Ikuskizun batekin agur esan dute ikasle herbeheretarrek
Gaur itzuliko dira etxera Pasaia-Lezo Lizeoan eskola trukean izan diren ikasleak.
Bukatu da aurtengo eskola trukea. Roermond hiriko Bisschoppelijk College Broekhin institutuko ikasleak etxera itzuliko dira gaur, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleekin eskola trukean astebete eman ondoren. Atzo egin zuten agurtzeko jaialdia, cultural evening deritzana, Donibaneko Juanba Aretoan, herritar orori zabalik antolatutako ekitaldian. Oholtza gainetik, hango kultura eta ohituren berri, eta jolasak, kantak, eta nola ez hemen izan diren denboran bizitutakoen gaineko pasadizoak… guzti-guztiak ikasle bisitariek gidatuta, eta Lizeoko ikasleek guraso eta ikusleentzat itzulita. Izan ere, ingelesezko mintzapraktika egitea baita, besteak beste, eskola trukearen helburua. Orain dela 14 urte ekin zion Pasaia-Lezo Lizeoak Bisschoppelijk College Broekhin institutuarekin eskola trukea egiteari, eta ordutik urtero jasotzen du ikastolak ikasle herbeheretarren bisita. Ikasle atzerritarrek hemengo ikasleen etxeetan hartzen dute ostatu, hemengoak hara joatean egin antzera. Aurten urtarrilean izan ziren han Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleak. Igandean, Lizeo Eguna Ikasleak agurtuta, Lizeoak badu beste zita garrantzitsua aste honetan bertan. Igandean ospatuko du ikastolak Lizeo Eguna, eta azken txanpan, festaren antolakuntzan jarriko dituzte indar denak. Ikasle eta irakasleak aspalditik hasiak dira kanta eta dantzak entseatzen igandean aurkeztuko duten Emozioen Dantza ikuskizunerako. 12:00etatik hasiko da ikuskizuna, Donibaneko kiroldegian. Eta ondoren, han bertan, urtero legez, derrigorrezko omenaldiak: aurten, 1982ko promozioari, Batxillergoko 2. Mailako ikasleei, eta nola ez, erretiroa hartuko duten langileei. Ikuskizuna bukatuta Jaixkipe txarangak girotuko ditu bazterrak, eta mokadutxoa egitea egongo da gurasoek festarako propio antolatuko duten tabernan. Bazkaria ere izango da ikastolan, eta ondoren jolasak eta Tirri&Tery guateque.