontzeptua bera da, azkenean. Kontua da  flamenkoa Andaluziarekin nahasten dela, eta flamenkoa ez da Andaluziakoa, ondare unibertsala baizik, blues, jazz edo rocka bezala, flamenkoa guztiena da.

«Inoiz baztertuta sentitu naiz ijitoa izateagatik, baina ez da ohikoa izan»
«Behe-behetik hasiak gara gu, ezinezkoa zen beheragotik hastea»

Zer duzue esku artean?
Proiektua dugu esku artean, kantautore euskaldun batekin zer edo zer egin nahian gabiltza kolaborazioa egiteko, eta erakusteko ditugun bi kultura zahar eta indartsuak elkarrekin agertoki gainean jartzeko; euskaraz abestea banda flamenko batek lagunduta, eta nik aukera izan dezadan harekin abesteko. Izugarria behar du eskusoinua, gitarra flamenkoa, kaxoia eta txalapartaren doinuak batera entzutea eta dantzariek laguntzea.

Proiektu hori prestatzen ari gara, eta ongi egin nahi dugu, jende dezente inplikatuta. Hasieratik gure aldeko apustua egin duen jendea izatea nahi dugu, gainera. Oinak lurrean ditugu, eta argi zer egin nahi dugun, baina ezin dugu gauza handirik aurreratu Tele 5 katearekin dugun konfidentzialtasun kontratua dela eta. Aurreratu dezaket oso gustuko ditugula Ipar Euskal Herriko kantak.

Aukeratzen dituzuen abestiak, nahita, kontzienteki egindako aukeraketak direla esan duzu.
Benito Lertxundiren Loretxoa, adibidez, taldean une txarra pasatzen ari ginelako aukeratu genuen. Une hartan bajista den Beltza [Jimenez] ez zegoen, eta pertsonalki une delikatua bizi genuen. Afaltzen ari ginela Benito Lertxundiren abestia entzuten hasi ginen espero gabe, eta elkarri begiratuta erabaki genuen hori izango zela egingo genuen hurrengo bertsioa.

Afari hori inflexio puntua izan zen, gainera, taldearentzat. Hitz egin gabe, denok jakin genuen  hurrengo bertsioa Loretxoa izango zela, eta gau hartatik aurrera ez genuela etenik egingo musikan. Konstantzia bihurtu genuen lehenengo arau une hartan, eta bagenekien beste harri bat edo azkena izango zela; erabaki genuen beste bat izatea. Jaio naiz libre izateko, ta ez loturik egoteko esaldia izugarria da, asko gustatzen zaigu eta erabakia hartu genuen.

Sonakay calo hizkuntzan, urrea da. Zergatik erabaki zenuten izen hori jartzea?
Urrea oparotasun sinboloa da ijitoentzat. Esanahi horrek eraman gintuen taldeari Sonakay izena jartzera.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend