Oiartzungo Ernaik eta Oihartzun Guk-ek akelarrerako motorrak berotzeko gaualdia antolatu dute
Dantzall Sound izango da pintxatzeko ardura izango duenetako bat.
Ernai eta Aitzina erakundeek antolatzen duten Gazte Akelarrea ate joka da. Hilaren 30etik apirilaren 1era ospatuko dute Oiartzunen (
hemen ikus daiteke egitaraua), eta Oiartzungo bi gazte mugimenduk —Oihartzun Guk eta Ernaik— motorrak berotzen hasi nahi dute. Pasa den ostiralean egin zuten lehen saioa, Oarsoaldeko eta Bidasoko Ernaik antolatuta, Sorgin Gauarekin.
Larunbat honetarako arrats eta gau pasa antolatu dute. 19:00etan hasiko da, poteo-ginkana musikatuarekin. Potte tabernatik aterako dira. Zintzurrak bustita, afaltzeko ordua 21:30ean jarri dute, Kataxulo Gaztetxian. Sorgin Zulo tabernan eros daitezke sarrerak, zazpi euroren truke.
Gaztetxean bertan, otordua eta gero, dj-en txanda izango da. Urbi Selektah eta Dantzall Sound egongo dira plateretan.
Bestalde, Oihartzun Guk-ek igande arratsalderako musika akustikoko saioa antolatu du. 18:00etan izango da, Kataxulon bertan.