Oiartzungo Herri Artxiboa sortzeko lanean hasi dira. Herriko ondare kulturalarekin datubase bat egitea da helburua, herritarren esku uzteko. Ondarearen berri izateko nora jo izango dute oiartzuarrek.
Aspalditik datorren eskaria da Oiartzunen herri artxibo bat egitearena. Ez da agintaldi honetako eskaria, baina aurten heldu diote horri. Josune Cousillas Kultura zinegotziak azaldu duenez, oiartzuar ugari gerturatu zaizkio ondarea artxibatzeko proposamenarekin: Iñaki Arbelaitz zena, Kattin Txikikoak, Mikel Mendizabal, Jose Mari Isasa… «Handik eta hortik tiraka, momentua iritsi da zerbait egiteko», nabarmendu du. Cousillasek, Jon Del Olmo ogasun zinegotziarekin batera, talde eragilea sortzen du beste hiru oiartzuarrekin: Suberri Matelo historialaria, Leire Mitxelena dokumentalista eta Eneko Salaberria. Azken horrek lan handia egin du Iñaki Arbelaitzekin, etxean duen ondarea sailkatzen eta Internetera igotzen. Familiak eskatu zion Arbelaitzen ondarea kudea zezan.
Taldetxo hori finkatuta, aurkezpena egin zuten duela aste pare bat. Erantzun oso ona jaso zuela adierazi dute. «Orain lanean hasi behar gara», berretsi du Cousillasek, «eta ikusi behar da jendea zein puntura arte dagoen prest inplikatzeko». Udalak jarraipen bat egin behar duela esan du: «Orain gu gaude eta gero beste batzuk etorriko dira. Garbi duguna da herritarrek ibili behar dutela horretan, beraiek elikatu behar dute. Gero ikusi behar da zer datorren: biltzeko maiztasuna, lanean ariko den pertsona bat kontratatu behar den…».
Oiartzunekin zerikusia duen ondare kultural oro jaso nahi dute. Izan daiteke oiartzuarrek eurek daukatena, edo izan daiteke beste herri bateko norbaitek Oiartzuni buruz duen edozer gauza. Del Olmok adibide bat jarri du, argitze aldera: «Arbelaitz zenak Argia aldizkariaren zenbaki guztiak ditu, baina bera oiartzuarra izan arren, ez da Oiartzuni buruzkoa. Beraz, ez da herri artxiboan sartuko».
Jasotzen dutenarekin zer egingo duten erabaki beharko dute. «Jasotzen dugun hori gordetzeko espazio fisikorik ez daukagu. Gordailu eta beste erakunde batzuk badaude… Baina hori beharraren arabera ikusten joango gara», esan du Cousillasek. Kultura zinegotziak onartu du gehien kostatzen dena hastea dela; behin dinamika batean sartuta, dena errazago joaten dela. «Ilusio handiarekin gaude. Gure herriko ondarea biltzera goaz, proiektu oso potentea da. Arlo horretan, gauza asko eginda daude, eta bildu behar dira. Eta ez daudenak, sailkatu, ordenatu, igo behar den tokira…».
Datubasea
Helburua jasotzen duten ondarea katalogo batean biltzea da, argitaratu eta oiartzuarren eskuetan uzteko. Horrekin batera, lotuta dagoen beste esparru bat izango dute esku artean, Del Olmoren arabera: «Gauzak biltzen hasten bagara, nora eraman izango da koska. Erakunde pila bat daude, eta hori egin behar dena da lotu. Eusko Ikaskuntza, Gordailua, Aranzadi, Ttur-ttur, Soinuenea, Eusko Jaurlaritza… Liburutegia eta udal artxiboa hor dauzkagu. Puzzle bat daukagu, eta piezak lotzen joan behar dugu». Horregatik erakunde bakoitzak zer eskaintzen duen ikusi behar dute. «Agian ez dugu hasi behar argazkiak igotzen; agian zerrenda eta katalogazio batekin joaten zara Eusko Ikaskuntzara eta beraiek eskaintzen dute zerbitzu hori. Gero herritarrak sartu eta ikus dezakete zer dagoen». Nora joan jakiteko Mitxelena eta Mateloren laguntza jasoko dute.
Cousillasek esan duenez, ondare guztiak ez du zertan Oiartzunen egon behar, edo udalak zaindu behar. Ildo horretan, adibide bat jarri du: «Agian etortzen zaigu baserri bateko norbait, duela ehun urteko erremintekin. Oso polita izango litzateke, baina ez dakigu non sartu, ez ditugu baliabideak. Igual fitxak egin behar dira argazki eta datuekin».
Oraingoz argazki, bideo, dokumentu eta multimediara mugatuko dira, bolumen handietan gordetzea eskatzen ez duten euskarriak, alegia. 2018ko udal aurrekontuetan 6.000 euroko partida dago herri artxiboaren proiektura bideratzeko, 12.000 eurora arte handitu daitekeena. Diru hori gastatu behar dela nabarmendu dute udaleko ordezkariek. Zertan? Erabakitzeke dago oraindik. Etxeko lanak izango dituzte, hurrengo urte sasoia iritsi aurretik. Cousillas:?«Aurrerapauso polita eman dugu. Orain definitu behar dugu, uda aurretik, urteko azkeneko hilabeteetan zer egin behar dugun».
Herri artxiboak zertarako balio dezakeen azaldu du Cousillasek: «Bide asko irekitzen dira horrelako kontu bat egiten. Ni irakaslea naiz eta, eskoletan, unitate didaktikoak egiteko garaian balia daiteke. Nik jakin nahi dut Oiartzungo pilota edo antzerkigintzari buruz; artxiboan sartu eta ikusiko dut. Ikasle oiartzuarrek DBH bukatzen dutenean zer jakin behar duten da kontua». Hori adibide bat besterik ez da.
Proiektua oiartzuarrena dela azaldu du zinegotziak: «Herritarren proposamenak entzun behar dira. Haiek dira elikatuko dutenak, eta esango dute zeintzuk diren lehentasunak».