Kalitate goreneko musika, gertu gertutik
Kamera Musikaren VII. Astea antolatu dute, astelehenetik ostiralera.
Urteroko zita da duela zazpi urtetik. Pasaiako Musika eskolak eta Musikenek Kamaren Musikaren Astea antolatu dute aurten ere Trintxerpen, eta honenbestez, musika zaleak luxuzko aukera izango dute aukeran egunero. Kontzertuak izango dira arratsero, alkateordetzan, 19:45ean. Sarrera, kontzertu guztietarako, debaldekoa izango da. Euskal Herriko musika ikastegiko ikasleak izango dira programazioaren protagonistak, eta aukeran, aurten ere, askotariko musika estiloak. Jazza, saxo boskote bat, kantu kontzertua bat… Errepertoriotan ere, denetarik, klasikoa eta garaikidea, guztia uztartuta. Lehengo ostiralean aurkeztu zuten Kamera Musikaren Astea, musika eskolan, eta bertan izan ziren kultura zinegotzi Mirian Cano, Musikeneko arduradun Maria Jose Cano, eta Pasaiako musika eskolako zuzendari Gorka Miranda. Musikeneko ordezkariak eskerrak luzatu zizkion Pasaiako Udalari, urtero egiten dieten harrerarengatik. Musikeneko ikasleentzat Pasaiako zikloa bezalakoek duten garrantzia nabarmendu zuen Canok, beren formaziorako gelatik kanpo kontzertuak eskaintzea funtsezkoa dela goraipatuz. Aurtengo programazioaren nondik norakoak azaldu zituen ondoren Musikeneko arduradunak, eta desio batekin amaitu zuen bere hizketaldia: “Pasaitarrak etortzea eta gure musikarekin oso ondo pasatzea”. Norabide beretik, Pasaiako musika eskolako zuzendari Gorka Mirandak, herritarrak kontzertuetara biltzera animatu zituen, “musika gertu gertutik bizitzeko aukera paregabea” dela nabarmenduz. Herritarrek izan ditzaketen beldurrak uxatzea aldera, kamera musika “ortodoxoa” izatetik urruti, oso formatu gertukoa eta eskuragarria dela goraipatu zuen. “Ordubeteko kontzertuak dira, eta musika oso atsegina eta aberatsa, jende gazteak sortua”.