Datorren astean asfaltatzeko obrak egingo dituzte auzoan; trafikoan beste aldaketa berri batzuk eragingo ditu
Karrikatarrek astebete itxaron beharko dute obrak bukatu arte.
Karrika auzoa eraberrituko duten lanak bukaerara iristen ari dira. Datorren astean sartuko dira azkeneko fasean, eta horrela, astelehenetik ostegunera errepidea asfaltatuko dute. Hori dela eta, beste aldaketa batzuk egongo dira trafikoan.
Astelehenean eta asteartean, Beheko Errotako aparkalekutik auzoko plaza arteko bidea moztuta egongo da. Horrela, plaza inguruko bizilagunek Beheko Errotako aparkalekuan utzi beharko dituzte beren ibilgailuak, egun osoan.
Azken bi egunetan, berriz, auzoko sarreratik, Larraldapatik itxiko dute bidea. Ondorioz, ostegun eta ostiralean auzotar guztiek larrialdi irteeratik ibili beharko dute. Aparkatzeko, berriz, Artaso elkarte ingurura jo beharko dute.
Asfaltatu ondoren, errepidea margotzeko lanak utziko dituzte datorren ostiralerako, eguraldiak laguntzen badu. Auzoko bidea trafikoari irekita egongo da egun horretan. Oinezkoentzako bidea, berriz, datorren astean moldatuta egongo da. Gainera, bidegorriaren eta Beheko Errotaren arteko bidea erabili ahal izango da plazara heltzeko.
Beraz, Karrikako bizilagunak normaltasunez ibili ahal izango dira hurrengo asteburutik aurrera.