Intxaurrandieta eta Errazkini elkartasuna eta babesa adierazteko bi elkarretaratzera deitu du Lezoko EH Bilduk biharko: 12:00etan eta 19:30ean.
Errazkin eta Intxaurrandieta, lehen planoan.
Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohia, eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu izandako azpeitiarra Madrilgo Kontu Auzitegian epaituko dituzte bihar. Egungo GHK-k jarritako salaketa aztertuko dute, 2013an errauste plantaren lanak geldiarazteagatik. Intxaurrandieta eta Errazkini errauste planta geldiarazteak sortutako kalte ekonomikoak, 40 miloi eurotik gora, bi auzipetuek bere gain hartzeko eskatu du GHK-k.
Intxaurrandieta eta Errazkini elkartasuna eta babesa adierazteko bi elkarretaratzera deitu du Lezoko EH Bilduk biharko. Lehena 12:00etan egingo dute Gurutze Santuaren plazan; leku berean izango da bigarrena, 19:30ean, baina azken hori zaratatsua izango da, eta horren harira, zarata egiteko tresnak etxetik eramateko eskatu diete herritarrei. Arratsaldeko elkarretaratzean gainera, Intxaurrandietak hartuko du parte, eta epaiketaren nondik norakoak azalduko ditu.