Touring Berria plataforma aurkeztu zuten atzo. Klubaren gainbehera gelditu nahi du proiektu berriak, eta ilusioz berreskuratu Touringaren izen ona.
Touring Berria plataformako kideak.
Touring Kirol Elkartearen egoera larria ageriko sekretua izan da atzora arte. Bolo-bolo ibili da, ahoz aho, baina atzora arte ez zuten publiko egin. Touring Berria plataformak eman du egoeraren berri atzo leporaino bete zen Xenpelar Etxean egin zuen aurkezpen agerraldian. Plataformaren izenean mintzatu ziren Mikel Azkune, Asier Yerobi, Xabier Egibar eta Txema Fraile kezkatuta azaldu ziren Touring Kirol Elkarteak bizi duen egoerarekin, “triste, tamalgarri, zail eta batez ere kezkagarria da klubaren egoera”.
Aspalditik daudela kezkatuta erantsi zuen Azkunek euskaraz irakurri zuen oharrean, “klubaren egoera arlo ezberdinetan oso kezkagarria delako, bai talde ezberdinen kirol maila eskasarengatik, baita futbol eskolaren egoera txarrarengatik ere”. Herri osoaren ahotan dabilela gaia esan zuten, eta aurretik aipatutako guztiek eraman dituztela Touring Berria plataforma sortzera, “kirol elkartea berbideratzeko, egungo ereduari alternatiba eskaintzeko, eta ilusioa sortzeko berri ere”. Hainbat arlotako jendea bildu da plataformaren bueltan, klubeko bazkide, guraso eta jarraitzaileak, eta hausnarketa egin dutela klubaren egoeraren gainean jakinarazi zuten, “gure ezagutza eta lana klubaren zerbitzura jartzera gatoz”.
“Eutsiezina”, hala definitu zuen Azkunek klubaren egoera: “Ezin du horrela jarraitu denbora gehiagoz”. Klubaren “axolagabekeria” agerikoa izan da azken urteetan plataformarentzat, eta horren adibide joan den ekainean Touringen lehen taldearekin eta entrenatzaile egiturarekin gertatutakoa jarri zuten: “Lehen eta bigarren taldeko jokalarien %90etik gora alde egin zuen klubetik, baita entrenatzaileen egitura ia osoak. Une honetan oinarrizko futbol kategoriek ez dute kirol koordinatzailerik, ezta babesik ere”. Futbol Eskolaren egoera ez da hobea, eskolaren koordinatzaileak dimisioa aurkeztu zuen duela hilabete batzuk, eta gurasoek atsekabez bizi dute egoera. Gainera, emakumeen futbola ez dela behar adina babesten eta sustatzen egungo zuzendaritza batzordearen aldetik dio plataformak. Egoera horrek, klubak desagertzeko duen arriskuak, eraman ditu plataforma sortzera.
Leporaino bete zen Xenpelar Etxea.
Arrazoi nahikoak izan daitezke aurrekoak, ez dira, ordea, bakarrak. Klubaren egoera ekonomikoaren berririk ez dute, “jasotzen den informazioa oso eskasa da, eta aurreikusi daiteke egungo zuzendaritzak ez duela, gainera, jarrera aldatzeko inongo asmorik”. Bazkidetza berririk ere ez dute onartu azken asteetan, eta plataformak atzo egin zuen agerraldira bertaratutako lagun batek baino gehiagok salatu zuen ezin izan duela bazkidetzarik egin, ez diotelako erantzun. Egoera larriaren azken erakusle, berriz, Touring elkartearen talde nagusiak jokatu dituen azken bi partidak: “11 jokalari elkartzeko arazoak izan dituzte, eta lortzeko, klubak ez ditu bide batere gomendagarriak erabili. Argi dago klubaren arduradunek horren guztiaren aurrean ez dutela erantzun egokirik eman, eta horrela jarraitzen badu, klub historikoa izan arren, desagertzeko arriskuan dagoela Touring Kirol Elkartea”.
Zuzendaritzaren dimisioa
Proiektu berria, energia berriak eta ilusioa; gauzak egiteko beste eredu bat: emakumeen kirola sustatuko duena, euskarari garrantzia emango diona, gardena eta parte hartzeari ateak zabalduko dizkiona da Touring Berria plataformak atzo aurkeztu zuena. Eragiteko bidea zabalik behar dute, ordea, eta saiatzen ari badira, egungo zuzendaritza batzordea ez dagoela prest dimisioa aurkezteko esan zuten. Izan ere, hori eskatzen diote egungo zuzendaritzari, dimisioa aurkez dezala, eta plataforma osatzen dutenei bidea zabaltzeko Touring Kirol Elkartea amildegitik ateratzeko berandu baino lehen. Hori lortu ezean, zentsura mozioa aurkeztuko dute ezohiko batzarrean, eta dagoeneko 100 bazkideren sinadura lortu du Touring Berria plataformak (300 ditu kirol elkarteak), bi astez ahoz aho eta sare sozialen bidez egindako lanari esker. Ez dute lan erraza izan, ezta bazkide guztiengana iristeko aukera ere, “zuzendaritzari zerrendak eskatu badizkiogu ere, uko egin diolako”.
Zuzendaritza aldatu nahi dute, eta lanean hasi: “Gure proiektua argi dugu, berritzailea da, eta Errenteria-Oreretako jendea ilusionatu nahi du”. Horri begira ez dira esku hutsik ari, plan estrategikoa eta bide orria garatu ditu plataformak, “itxaropena sortzen duen Touring berria sortu nahi dugu, bere garaian elkarteak zuzen ospe handia berreskuratuko duena, gardentasuna, lana eta ilusioa oinarritzat hartuz, eta beti ere, herriaren parte hartzea sustatuz”.
Kluba sendotu
Egibarrek zehaztu zituen plan estrategikoaren ildo nagusiak. “Kudeaketa eskuratzen badugu, lehen lana klubaren egoera aztertu eta neurri urgente batzuk hartzea izango da: datorren urtea ongi planifikatu, eta jokalari eta entrenatzaileen estruktura sendotzea. Hori eginda, urte amaieran, plan estrategikoa bazkide, guraso eta jarraitzaileekin partekatu nahi dugu eta ekarpenak jaso. Kluba sendotu behar dugu eta hortik aurrera eraiki beste guztia, eta horretarako ezinbesteko da birdefinitzea kirol eredua eta kudeaketa egitura, Touring XXI. mendeko kluba egiteko”.
Fraile, Yerobi, Azkune eta Egibar.
Emakumeen kirola sustatzea ezinbestekotzat jo zuen Egibarrek, “orain arte egin dena baino askoz ere gehiago, gizonen kirolak dituen bitarteko berak eman behar dizkiogu, apustu handiagoa egin”. Errenteriaren bizitza sozialean txertatzea kluba ere ezinbestekotzat jo zuen, “jauzi garrantzitsua egin behar dugu harro sentitzeko ez soilik taldeek lortzen dituzten emaitzengatik, baita gauzak egiteko dugun moduagatik ere”.
Kluba euskalduntzea plataformaren beste erronketako bat, eta lehentasuna, “barne harremanetan zein kanpo harremanetan eta zer esanik ez zelaietan. Kirola euskaraz egin behar dugu, euskaldundu. Ardura bat dugu eta erantzun egingo diogu”.
Egungo lehendakaria aurkezpenean
Jende ugarik egin zuen bat Touring Berria plataformaren deialdiarekin. Realean aritu aurretik Touringen jokatutako historiko bat behintzat ere izan zen, Alberto
Bixio Gorriz. Realeko jokalari izan zen 1979ean hasi eta 1993a bitarte. Atzelari postuan jokatzen zuen eta Agustin Gajaterekin batera bikote gogoangarria osatu zuen. Realarekin partidu gehien jokatu duen pertsona da (461).
Errenteria-Oreretako hainbat esparruetako beste aurpegi ezagunak ere izan ziren atzo. Touringen egungo presidente Paco Arrillaga ere izan zen publiko artean, eta aurkezpena amaituta hitza hartu zuen, “Touringen egoera kezkagarria ez da azken hiru urteetako kontua, aspalditik dago egoera horretan, baina batzarrak egiten ditugunean, hamar lagun baino ez dira azaltzen. Erraza da plataforma bat sortzea elkarte bat hondoratzen ari denean, nahiago nuke lau sortzea. Baina arrazoi asko daude Touringen egoeraren atzean, ez bakarrik zuzendaritza. Egoera baliatzen ari zarete”.
Gorriz, argazkiaren erdian bi herritarrekin hitz egiten.
Egibarrek erantzun zion Arrillagari eta trantsizio lasaia egitea eskatu zion, “orain aukera dugu ondo egiteko. Kudeatzaileak ezin dio kudeatzen duen hari leporatu ondo ez joatea, batzuetan gauzak gaizki ateratzen dira, baina birbideratzeko aukera dugu. Etorkizunari begira jarri eta gatazkatsua ez den irtenbidea aukeratzea duzue, zentsura moziora heldu gabe, egungo zuzendaritzak traspasoa txukun egiten baduzue. Lekukoa hartu eta lanean hasteko prest gaude, zabaldu bidea guri”.
Eztabaida sortzea ez zen atzoko agerraldiaren helburua, eta hala esan zuten Touring Berria plataformako kideek: “Ilusioa sortzera gatoz, bazkideei erakustera proiektua dugula, herriko neska-mutilek egunen batean helduen Touringeko kamiseta janzteko ilusioa izan dezaten. Plataformak zabalik ditu ateak gurekin lan egin nahi duen ororentzat”.