Goi mailako musikarekin elkartasuna Iztietako parrokian

Mari Jose Portu eta Josetxo Oliveri Garrintziko kideak; Jon Kortajarena, Marceliano Salvador eta Asun Sanz Afagiko kideak, eta Joserra Trebiño parrokiako ordezkaria gaurko agerraldian-

Ia aurrekaririk ez duen musika kontzertua emango du Errenteria-Oreretako Garrintzi Abesabatzak larunbatean, 20:00etan, Iztieta auzoko San Jose Langilearen Parrokian. Carlos Alberto Irigarayren Navidad criolla obra interpretatuko dute errenteriarrek, eta inguruan obra hori entzuteko aukera izango den bigarren aldia izango da, hortaz, gisa honetako kontzertu bat bakarrik egin da, Garrintzik emana ere, 2017ko martxoan. Gainera, elkartasun helburua du musika emanaldiak, kontzertua doan izanik ere, horren bukaeran ikusleek donazioa emateko aukera izango dutelako: Afagi Alzheimerra duten pertsonen, lagunen eta senideen aldeko diru bilketa egingo dute.

Navidad criolla Alberto Irigarayren (Uruguai, 1916-1987) obra ezagunena da; bere musika sorkuntzak hezkuntzarako baliatu zituen. Garrintziko zuzendari Josetxo Oliverik gaurko aurkezpenean esan duenez, ez zen batere erraza izan partitura lortzea –2014tik lan egin du hori lortzeko—; hala, ikerketa lan sakon baten ondoren, Oliverik jakin izan zuen 1966an diskoa bat grabatu zuela Argentinako abesbatza batek Navidad criolla-rekin. Abesbatza horretako kide baten bitartez, eta lan handia eginda, lortu zuten partituta Errenteriako koruko kideek. Hura Alberto Santosek moldatu, eta iazko martxoan estreinatu zuten Maria Madalenaren elizan, estreinaldi modura.

Bost zatitan dago banatuta obra, eliz musika da, eta orotara 15 pasarte ezberdin ditu, narratzaile batek gidatuta —Argentinako hitz egiteko era erabiliko du Errenteriako emanaldian narratzaileak—. Ordubeteko kontzertua izango da, Oliverik adierazi duenez, “atsegina eta gustagarria”. Errelato antzekoa da, erritmo kreoleko konposizioekin.

1973an sortutakoa da Garrintzi korua, Gartxuak eta Intzike abesbatzen baturatik. Ordutik bide luzea egin dute, urteko datarik esanguratsuena Errenteriako Gabonetako Abesbatza Lehiaketa Probintziala dutela —11tan irabazi dute—. Kontaezinak dira urteotan Garrintzik Errenterian, Euskal Herrian eta nazioartean eman dituen kontzertuak.

Afagiren aldekoa
Gaur goizeko aurkezpenean Afagi elkartearen izenean hitz egin du Jon Kortajarenak, Oarsoldean elkarteak duen ordezkariak. Zinez eskertu egin ditu San Jose Langilearen Parrokiako nahiz Garrintziko kideak musika bidezko elkartasun keinuagatik, “eskerrik asko 1991tik lanean ari den proiektu honekin bat egiteagatik. Horrelakoek Alzheimerraren kontra borroka egiteko indar handiagoa ematen digute”.

Kortajarenak Alzheimerraren dimentsioaz hitz egin du. Esan duenez, 2015an, Gipuzkoan 12.100 pertsona inguru ziren gaixotasun hori edo antzekoak zituztenak, eta 2030erako zifra hori bikoiztu daitekeela ohartarazi du. Hala, gaixoekin bakarrik ez, haien inguru guztiarekin lan egiten dutela nabarmendu du Kortajarenak, era integralean: babes juridikoa emanaz, laguntza ekonomikoa ziurtatuz, gizarte-osasun zerbitzuak erraztuz, ikerketa bultzatuz, formazioa landuz…

Parrokiakoak, oso pozik
Iztietako parrokiako apaiz Joserra Trebiñok ere esker on hitzak izan ditu kontzertuaren partaideentzat eta Afagiko kideentzat. Zehaztu du parrokia zeharo errotuta dagoela Iztieta auzoan, auzoko lan handia egiten dutela, kanpora begira ari dela San Jose Lasngilearen parrokia. Eta kontzertuaz, adierazi du musika eta abestea egungo gizartearen ezinbesteko osagai direla, eta gainera, Navidad Criolla eliz musika denez, bat egiten duela euren zereginarekin. “Gozatzeko aukera oso ona da”, aitortu du.

Kontzertuaren fitxa

Obra. Navidad Criolla (Carlos Alberto Irigaray, Uruguai). Iraupena: ordubete inguru. Eliz musika da, narratzaile baten gidaritzarekin, Hego Amerikako kreole kulturaren erakusgarri. Bost zati nagusi ditu, 15 azpi ataletan banatuta. Ez da geldiunerik egongo, kantu guztiak jarraian dira.

Garrintzi abesbatza. 50 kidek osatzen dute. Kontzertuko partaide bereziak:

  • Musikariak: Miren Etxebeste (teklatua), Ana Camarero (gitarra), Maitane Crespo (akordeoia) eta Iñaki Letamendia (perkusioa).

  • Sopranoak: Arantxa Coca eta Ainara Garcia.

  • Kontraltuak: Nekane Berridi eta Jasone Idiazabal.

  • Tenorea: Agustin Bagües.

  • Baritonoa: Alberto Mendigutxia.

  • Narratzailea: Sebas Galdos.

  • Zuzendaria: Josetxo Oliveri.

  • Piezaren egokitzapena: Alberto Santos.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend