Pasaian jokatuko da Euskadiko Kopako hurrengo proba, hilaren 27an.
K-1 seniorren podiuma, ezkerretik eskuinera, Aritz Araneta, Lander Rodriguez, eta Imanol Barrutabeña.
Ulibarri Ganboako urtegian asteburuan jokatu duten Euskadiko Itsas Kayakeko Koparen XIV. edizioko lehen estropadan Pasaia Kayak-ek taldekako proba irabazi du.
Lander Rodriguez palista pasaitarrak argi utzi du sasoian dagoela K-1 senior kategorian nagusitasun osoz irabazita. Hamahiru kilometroko ibilbidean minutu bat baino gehiagoko tartea atera dio bigarren tokian helmugaratutako piraguista zumaiarrari.
Zumaiarrarekin lehia estuan beste bi palista pasaitar aritu dira. Araneta anaiak gogor aritu dira azkeneraino, baina zumaiarrak ihes egin die azkenean. Aritz Araneta hirugarren izan da zumaiarrarengandik 3 segundo eskasera, eta Antton Araneta, berriz, laugarren 12 segundora.
K-2 senior kategorian Aitor Vilariño pasaitarra gailendu da, Donostia Kayakeko bere taldekide Imanol Burguerarekin batera. Bi segundo eskaseko tartearekin lortu dute garaipena, sprint ikusgarrian, K-2 zumaiarrarekin lehia estuan.
Historiako lehen garaipena
Taldeka Pasaia Kayak-ek lortu du puntu gehien – 84 puntu- Euskadiko Kopako proba bat bere historian lehen aldiz irabazita. Zumaiako Itxas-Gain bigarren izan da, 74 punturekin, eta Plentzia Piraguismo Taldea hirugarren, 50 punturekin.
Kopako hurrengo proba Pasaian jokatuko da, hilaren 27an, eta pasaitarrek aukera paregabea izango dute sailkapeneko lehen postuari eusteko etxean antolatuko duten proban.