Zailtasunak gaindituta lehiarako prest da Hibaika. KAE1 Ligakoa eta emakume seniorren ontziak arituko dira uretan. Azken hori zintzilikatzeko puntuan izan baziren ere, harrobiko arraunlari gazteekin berpiztu dute.
Iazko Kontxan aritutako emakumeen tripulazioko bi arraunlari baino ez dute jarraituko hastear den udako denboraldian.
Zailtasunekin ekingo dio udako garaiari Hibaikak. Bi ontzi izango ditu uretan, emakume seniorrena, eta KAE1 Ligan arituko den gizonena. Atzera begiratzea ezinbestekoa da, ordea, aurreko denboraldia amaituta, Emakume seniorren traineruak baja ugari izan zituelako. Taldeari eusteko harrobira jo du Errenteria-Oreretako arraun elkarteak, emakumeen trainerua zintzilikatzeko puntuan izan dira eta.
Hala aitortu du Javi Perez Hibaikaren presidenteak, «emakumeen traineruan izandako bajek traumatizatuago gauzkate. Gizonen taldean halako gorabeherak ohikoak badira ere, emakumeen taldea mantendu izan delako orain arte, homogeneoa izan da eta ez du halako egoerarik bizi izan». Bajen kolpea alde batera utzita, ilusioz begiratzen die ligei Hibaikak, «emakumeen trainerua bertan behera, zintzilikatzeko puntuan izan ginen, baina hor jarraitzen du eta lehian arituko da. Ez da gutxi».
Jende oso gazteak gidatuko du Maddalen ontzia, «etxekoak, aurre denboraldi osoa etxeko arraunlari gazteekin egin dugu, eta oso pozik gaude horrekin. Iaz kadeteetan eta gazteetan aritu zirenak igoko dira, eta ilusionagarria da». Arraunlari gisa «egitea», zailtzea falta zaiela aitortu du Perezek, «baina hori kategoria guztietan gertatzen den zerbait da».
Harrobiko neskez gain, errefortzuak ere jasoko ditu emakumeen traineruak udako denboraldirako.
Hibaikaren presidente da Perez, baita arraunlaria ere. Gizonen traineruan ari da, eta iaz igoera lortuta, KAE1 ligan arituko dira aurten Hibaikako mutilak. Bi erronka jarri zizkion elkarteak bere buruari iaz: lehena, emakumeek Kontxako bandera etxera ekartzea. Ez zen posible izan. Bestea, gizonak mailaz igotzea. Bigarren hori lortu zuten eta aurten hori izango dute helburu, KAE1ari heldu eta horri eustea.
Arraunlariak mantentzea
Ohikoa da gizonen kasuan talde erdia desagertzea, urtero egin behar izaten diotela egoera horri aurre esan du Hibaikaren presidenteak, «iazko taldetik zazpi arraunlarik jarraituko dugu aurten, eta beste guztiak berriak dira. Errefortzuak ere helduko zaizkigu Alacantetik. Etengabeko aldaketa horiek, ordea, ez dira mesedegarriak ontziarentzat, denboraldiro zerotik hastea eskatzen digulako, jendeari arraunean erakutsi edo taldea egokitzea, lantalde osatzea, finean».
KAE1era igota egoera aldatuko zela uste bazuen ere, ez dela horrela izan aitortu du, «pentsatzen duzu maila bat gora eginda jende gehiago etorriko dela, taldea ez dela desegingo, Hibaika erreferenteago izango dela arraunean hasi nahi dutenentzako, baina ez da horrela». Horren arrazoia zein den ez dakitela esan du, «arraunean hasi nahi duenak ziurrenik ez du pentsatzen Hibaikarekin, ez behintzat aukera errealena bezala. Izen handiagoa duten klubetara joatea ohikoagoa da, eta guk mutiletan ez dugu izen hori lortu oraindik». Lehen estropada hilaren 16an izango dute mutilek Portugaleten.
Emakumeen traineruan aro berria hasiko dute, baja asko izan dituztelako
Gizonen ontziaren helburua KAE1 Ligari eustea izango da
Negua gogor joan dela dio errenteriarrak, egun bakarrean ere ez dutelako lortu ontzia betetzea: «Kostatzen ari zaigu baldintza horiekin ontzian dinamika positiboa mantentzea. Pisuekin gabiltzan egunetan 7 edo 8 elkartzen gara, ontzia dugunean, berriz, 11. Egunero behar dugu jendea ontzian aritzeko, 13 lagunera iristeko».
Errefortzuak heltzea «positibotzat» jo du Perezek, «azkenean ona da jendea etortzea, tostan aritzeko jendeak borrokatu egin beharko duelako, postua finko duzunean jendea lasaitu egiten da».
Gogortasunak gogortasun, borrokatzeko prest direla dio, arraunean hoberena emateko, «helburua kategorian mantentzea dugulako». Ez dela erraza izango badaki, baina hori dute helburu, eta horretarako borrokatuko dira.
Zailena zer izango den galdetuta, zalantzarik ez du: denboraldiaren hasiera.
Formazioa helburu
Harrobiaz ere mintzatu da, eta arraunlari kopuruan behe kategorietan jaitsiera izan bada ere, haur eta kadete taldeak egoki ari direla lenean gaineratu du, «helburua da haur eta gazte horiek arraun munduan sartzea, lortzen dituzten emaitzetatik harago, irabaztea edo ez alde batera utzita, formatzea, gustura aritzea, arrauna barneratzea». Hori omen da emaitzarik handiena, neska-mutilek arraun egitea, eta horretan jarraitzea, «zailtzea arraunaren munduan, emaitza onik jaso gabe ere, gazte kaskagogorrak, langileak, jarraitzen duten kirolariak behar ditugu».
Afizioa gakoa da Hibaikaren historian, «hor daude beti jarraitzaileak gaudenean gaudela, eta eskertzekoa da benetan. Eskertzekoa da ere behe kategorietan lanean ari diren entrenatzaileen ekarpena, ez dago dirurik bi horien jarrera ordaintzeko».
Mutilen kasuan, jarraitzaileen babesa handiagoa izatea nahiko lukeela aitortu du Perezek, «zerbait faltan sumatzekotan hori da, gizonen trainerua pixka bat gehiago babestea, guk ere babes eta berotasun hori behar dugulako uretara irteten garenean».
Ateak ere zabaldu ditu Perezek, arraunera engaiatzera deitu ditu errenteriarrak, Hibaikara noski, «etxeko jendearekin atera behar direlako traineruak aurrera».
«Goian egon behar izatearen presiorik gabe, hoberena emango dute»
Gorka Barbado, Emakumeen entrenatzailea
Gorka Barbado emakumeen entrenatzailea.
Aurreko denboraldiaren amaieran baja asko izan zituen emakume seniorren traineruak. Ontzia zintzilikatzekotan ere izan zineten, baina uretan izango da Maddalen. Zein da egora denboraldia hastear denean?
Taldearen aldaketa drastiko bat izan dugu. Iazko Kontxako traineruko bi arraunlari baino ez dira gelditu, taldean aritu ziren gazteak, eta ordezkariren bat. Ia talde osoa joan zen. Kolpea izan zen, ezin da ukatu, baina ilusioz ekingo diogu udako denboraldiari, neska gazteekin eta kanpotik heldutako errefortzuren batekin lehiatzeko prest izango gara, orain arte bezala.
Eta zer gertatu da Kontxako trainerutik bi emakume bakarrik gelditzeko?
Ez dut galdera horren erantzuna. Batzuk nekatuta zeudela esan zuten, urteak eta urteak eman dituztelako; beste batzuk urrutitik etorri behar zuten eta hori ere eragozpen bilakatzen da denborarekin… Horrek, azkenean, domino efektua sortzen du, eta erortzen doaz.
Neska gazteak aipatu dituzu. Hibaikaren harrobikoak dira, bertan arraunean hasi eta formatu diren arraunlariak?
Bai, hala da, harrobiko neskak dira, eta horrek bere alderdi positiboa dauka, proiektu bat sendotzeko, finkatzeko. Azken batean oso garrantzitsua da beheko kategorietan jendea hazten jarraitzea, elkartean mantentzea eta traineruetara heltzea.
Denboraldia amaitu zenuten puntuan hasiko dute emakumeek denboraldia. Tripulazio berriarekin zein aukera ikusten dituzue gorenean mantentzeko? Zein helburu dituzue?
Gure helburua EuskoTren Ligan sartzea da. Horra iristea lortzen badugu, gozatzea, bai tripulazioak eta baita kanpoan estropadak ikusten ari direnak, goian egon behar izatearen presio hori gabe, baina anbizioarekin aldi berean. Orain arte bezala, hoberena ematera joango dira emakumeak.
Zer izango da udako denboraldiaren zailena?
Erregularrak izatea, zalantzarik gabe. Talde gaztea da, ez du esperientziarik, eta erregularrak izatea zaila izango da, asko kostako da egunero-egunero erregulartasun bat mantentzea.
Aitortzarik badu Hibaikako emakumeen lanak eta esfortzuak?
Lan horren aitortza badagoela uste dut, baina gure elkartea oraindik ere ez dute begiratzen kanpotik arraun elkarte handiak begiratzen dituzten moduan. Halere, poliki-poliki ari gara zabaltzen gure arraun elkartearen izena. Horretarako lanean jarraitzea dagokigu, orain arte egiten ari garen bezala.
«KAE1 Ligan mantentzea da traineruaren aurtengo helburua»
Alex Orena, Gizonen entrenatzailea
Alex Orena gizonen entrenatzailea.
KAE1 Ligan arituko da Hibaikaren ontzia eta hilaren 16an hasiko duzue udako denboraldia, zein da egoera?
Iazko taldetik baja asko izan ditugu eta uretan ibiliko dena talde berria da. Pixkanaka joan gara, negu oso gogorra izan dugu ez genuelako trainerua osatzen, %95ean ibili gara eta oraindik ere horrela gaude. Alacantetik sei arraunlari iritsiko zaizkigu orain, eta ea gora egiteko aukera txikiren bat daukagun.
Gainontzekoan, egindako lana ona izan da, arraunlariak ongi daude fisikoki, beraz, eragozpenak eragozpen, saiatuko gara maila ematen.
Iaz mailaz igotzea zen helburua, lortu zenuten. Aurten maila horretan mantentzea duzue xede?
Bai, hala da. Argi eta garbi mantentzea izango da denboraldiko helburua, eta denbora batzuen barruan ibiltzea.
Zer izango da zailena zuen ontziarentzat?
Zailena gure negua izan da, azkenean eragozpen handiena hor izan dugu jenderik gabe ibili garelako. Orduan, zailena orain lehen estropadetan burua edukitzea izango da, buruarekin lehiatzea, eta pazientziarekin, traineruak salto bat emango duelako, baino horretarako hotz izan behar dugu burua. Lehenengo estropadetan agian pixka bat atzerago ibiliko gara, eta gero jauzia egiteko aukera izango dugu.
Konfiantza horretan daukat, azkenean guk gure aukera izango dugu, eta hori baliatu behar dugu. Jendearekin oso pozik nago, arraunlariek oso ondo entrenatu dute, azkeneko unean arraunlari bat lesionatu zaigu eta horrek denboraldia galduko du, eta hori beste makilkada bat izan da guretzat. Halere argi dut taldeak baduela zer edo zer, burugogorrak gara, eskarmentua ere badago eta ikusiko da.
Zein izango da ligan zuen arerio zuzena?
Denak izango dira arerio. Gu ez gara goiko postuetan ibiliko hasiera batean behintzat. Orain dugun taldea hasieratik izan bagenu, denboraldi polita egiteko aukera izango genukeela uste dut. Ez da horrela izan, ordea, eta ahal duguna egingo dugu, dena emanda.
KAE1 Ligan jarraitzeko hiru traineru utzi behar dituzue atzean.
Bai, play-offa libratzeko bai. Halere ez dugu horretan pentsatu nahi. Lehenengo estropadetan ikusiko dugu non gauden, eta hortik aurrera jarriko ditugu helburuak, apalagoak edo anbizio handiagokoak. Hibaikak jarraitzen du eta zale guztien laguntza behar dugu.