Bizikletaren Munduko Eguna da gaur, eta ospakizuna baliatu dute Pasaia-Arditurri bidegorrian lehen kartel informatiboa jartzeko.
Izaskun Gomez eta Marisol Garmendia bidegorreitan jarriko dituzten kartel informatiboen aurkezpenean, Pasai Antxon.
Pasaia-Arditurri bidegorriaren lehen informazio kartela Antxon jarriz ospatu du gaur aldundiak Bizikletaren Munduko Eguna. Goizean aurkeztu dute iniziatiba, kartel informatiboa jarri duten tokian bertan, Pasaiako alkate Izaskun Gomezek eta Mugikortasun diputatu Marisol Garmendiak.
Ibilbidearen kilometro kopuru totala ez ezik, udalerri batetik bestera dagoen kilometro kopurua, iturriak, atsedenguneak, turismo bulegoak, eta garraio publikoarekin bestelako loturen berri jasoko dute kartel berriek. Mugikortasun diputatuak jakinarazi duenez, bizikletentzako ibilbide guztietan jarriko dituzte halako kartel informatiboak.
Garmendiak nabarmendu duenez erakundeek bizikleta garraiobide gisa bultzatzeko erabakia hartua dute, eta panel informatiboak jarriz, erabilera hori erraztu eta indartu nahi dutela gaineratu du.
Horrez gain, Arditurriko bidegorria asko erabiltzen dela nabarmendu du Marisol Garmendiak, hiri-erabilerarako ez ezik, burdinbide berdearen zati bat bat hartzeak erakargarri egiten duelako erabiltzaileentzat.
Sarea osatuz
Izaskun Gomez alkateak, norabide berean, Pasaian bizikletaren erabilera sustatu asmoz martxan diren iniziatibak goraipatu ditu, eta
Bizibadia bizikleten mailegu zerbitzuak udalerrian izan duen harrera ona goraipatu du.
Horrez gain, denborarekin bere asmoa badiari bira osorik emango dion bidegorri sarea lortzea dela adierazi du alkateak.