Haatik Dantza Konpainiak 'Lau eme' ikuskizuna aurkeztu du 'Bakardadeak' argazki erakusketaren inaugurazioan.
Virginia Gil Couso argazkilari pasaitarraren
Bakardadeak argazki erakusketa inauguratu dute gaur eguerdian Zirizan, oso ekitaldi berezian. Inaugurazioa laguntzeko Haatik Dantza Konpainiak,
Lau eme, bere hurrengo ikuskizuna izango denaren aurrerapen bat aurkeztu du. Bi ekitaldiak Pasaian Martxoaren 8aren testuinguruan antolatutako egitarauaren barrukoak dira.
Bakardadeak erakusketako argazkiak Europako zenbait hiritan egindakoak dira, eta baztertutako pertsona askoren bizitza islatzen dute: etxerik gabekoena, errefuxiatuena, prostitutena… bereziki emakumeek pairatzen duten gizarte bazterketa salatzea da, hain zuzen, erakusketaren helburua.
Gil Cousok azaldu duenez, berarentzat oso erretratu garrantzitsuak dira guztiak, eta argazki bakoitzaren atzean dagoen historia azaldu die ondoren inaugurazioan bildutakoei. Bankuan bizi zen toxikomanoarena, Londoneko metroan hara eta hona eskean zebilen elbarriarena, gerrako haurrarenak… ez dira ez, inor epel uzteko modukoak argazkiak.
Erakusketa apirilaren 8ra bitartean egongo da zabalik, asteazkenetik larunbatera 18:30-20:30 bitartean, eta igande eta jaiegunetan 11:30-13:30tara.
‘Lau eme’
Virgina Gil Cousok erakusketa aurkeztu aurretik, Haatik konpainiako dantzariak lantzen ari diren lanaren aurrerapen bat aurkeztu dute Zirizan bertan. Tamaina handiko zuri-beltzezko argazkien testuinguruan, ederra ikus zitekeen emanaldirako propio atondutako agertokia.
Lau eme, lau emakume, lau dantzari kantari… Emanaldia bukatuta ikusleekin bildu dira dantzariak, sortze prozesuari buruzko denak ikusleei gerturatzeko gogoz, galderak erantzun eta eta bide batez, sortze prozesuan dagoen lanarentzat ekarpenak biltzeko.
Bien bitartean, Pasaian,
Martxoak 8ko egitaraua aurrera doa. Gaur bertan, 19:00etan, bakarrizketa eta pintxo jatea antolatuta dago San Pedroko Antxeta elkartean.