Festa izango da, etxeko lanetan ari diren emakumeak batu eta jai giroan gozatuko dutelako eguna; baita aldarrikapena, emakumeek berez jasaten duten desberdintasun egoera, muturrekoa delako etxeko langileen kasuan.
SOS Arrazekeriako Etxeko Langileen taldeko kideak.
Aldarrikapen festa egingo dute igandean atzerritik heldu eta etxeko langile diren emakumeak. Festa izango da, etxeko lanetan ari diren emakumeak batu eta jai giroan gozatuko dutelako eguna; baita aldarrikapena, emakumeek berez jasaten duten desberdintasun egoera, muturrekoa delako etxeko langileen kasuan, eta are okerragoa barneko etxe langileen kasuan. SOS Arrazakeria barnean dauden etxeko langile migranteek antolatu duten jaiak, neurriz gainezko lan baldintzak eta bizitza sozialerako duten denbora urriari aurre egin, eta kolektibo horretako emakumeen arteko sareak eta konplizitateak josteko espazioa izan nahi du. Hala azaldu zuten Maria Fernanda Sanchezek, Oneyda Saenzek, Feriel Zoubirrek eta Glenda Izagirrek atzo arratsaldean egin zuten agerraldian.
Laurak dira etxeko langileak, eta muturreko lan baldintzak salatzeko tartea baliatu zuten atzoko agerraldian: “Ez gaude Etxeko langileen Nazioarteko Eguna ospatzeko moduan; aitzitik, aldarrikatzeko eguna dugu, etxeko lanetan eta pertsona mendekoen zaintzan dihardugun emakume etorkinok bizi ditugun injustizien aurka”. Harago joan zen Saenz, “diskriminazio onartezina da gizonak ez arduratzea behar luketen neurrian lan erreproduktiboaz, eta etxeko eta zaintza lanek duten estimu urria gizartean zein ordainsarietan”.
Lan zuzenbideak “gutxiespen” hori islatzen duela salatu zuen, “berdin bermatu beharko lituzke langile guztien eskubideak, baina ez da horrela, etxeko lanetan egindako jarduerei gutxieneko soldata eskasa ezartzea ahalbidetzen du etxeko lanetako zerbitzuko arautegi espezifikoak, eta legezkoa jotzen du, bestalde, lanordua astean 60 ordukoa izatea. Kontratua bertan behera edozien momentuan utzi dezakete, arrazoi jakinik eman gabe eta kalte ordain ziztrin baten truke: lan egindako urte bakoitzeko 12 egun”.
Etxeko langileek gainera, ez dutela langabezia saria edo subsidiorik jasotzeko aukerarik salatu dute beren lan osasun eta segurtasun eskubidea ez dagoela arautegian garatua. Migrazioa legeen gainean ere aritu zen Saenz: “Migrazio legeek lan esplotazio eta kalteberatasun egoerak sortzen dituzte, oztopoak ezartzen dizkigute sistematikoki eta gure egoera administratiboa azkar erregulatzea zailtzen du. Guretzako ez dago berdintasunik, ezta familia eta lana kontziliatzeko aukerarik ere, kontrakoa baizik, lan baldintza bidegabeak, bakartasun soziala, eta era guztietako abusuak sufritzeko arriskua”.
Kolektiboaren eskaera zehatzak
Hipokrisiaz beteriko diskurtsoekin kokoteraino daudela esan zuen Saenzek, “justifika ezina zuritzen saiatzen dira: milaka eta milaka emakumeren neskametza, estatu patriarkalaren interesen izenean”.
Euskal gizarteari eta bereziki ardura politikoa duten pertsona eta erakundeei etxeko langileen lan baldintzak eta egoera soziala hobetzeko lanean hastea eskatu zien, “emakume, etorkin eta etxeko langile gisa jasaten dugun diskriminazio oro aurreikusi eta borroka dezatela”. Lehentasunez eta urgentziaz hartzeko neurriak zehaztu zituen: gehienez benetako 40 lanorduko astea; egindako lanaren araberako soldata; gainontzeko sektoreetan jasotzen den kalte ordain bera; lan ikuskaritzaren erantzun azkar eta eraginkorra abusu salaketa guztiei; langabezia prestazioa; benetako soldaten araberako kotizazioa; eta pentsio duinak.
Horiek guztiak aldarrikatuko dituzte igandean Merkatuzarren antolatu duten festan, 15:30etik 19:00etara. Etxeko langile migranteek bizipenak kontatuko dituzte, eta eztabaidarako espazioa ere izango da, bertan. Hori guztia, hainbat herrialdetako janaria dastatzen duten bitartean, eta Son Kandela musika taldearen doinuen erritmoan. Migranteak bai, baita etxeko langile guztiak eta emakumeak oro har deitu dituzte parte hartzera.