«Herritarrak dira prozesuaren bermea, hori da garrantzitsuena»
Ekainaren 10eko giza kateari begira jarri da Errenteria-Oreretako Gure Esku Dago. Arrazoiekin jantzi nahi du erabakitzeko eskubidea, atzera bueltarik ez duen prozesuan aurrera urratsa egiteko.
«Erabakitzen hasten den orok, ez du utziko beste edonor bere ordez erabakitzen» Arkaitz Anza GEDko kidea «Jendeari galdetu egingo zaio zer eta zertarako erabaki nahi duen» Itxaso Otaegi GEDko kideaHori guztia gure webgunean kontsulta daiteke, baina guk zuzenean egin nahi dugu lanketa, ahoz aho, eta dena ongi azalduta. Edozein informazioa jasotzeko, gainera, astelehenetik [hilak 12] hasi eta ekainera arte Maria Lezo kaleko lokala zabalik izango dugu astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara. Ekainera hurbiltzen goazen neurrian, larunbatetan ere zabalik izango da lokala. Anza: Aplikazioa tresna izugarria da, horrek erakutsiko digulako azkenean zein diren gure indarguneak, eta nola joan garen saretzen. Hainbat estatistika ditugu jada webgunean, eta herriarentzat tresna egokia da, ekarpen handia, eragileek eta norbanakoek jakiteko zer erabaki nahi duten herritarrek. Zaila izan da, amildegi teknologikoan erortzeko beldur ginelako, baina egia da orain arte oso emaitza onak ematen ari dela. Hiru aste daramagu martxan, eta orain arte 60 lagunek hartu dute parte.- Oarsoaldeko eta Bidasoko herrietan nola ikusten duzue piramidearen lehengo maila hori. Oinarri sendoa du? Anza: Gehiengo horiek izan badira Errenteria-Oreretan. Egia da orain arte beti bizi izan garela mokokako kultura horretan, eta inoiz ez dugula saiakerarik egin zerbait adostu, zoru komuna elikatu, eta benetan herritarrok bultzatutako herri proiektu hori aurrera eramateko. Gure Esku Dago kultura berri bat da, jarrera bat da, eta bilatuko dugu denen arteko kontsentsua. Gai izan gara, desadostasunak izanda ere, beste eragile sozial, politiko eta sindikalak batu eta proiektu baten barruan horiek guztiak lanean jartzeko. Uste dugu herri honek halako proiektua behar duela, eta egun, horretarako baldintzak oso egokiak dira. Herri honetan ez gara gai izan inoiz ezberdintasunak ditugunen artean proiektu komun bat aurrera eramateko, eta ezberdinen arteko konplizitateak sortzeko. Zailtasun handiak aurkitu genituen. Horregatik, hori lortzea bera, ezberdinak batzea, mugarri handia izan zen gure herrian, eta horrek ahalbidetu du gaur-gaurkoz ate gehiago irekiak izatea, eta jendearen borondatea eta prestutasuna izatea. Azkenean, horrelako proiektu bat gauzatzea. Behin erabakitzen hasten den orok, ez du utziko beste edonor erabakitzen bere ordez. Konponbideen arloan kokatzen dugu guk erabakitzeko eskubidea. Demokrazia batean, arazoak eta ezberdintasunak hautetsontzi baten inguruan konpondu behar dira eta herritarrek erabakiko dute. Errepresioak ez du ezer konpontzen, arazo gehiago sortzen ditu. Guk jendeari bere arazoak konpontzeko tresna eman nahi diogu. Otaegi: Demoarsok Oarsoaldean galdeketa egin zuenean, jende guztiak nahi zuen parte hartu, eta sortu ziren sareak, auzoen arteko taldeak, izugarriak izan ziren, jendea beti zegoen prest lanerako. Oso esperientzia aberatsa eta polita izan zen, bai herritarrekin baita alderdi politikoekin ere. Gure Esku Dago-k gune bat eskaintzen du jende guztiak parte hartu ahal izateko. Errepresioa ez dela konponbidea esan duzue. Kataluniara begira jarrita itxaropen bidea zabaldu dute, eta erabakitzeko eskubidearen aurka errepresioa erabili du Espainiako Estatuak. Zein irakurketa egiten duzue egoeraz? Otaegi: Herritarrak izan dira mugitu direnak Katalunian eta behartu dutenak egoera hori ematea. Anza: Kataluniako esperientziak agerian utzi du egungo marko politikoak dituen gabezia eta mugak. Joko demokratikoan parte hartu dute kataluniarrek, irabazi dute eta emaitzek ez dutela balio erantzun diete. Zer demokrazia klase da hori? Kataluniako prozesuak eztabaida zabaldu du mundu osoan, eta halako iraultza demokratikoak garatzen doaz. Kataluniarena lehenengo urratsa izan da eta ezbaian jarri dutena honakoa da, ‘zu zein zara niri esateko nik ezin dudala erabaki’. Iraultza demokratiko hori hedatzen ari da beste herrialdeetara, eta nik uste dut datozen urteetan halako kasu gehiago ikusiko ditugula. Ikusi dugu zein estatu dugun parean, zein Europa dugun, eta agian katalanak eten batean daude, baina beste lekutatik datozen bultzadek prozesu horiek guztiak indartu ditzakete esateko estatu ez demokratiko horri ‘zein zara zu esateko herritarrei ezin dutela beraien buruaren jabe izan’. Hori mahai gainean jartzeak zenbateko balioa duen kuantifikatzea ezinezkoa da. Euskal Herriak noiz erabakiko du? Anza: Zaila da, paradoxa bat dirudien arren, ez dagoelako gure esku data ematea. Gure esku dago prozesu hori bultzatzea eta agertoki horretara eramateko ahal dugun guztia egitea, eta hori da gaur-gaurkoz eskuzabalak izatea; eskuzabaltasunaren kultura hori zabaltzea, eta norberaren kezken gainetik herri proiektua jartzea. Gero erabakiko dugu bakoitzak zer nahi duen. Marko politiko berri hori ahalbidetuko duen erabakia denon artean gauzatzea da lehenengoa, eta zer da justuagoa, gehiengoak nahi duena errespetatzea baino? Erdigunean dagoena da nork erabakiko duen, ez zer. Herritarrok erabakiko dugu? Benetan egungo marko eta antolaketa sozialak dituen muga guztiak gainditu nahi ditugu eta zerbait berritzailea eta egokia sortu nahi dugu? Gu horretara goaz, eta horretarako, erdigunean jarri behar ditugu herritarrak. Zein da Errenteriako-Oreretako GED iniziatibaren hurrengo mugarria? Otaegi: Etzi [igandea] giza katea aurkezteko egingo dugun batzarra. Bertan jakinaraziko dugu zein lekutan tokatu zaion egotea Errenteria-Oreretari, eta ez dugu ezer aurreratuko, sorpresa delako. Bilera Niessen Kulturgunean izango da 12:00etan eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera, mereziko duelako. Anza: Garrantzi handia izango du guretzat giza kateak, 2.000 lagun lortu behar ditugulako herrian. Erronka handia da, ibilbidearen 4 kilometro osatu behar ditugulako. Lan handia duzue aurretik, beraz. Anza: Bai, ingeniaritza soziala egitea dagokigu jendearengana iristeko. Ahoz ahokoa landu behar dugu, kuadrillaka, eta saretzearen garrantzia hori katalanetatik jaso dugu. Otaegi: Hurrengo mugarria Klik Eguna izango dugu, maiatzean. Herritarrengandik bildutako arrazoiak kalera ateratzeko eguna izango da. Anza: Irunen egitea aurreikusi dugu, uste dugulako indar berezia egin behar dela galdeketa egingo duten herrietan eta aproposa iruditu zaigu horrelako jarduera batekin indartzea. Lan izugarria egiten ari dira Irunen eta indargune bat izatea nahi dugu. Zer dagokie herritarrei erronka honetan? Otaegi: Parte hartzea. Anza: Protagonista izatea. Benetan zure arrazoiak eta herritarren erabakitzeko nahi hori erdigunean jarri eta protagonista izatea, zu izatea zure buruaren jabe. Giza kateak erakutsiko du norberak duen garrantzia, zu ez bazaude ez da lotuko, eten egingo da katea. Norberaren garrantzia, norbera protagonista sentitze hori, eta norbera kontziente izatea bere inplikazioak duen garrantziaz. Herritarra da protagonista zalantzarik gabe, eta bere konpromisoak izugarrizko garrantzia dauka, batez ere, etorkizunari begira.