39 sagardotegik hartuko dute parte erreferente bilakatu den sagardoaren festa handian. Jaiarekin jarraitzeko lekukoa hartuko duen jendea beharrezkoa da.

Iazko Sagardo Egunaren irudia. hamarnaka lagun Foru plazan goizeko saioan.
Sagardo Eguna egingo dute larunbatean Errenteria-Oreretan. Hogeita hamargarren aldia izango du honakoa, eta antolatzaileek bihar aurkeztuko badute ere, dagoeneko eman dituzte hainbat xehetasun. Goiz partean, Gorena markaren sagardoa dastatzeko aukera izango da, eta arratsaldean, berriz, Gipuzkoako sagardo Egileen Elkarteeko sagardotegiek eskainiko dute sagardoa: Aburuza, Araeta, Astarbe, Iparragirre, Bereziartua, Lizeaga, Petritegi eta Oiarbidek, zehazki.
39 sagardotegik hartuko dute parte erreferente bilakatu den sagardoaren festa handian. Edatekoaz gain jatekoa ere eskainiko dute Zumardian, eta Eusko Labelek bertako haragia prestatuko du mimoz, aurten ere, txahala erreko baitu Zumardian. Horrekin batera, Ataungo eta Oreretako talogileak, Aparola baserriko barazkiak, Usurbilgo eta Ermuako gozogileak, edota Lukugaraingo gaztak ere izango dute tartea sagardio egunean.
Aipamen berezia egin diete antolatzaileek Oreretako dultzaina jotzaileei, iparraldetik helduko diren gaiteroei, Oarsoaldeko txistulariei, Ereintzako dantzariei, Lezoko musika eskolako kideei, eta Andoni Elizondo eta bere trikiti taldeari, “urtero izaten direlako zintzo-zintzo Sagardo Egunaren festa girotzen eta edertzen”.
Herrigintza dago Sagardo Egunaren atzean, eta horri ere erreparatu diote antolatzaileek, “egun horrek badu beste ukitu bat, pertsona askoren borondatearekin, eskuzabaltasunarekin eta leialtasunarekin bete ditu hainbeste urte”. Pertsona horiei erreparatu diete eta “errespetua eta estimua” azaldu. Horren harira, gogoan izango dituzte bihar Arramendin egingo duten aurkezpenean aurten zendu diren Joxe Angel Parada, Paco Sanz eta Paki Perez, “sagarrondo gazte bat landatzea eskaini nahi diogu beren senideei, gure lur haueta susraitu dadin, maitasuna gugan barneratu eta sustraitzen den modura”.
Aurten omenduak ere izango ditu sagardo egunak. Otegi sagardotegia eta Orasoak omenduko ditu, eta bi horiek Antton Mendizabalek egindako eskultura jasoko dute eta sagarrondo bana landatu Arramendiko herri Sagastian.
Antolaketa utzi
Lagun askoren laguntza eta lan eskuzabalari esker bihurtu da Sagardo Eguna hitzordu ezinbestekoa Errenteria-Oreretan. Ehunka lagun, herrikoak zein inguruetakoak biltzen dira Zumardira, eta jaia posible egiteko hamarnaka lagunen lan boluntario behar izan da 30 urtez. Arramendin Sagardo Egunaren 30. aldia aurkeztu ondoren, beste agerraldi bat egingo dute antolatzaileek Donosti sagardotegian. Bertan, Sagardo Eguna antolatzeari utziko diotela jakinaraziko dute antolatzaileek. Hogeita hamaikagarrena egi bihurtzeko beraz, lekukoa hartuko duen uzta berria beharko da Sagardo Eguna mantendu nahi bada behintzat.