Adostutako akordioak errespetatzeko exijitu diote bildutakoek Sabadell banketxeari eta gogor salatu putre funtsei bezeroen prestamu paketeak saltzea.
Sabadell banketxearen aurrean egin du elkarretaratzea Stop Kaleratzeak plataformak.
Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzea egin du Sabadell banketxeak Errenteriako Biteri kalean duen egoitzaren aurrean. Adostutako akordioak errespetatzeko exijitu diote bildutakoek: “Sabadell banketxeak konfiantza eta segurtasun irudia saltzen duen arren, gezurretan eta adarra jotzen ari zaigulako, horretarako bere ordezkariei balioa kendu behar badie ere”. Izan ere, kaltetutako errenteriarrarekin bitan heldu da akordio batera banketxea plataformaren esanetan, baina bertan behera utzi du gero.
Gogor salatu du kaleratzeen aurkako plataformak “banketxe ia gehienen” politika “jasanezin eta antisoziala”: “Izan ere, kontsumitzaile eta autonomoekin hitzartutako prestamu pakete garrantzitsuak prezio baxutan saltzen dituzte, baina kontsumitzaile eta autonomo horien ahultasun egoerari irtenbide bat emateko inongo asmorik ez dute agertzen”. banketxe horien artean kokatu du Kaleratzeak Stop plataformak Sabadell banketxea. “Hurbiltasun irudia saltzen badu ere zerga paradisutan finkatutako elkarteekin miloi askoko transakzioak egiten ditu prestamu kontratuekin. Elkarte horiek, putre funtsa gisa ezagunak direnak, diru kopuru barregarriengatik erosten dituzte eta titularrak eginda zordunen aurkako jazarpen politikari ekiten diote egunero deituz, orduero, zorra kitatzeko eskatzeko”.
Errenteriar baten egoera da salatu dutena gaur, zehazki. Kaltetua autonomoa da eta familia enpresa txikiaren bidez erosi zuen etxebizitza eta lanerako lokala, “oparoaldi garaian lanpostuak eta aberastasuna sortu zituen, zergak ordaindu zituen, baita gizarte segurantza ere. Krisiak ordea, aurretik eraman zuen, beste asko bezala. Hipotekaren exekuzio prozeduran ordea, ezin zuen kontsumitzaile izaera defenditu, erosketak zuen pertsona bakarreko elkartearen bidez egin zituelako. Horrek, bere kontratuan zeuden abusuzko klausulek eragindako zorra handitzea ekarri zuen”.
Egoeraren aurrean, Sabadell banketxea “zorrotz” azaltzen dela esan du plataformak, “putre funtsei merkeago saltzen dizkie prestamu paketeak, baina ez kaltetuei, ez die horretarako aukera eskaintzen. Zergatik banketxeak funts putre bati kontratu bat balio duenaren %5ean saltzen badio, ez dio eskaintza bera egiten herritar bati, familia bati, Larratxo, Hernani edota Errenteriako autonomo bati?”.
Kaltetutako errenteriarraren prestamu kontratuak banketxeak putre funtsen baldintza beretan erosi nahi dizkiotela gaineratu dute, “beraiei eskaintzen dizkieten baldintza berak eskaintze nahi dugu, eta berehala gainera. Banketxeak prezioa jartze nahi dugu, putre funtsei jartzen dien prezioekin bat egiten duen eskaintza egitea nahi dugu”.
Plataformak goiz osoa emango du banketxearen aurrean kaltetuaren egoera azaltzeko, salatzeko, eta banketxeari hitza betetzeko exijitzeko, baina informazioa zabaltzeko ere baliatuko du elkarretaratzea, “hipotekarekin, banketxeekin, prestamuekin arazoren bat duen herritar oro animatu nahi dugu hurbildu eta informazioa eskatzera”.