Maiatzaren 17tik 21era bitartean egingo den jaialdian joko duten taldeen zerrenda aurkeztu dute gaur.
Antolatzaileak gaurko aurkezpenean, programatutako musika iragartzeko landu duten kartela atzean dutela.
Kiko Veneno ostegunean, Anne Etchegoyen eta Maika Makovsky ostiralean, eta Iñigo Serrulla, Rural Zombies eta Morcheeba larunbatean. Horiexek Pasaiako Itsas Festibalaren barruan programatu dituzte kontzertu nagusiak.
Gaur aurkeztu dituzte, aldundian, Albaolako presidente Xabier Agote, Pasaiako alkate Izaskun Gomez, kultura diputatu Denis Itxaso eta Get In musika enpresako Iñigo Argomaniz bertan zirela.
Argomanizek azaldu ditu kontzertuen gaineko guztiak. Iragarri duenez, hiru agertoki atonduko dituzte. Bat San Pedroko Arrunlari kalean egongo da, eta han joko du Kiko Venenok, festibalaren lehen egunean, maiatzaren 17an,
Hermione ontzi ikusgarria porturatu eta ordubetera. Aspaldi ez zuen jotzen Kiko Venenok inguruan, eta festibalaren lehen egunean publikoa erakartzeko moduko apustua dela adierazi du Get In-eko buruak, artistaren ibilbide oparoa nabarmenduta.
Donibanen atonduko dute bigarren agertoki bat, Bizkaia Plazan, eta han joko dute ostiralean, maiatzaren 18an, Anne Echegoiyenek eta Maika Makovskik. Bi emakumea “indartsu” agertoki berean elkartzea propio erabaki dutela azaldu du, bide batez, Argomanizek.
Agertoki nagusiena eta handiena, berriz, Trintxerpen jarriko dutena izango dela ohartarazi dute. Esan dutenez, 4.000 edo 5.000 lagun inguru hartzeko gaitasuna izango du Hospitalilloan atonduko duten kontzertu guneak eta audio eta argiteria aldetik “muntaia aparta” izango dela iragarri dute. Han joko dute, maiatzaren 19an, Iñigo Serrullak eta Rural Zombies taldeek, biak disko berriak aurkeztuko. Horiez gain Morcheeba taldea izango da gaueko izarra, Pasaiara biltzen diren denak dantzan jartzeko asmoz.
Hiru kontzertuak 21:00etan hasiko dira eta hirurak doan izango dira.
Tokiko musikari aitortza
Horiek programatutako talde izarrak, baina ez bakarrak. Iragarritakoez gain festibalaren data hurbildu ahala sorpresa gehiago egongo direla agindu dute, eta Pasaiako alkate Izaskun Gomezek, herriko talde, elkarte eta eragileen laguntzaz programatuko dituztenak nabarmendu ditu, “ekarpenak eskertuz eta balioan jarriz”.
Gomezek iragarri duenez, Trintxerpeko Abesbatzak kontzertuak eskainiko ditu San Pedron eta Trintxerpen, eta herriko musika eskolak antolatuta txistularien alardea ere izango dela iragarri du.
Horiez gain, Dantza Solte Txapelketa, Juan Mari Beltranen kontzertua, Baionako Errobi Kanta koruaren eta Gaztelubide elkarteko Gaztaina Orfeoiaren emanldiak eta Arrantza Sozial Abesbatzaren parte hartzea iragarri ditu Gomezek.
Pasaitarrei zein Pasaiatik kanpokoei Festibalera egunero gerturatzeko gonbidapena luzatuz bukatu dute aurkezpena, eguraldia hobetuko denaren itxaropenaz, eta autoak baztertu eta garraio publikoa erabiltzeko erregutuz.