Mikel Arrieta larri gaixo den preso oreretarra bisitatu du Julen Mendoza alkateak Algecirasko (Andaluzia, Espainia) espetxean.
Mendoza Algecirasko Botafuego espetxearen kanpoaldean. Argazkia: Herri Bizia
Mikel Arrieta larri gaixo den preso oreretarra bisitatu du Julen Mendoza alkateak Algecirasko (Andaluzia, Espainia) espetxean. Martxoko udalbatzak
aho batez onartu zuen larri gaixorik dauden Arrieta eta Aitzol Gogorza preso oreretarren gainean Sare Herritarrak aurkeztutako mozioa, eta horren harira, Arrietaren egoera lehen eskutik ezagutzeko bisita egin dio Mendozak euskal presoari.
Arrietaren kasua joan den abuztuan jakinarazi zuten. Aurretik gaixotasunaren zantzuak bazituen ere, orduan eman zioten diagnostikoa oreretarrari: espondilartropatia kroniko seronegatiboa HLA B 27 positiboarekin du. Algeciraseko espetxean da Arrieta Euskal Herritik 1.100 kilometrora. Gaixotasun larria, sendaezina, eta degeneratiboa da Arrietak pairatzen duena. Egoera horrek eta eragiten dizkion ondorioek eraman diote behin baino gehiagotan bere senitartekoen bisitei uko egitera, oinazea eragiten baitio bisita eremura joateak ere.
2000 urtean espetxeratu zuten Arrieta, eta azken urteetan Algecirasko espetxean dago. Lehen graduan sailkatuta dute preso oreretarra, eta isolamenduan dute.
Lehen aldiz aho batez
Martxoko plenoak lehen aldiz onartu zuen aho batez Arrieta eta Gogorza larri gaixo dauden euskal presoak aske uztea arrazoi humanitarioengatik. Alderdi politiko guztien adostasunarekin, nazioarteko estandarrak bete eta oso larri eta gaitz sendaezinak dituztenez hirugarren graduan sailkatu eta espetxetik ateratzea eskatu zuen plenoak.
Udalak jakinarazi duenez osasun egoeraren gainean galdetu dio Mendozak Arrietari egindako bisitan, baita egoera orokorraren gainean ere: “Arrietak interes handia azaldu du Errenterian bizikidetza arloan ematen ari diren pausoen gainean”.