Espainiako administrazio orokorrak helegitea jarri zion Donostiako auzitegiaren epaiari; apelazio hori ez dute onartu
Espainiako bandera kaletik modu argian ikusten dela argi utzi zuen sententziak.
Atzo arratsean egin zuten apirileko ohiko plenoa. Auzibide baten berri eman zuten, estatuko banderaren arautzeari buruzkoa. 2012ko irailean, bandera gorrihoria jartzeko agindua eman zuten auzitegi batek. Pasa den azaroan, bandera hori jartzen ez zelakoan, Espainiako administrazio orokorrak helegitea jarri zuen udalaren kontra. Hurrengo hilabetean, abenduan, Donostiako auzitegi batek erabaki zuen baietz, betetzen zutela. Ebazpen horri apelazio jarri zion Estatuko Abokatuak, baina ez dute onartu.
Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, bi koloretako bandera jartzeko betebeharra dagoela esan zuen. “Azken urteetan ia obsesio bihurtu da. Edozein arrazoi zela, balkoitik desagertzen zen aldiro, guardia zibilak etortzen ziren argazkiak ateratzera”, zehaztu zuen. Hori bai, argi utzi nahi izan zuen gauza bat: “Bandera jartzea ez dugu guk erabaki, eta jazarpena etengabea izan da”.
Oiartzuarrengandik hurbilago dauden gaiei dagokienez, pasa den astean
eskualdeko udalen eta aldundiaren artean Pasaialdea biziberritzeko hitzarmena izan zuten hizpide. Oiartzunen kasuan, Altzibar eta Karrika auzoak lotuko dituen bidegorriari diru partida bat bideratuko diote. Proiektua oraindik idatzi gabe dagoela jakinarazi zuen Leonetek, eta aurten egitea dela asmoa. Publikoan zeuden herritar batzuek eskatu zuten, proiektua gauzatu aurretik, eurekin hitz egiteko.
Beste puntu batean, Xorrola zerbitzua beste urte batez luzatzea erabaki zuten. Gainera, hirigintzari dagokionez, Ugaldetxoko etxadia eta bidegorria lotuko dituen pasabidearen proiektuan lurzorua okupatzeko urratsa egin zuten. Kontratazioa martxan jar daitekeela, eta proiekturako diru partida badagoela jakinarazi zuen alkateak.
Gai zerrendaren gainontzeko gai nabarmenei dagokienez, 2019ko jai egun ofiziala abuztuaren 3a izango da. Gainera, galde-eskeetan Eneritz Arbelaitz alkateordeak
San Markos Mankomunitatearen 2016ko aurrekontuak baliogabetzen dituen sententzia izan zuen hizpide.