Hondakinen gaikako bilketan jarritako erronka gainditu du Errenteriak

Legorburu eta Lemos gaikako bilketaren gaineko datuak ematen.

Legorburu eta Lemos gaikako bilketaren gaineko datuak ematen.

Gaika bildutako gaiak %62,2 izan dira pasa den urtarrilean. Pozik azaldu dira Bernar Lemos Hirigintza eta Hiri Mantenu zinegotzia eta Jose Cruz Legorburu Ingurumen zinegotzia: “Ongi ari dira herritarrak, eta eskerrak eman eta zoriondu egin behar ditugu erakusten ari diren jarrera ekoaktiboagatik”. Udalak gaikako bilketa ahalik eta ondoen egiteko tresnak jarri behar dituela herritarren eskura, baina azken horien parte hartze aktiborik gabe ezinezkoa dela halako datuak lortzea nabarmendu du Lemosek.

2017ko azaroan abiatu zuen udalak  hondakinak gaika biltzeko sistema berria, eta datuek erakutsi dute ongi erantzuten ari direla herritarrak. 2014an hondakinen %31,8 biltzen ziren gaika. Borondatezko edukiontzi marroia jarri zuen udalak 2015ean, eta gaikako bilketak gora egin zuen eta %42,3ra iritsi. Aurtengo urtarrileko datuek, ordea, aurrekoak hobetu dituzte eta Errenterian gaikako bilketa %62,2an kokatu. 2017ko urtarrilean 101 tona hondakin organiko bildu ziren udalerrian; urtebete beranduago, aurtengo urtarrilean,  247 tona, “bikoiztu baino gehiago egin dugu gaika bildutako hondakin organikoaren kopurua”. Legorburuk errefusaren datua eman du, eta 2017ko urtarrilean 732 tona bildu zituzten, eta aurtengo urtarrilean 477 tona.

Datuek bide onetik doazela erakusten du, erronka orain horiek hobetzea dute: “Argi dago aurrera egin dugula baina hobetu daiteke eta poliki joango gara”. Hondakinak biltzeko sistema berriaren helburua berreskuratze portzentaje handiak lortzea da lehengaietan eta gai naturaletan, birziklatu eta berrerabili daitezen. Helburu hori lortzeko bidea, berriz, errefusa frakzioa murriztea da. Errenteriako Udalak 2013 urtean egindako azterlanaren arabera, zabor poltsetako %5 baino ez da birziklaezina; gainerako %95a, hortaz, berrerabili daiteke.

Europako Batasunaren helburua, beteta

2020 urterako %50 gaika biltzea ezarri du Europako Batasunak. Errenteriak gainditu du dagoeneko helburu hori, eta Donostia eta Irun bezalako hirien datuak hobetu ditu. Lemosek esan duenez, “Europako Batasuneko 28 estatu kideen artean, Alemaniak bakarrik hartuko liguke aurrea, 2016an  %66,1eko tasa lortu zuelako”.

Birziklatze sisteman aktiboki parte hartzen duten bizilagunek, aurten ere hobariak izango dituztela gogorarazi du Hirigintza zinegotziak.

Gaikako bilketa hobetzea da erronka, baita Errenteria herri garbiagoa eta osasungarriagoa egitea. Horri begira, maiatzean altzariak eta bolumen handiko hondakinak biltzeko sistema martxan jarriko du udalak. Horren arabera, telefono zenbaki batera deitu beharko dute herritarrek eta hitzordua finkatuta, bilketa zerbitzukoek atarian bertan jasoko dituzte altzariak edota bolumen handiko hondakinak.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend