Ate joka dira Mendekoste Jaiak, eta Zabarreren piratek herria hartuko duten eguna.
Xanti Val, Jesus Maria Martiarena, Noemi Arberas, eta Ainhoa Irazu.
Ate joka dira Mendekoste Jaiak, eta Zabarreren piratek herria hartuko duten eguna. Hilaren 18an hasi, ostirala, eta hiru egunerako egitarau zabala prestatu du jai batzordeak, adin guztietako lezoarrek eta kanpotik heldutakoek goza dezaten. Dagoeneko ohiko bihurtu diren ekintzak eta berriak ere izango dira aurten, jai egitaraua aurkezteko Jesus Maria Martiarena alkateak, Noemi Arberas Berdintasun zinegotziak, Xanti Val kultura teknikariak eta Ainhoa Irazu berdintasun teknikariak gaur egin duten agerraldian zehaztu dutenez.
Jai egitaraua osatzen eta hori aurrera eramaten lagunduko duten elkarte eta eragile guztiei eskerrak eman dizkie Martiarenak, eta Valek hartu du hitza ondoren, jai egitaraua aurkezteko. Mendekosteak Lezoko jai txikiak direla esan du Valek, “baina kuttunak, Zabarre heltzen delako bere piratekin herrira”. 32 ekintzekin osatu dute programa eta ekintzen artean batzuk nabarmendu ditu kultura teknikariak. Zabarreren ongi etorriarekin hasiko dira jaiak ostiralean (hilak 18), “urtero bezala jendetsua izatea aurreikusi dugu une hori, gainera aurten bereziagoa izango da”. Ez du horren gaineko, ezer gehiago esna, beraz berezitasunen berri izan nahi duenak bertaratu egin beharko du kairaino lehen eskutik ikusi eta bizitzeko piraten iritsiera.
Ostiralean bertan, orain arte bere aldetik egin dituzten bi afarik, bat egingo dute aurten lehenengoz, piraten afariak, eta gazte asanbladak antolatzen duenak, hain zuzen ere. Gurutze Santuaren plazan elkartuko dira guztiak, 400 bat lagun guztira.
Berrikuntzen artean mural margotzea aipatu du Valek. Lezo Herri Eskolako jolastokian margotuko dute Judas Arrieta artistak eta berarekin aurre lanketa egiten aritu diren hainbat ikaslek. Larunbatean (hilak 19) izango da ere musikarentzat tartea, eta Jaig eta The Graps gazte lezoarren kontzertuaren ostean, reggae gaua izango da. Emakume raketisten partida ere txertatu dute egitarauan eta ahien gaineko erakusketa ere. Azkenik, kale antzerkia nabarmendu du Valek, “Markeline konpainiak
Andante lana antzeztuko du. konpainia horrek Leioako umore azokan Euskadiko Kale Ikuskizunik Onenaren Saria jaso zuen 2015ean”.
Eraso sexistei tolerantzia zero
jaiak arduraz eta errespetuz bizitzera deitu du Irazuk, “jai euskaldun, jasangarri eta parekideak izan daitezen”. Eraso sexisten aurrean herritarrek jarrera aktiboagoa izan dezaten eta eraso sexistarik gabeko jaien alde egiteko, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina egingo du udalak. Horri begira, indarkeriarik gabeko gunea jarriko du Gurutze Santuaren plazan hilaren 18an, larunbata, 18:00etatik 21:00etara Emagin elkartearen eskutik: “Helburua eraso matxista, sexista, homolestransfobo eta arrazakeriarik gabeko jaiak aldarrikatzea da”. Herritar guztiak deitu dituzte karpatik pasatzera eta bertan banatuko diren txapak hartu eta jaietan soinean eramatea eskatu du udalak, “kartelak eta jaietako protokoloa ere banatuko dira”.
Jai parekideak leloa duen pankarta jarriko duela udalak alondegian gaineratu du Arberasek, “eta herritik ere kartelak jarriko dira jaiak giro parekidean bizitzea aldarrikatzeko”.
Jai batzordearekin eta emakumeen elkarteekin elkarlanean garatu duela udalak aurten egitaraua esan du Arberasek, “datozen urteetan berdin egiten jarraituko dugu geroz eta jai parekideagoak lortzeko”. Besteak beste, emakumezko pertsonaiak sortzeko aukera aztertzen hasi direla aurreratu dute udaletik.
Jai egitarauak bihar banatuko dituztela lezoarren buzoietan esan du alkateak eta jaiekin gozatzera eta “pasa gabe” ondo pasatzera deitu ditu herritar guztiak.
Egitaraua
Hilak 18, ostirala
- 17:45: Zabarreren ongietorria kaian.
- 19:00: Zabarre udaletxeko atarira helduko da. Jarraian Pirata Txikiek pregoia irakurri eta jaiei hasiera emango diete. Ondoren, Murixkaren agurra eta Munttar Txistulari Taldearekin eta Buruhandi eta Erraldoeikin kalejira izango da.
- 19:30: Ordiziako Umore Ona eta Lezoko Aiton Borda abesbatzen emanaldia Gezalan.
- 20:00: Preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea.
- 21:00: Piraten eta Gazte Asanbladako kideen afaria Gurutze Santuaren plazan. Amaieran DJ Iker eta jarraian. Dinbi Danba batukada herrian zehar.
Hilak 19, larunbata
- 09:30: Diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 09:30: Motozaleen elkarretaratzea.
- 10:00: Lezoko Herri Eskolako patioko murala margotzea.
- 12:00: Buruhandi eta Erraldoeikin kalejira Munttar txistulari taldearekin Bekoerrota kiroldegitik abiatuta.
- 12:00: XX. mende hasierako erromerien dantzak herrian zehar.
- 12:30: Kantujira Aiton Bordatik abiatuta.
- 13:00: Musika Eskolako Banda eta Lezoko Dantzazaleen emanaldia Gurutze Santuaren plazan.
- 14:00: Motozaleen bazkaria Saldise plazan. Bitartean motoak ikusgai.
- 16:00: Truk txapelketa Tiñelu elkartean eta Xake txapelketa Polentzarrene auzoan.
- 17:00: DJ Festa Karlos Saldise plazan.
- 18:00: XX. Sagardo Eguna Gurutze Santuaren plazan (eguraldi txarrarekin Saldise plazan). Hasieran, Lezoko Dantzazaleen Mahai gaineko dantza.
- 19:00: Buruhandi eta Erraldoeikin kalejira Munttar txistulari taldearekin Bekoerrota kiroldegitik abiatuta.
- 20:00: Zezen suzkoa Gurutze Santuaren plazan eta jarraian Orkestrina banda jazpana taldearen emanaldia.
- 23:00: Jaig taldea eta The Graps Lezoko Musika Eskolako taldeen kontzertua, Karlos Saldise plazan. Jarrain, Reggae Gaua: dantzall Sound, Polas Selektah, Sista Kata, eta Bad sound system.
Hilak 20, igandea
- 09:30: Diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 10:30: Pintxo lehiaketa haur eta gaztetxoentzat Karlos Saldise plazan. Jarraian euskal dantzak.
- 10:45: Emakume Rakestisten arteko partidua, Bekoerrotako kiroldegiko frontoian.
- 12:00: Herri kirolen erakustaldia Gurutze Santauren plazan. Joseba Ostozala harrian eta Manolo Kañamares eta Fausto Mugerza aizkora lanetan.
- 12:00: Buruhandi eta Erraldoeikin kalejira Munttar txistulari taldearekin Karlos Saldise plazatik abiatuta.
- 12:00: Triki-kantu poteoa Gurutze Santuaren plazatik abiatuta.
- 16:30: Altxorraren bila. Irteera Gurutze Santauren plazatik. Mozorrotuak joateko eskatu dute.
- 18:00: Pilota partida: alebinak eta amaieran helduak, Goiko Plaza frontoian.
- 19:30: kale antzerkia: Markeline konpainiaren Andante, Musika Eskolako plazatik abiatuta Gurutze Santuaren plazaraino.
- 21:45: Zezen suzkoa Gurutze Santuaren plazan musika eskolako bandak lagunduta.